Busturialdeko bertsolarien plaza bueltan da
18 bertsolariz osatutako Busturialdeko Bertsolari Txapelketa abiatuko dute barikuan, Muruetan. Eta, azaroaren 30ean Astran lehiatuko duten finalaren aurretik, Muruetakoaz gain, beste bi kanporaketa saio egongo dira: Belendizen eta Errigoitin.
Plazetan hartzen du bizia bertsolaritzak: bertsolariek gorpuzten dute gai jartzaileek ematen dien gaiai buruzko bertsoa, kantatuz, errimatuz eta neurtuz. Entzuleek gozatu egiten dute, eta epaileek baloratu. Bertsoarekiko zaletasuna bizirik dago Busturialdean, eta, horren adierazgarri da Lilibertsok antolatu duen eta barikuan (azaroak 8) Muruetan hasiko den Busturialdeko Bertsolari Txapelketa. Muruetaz gain, Belendizek eta Errigoitik ere hartuko dituzte kanporaketak, eta finala azaroaren 30ean izango da, Astran.
Bizkaiko Txapelketarako puntuagarria zen saio modura antolatzen hasi ziren eskualdeko txapelketa, baina txapelketarik ez dagoen urteetan egiten dute orain. Lilibertsok antolatzen du, txapelketa ofizialek duten lehiakortasun zurrunetik kanpo, bertsotan lagun artean lehiatzeko eta ondo pasatzeko. Bertsolariei plaza izateko aukera eta martxarekin jarraitzea eskaintzen die txapelketak, baina baita beste era bateko saioei indarra ematea ere. Ze, gertuko saioak izaten dira. “Gure helburu nagusia saio informalak egitea da, eta horretarako jotzen dugu txokoetara, txapelketek beti izaten dituzten irizpide zurrunetatik kanpo antolatutako lehiaketa bat izateko”, azaldu dute arduradunek.
18 izango dira protagonistak aurten, esperientzia desberdinetako bertsolariak. “Zortez” daudela diote arduradunek, bertsolariz inguratuta egotearren. Aurten ez da aurpegi berririk egongo lehiaketan, dagoeneko “denek kantatu” dutelako inoiz Busturialdeko Bertsolari Txapelketan: “Oso belaunaldiarteko txapelketa da gurea, zorionez. Badago jendea kantatu barik egon dena eta orain parte hartuko duena”.
Horrez gain, elkarlanean antolatutako txapelketa izango da barikuan abiatuko dutena. Izan ere, Lilibertsokoak arduratuko dira gaiak eta puntuak jartzeaz, eta epaimahaikide batzuk ere taldekoak izango dira, kanpokoen laguntzagaz. Hala, sei gai jartzaile ari dira lanean, denak eskualdekoak, eta horiek ari dira gaiak prestatzen. Hiru epaile ere bertaratuko dira, bat Busturialdekoa eta besteak kanpokoak. “Epaile guztiak bertokoak izatea zaila da, baina hau denon arteko elkarlana da, eta guretzako hori oso garrantzitsua da”, nabarmendu dute.
Hiru kanporaketa eta finala.
18 bertsolarik hiru saiotan banatuta botako dituzte bertsoak, saio bakoitzean sei bertsolari arituz. Irabazleak zuzenean sailkatuko dira azaroaren 30ean Astran lehiatuko den finalera, eta, gainontzeko finalistak puntuazioaren arabera erabakiko dira. Aurreko urteetan legez, aurten ere zortzi izango dira finalean egongo direnak; 2022an Aitor Etxebarriazarragak jantzi zuen txapela, 200 pertsona ingururen aurrean. “Finalean zortzi leku egongo dira oraingoan ere. Ahalik eta jende gehienari finalean kantatzeko lekua eman gura diogu, ze jendetza bertaratzen da. Erantzun ona izaten du Astrako finalak”.
Muruetak, Belendizek eta Errigoitik hartuko dituzte saioak, denak afalostekoak. Izan ere, Lilibertsok bertsoa eskualdeko txoko ezberdinetara zabaltzea bilatzen du, herritartasuna ere sustatzeko. “Lilibertsok eskualde mailan pilo bat saio antolatzen ditu, baina justu Errigoitiko eta Belendizeko txokoek eurek ere antolatzen dituzte saioak, euren kabuz, eta eskerrak horrelako ekimenak egiten dituztela; eskerrak guk antolatzen ditugunetatik aparte, beste jende bat ere badagoen saioak antolatzen. Eta justu Busturialdeko txapelketa etortzen denean, Errigoiti eta Belendizekoekin harreman zuzena daukagunez, elkarrekin antolatzen dugu”, azaldu dute. Eta, aurten, lehenengoz egingo dute Muruetan. Hitzarmena dute udalagaz eta bertan izango da lehen saioa, barikuan; 21:00etan hasiko da.
Saioetara bertaratzeko 688 62 65 04 telefonora idatzi edo Muruetako Udalera, Belendizko txokora edota Errigoitiko Ikuilu txokora hurbildu beharko da.
Afalorduko saioak izango dira kanporaketak, giro lasaian, baina ondo egiteko eta finalean egoteko helburuagaz ariko dira bertsolariak, horrek dakarren lehia puntuagaz. Hori horrela, hiruna bertso egin beharko dituzte ofiziotan, zortziko handikoan eta zortziko txikikoan, eta puntua emanda ere bertso bi bota beharko dituzte. Gero, bakarkakoa osatu beharko dute, objektua emanda, doinu eta neurri librean. “Gai jartzaileek objektu bat zehaztu eta horri abestu beharko diogu guk bakarkakoan”, esan dute.
Hala, ikusleei bertaratzeko deia egin diete, bertsoaz gozatzeko: “Gure helburu nagusia jendeari bertsoaz gozatzeko aukera eskaintzea da. Animatzen dugu jendea txokoetara joatera, ze giro ederra egoten da. Ze, beste era bateko aisialdi eredua da hau, eta nahi dugu sustatu gure herrietan dauden bertsozaleentzako bertsoaz gozatzeko eremuak”.
Diotenez, Gernika-Lumon edo inguruetako herrietan badago bertsozaletasuna, urte luzez sustatu dutena, eta mantentzen ahalegindu direna, eta hori biltzen du Astrako finalak. “Uste dut horren guztiaren arteko koktela izaten dela finaleko giroa. Hori bai, finalean beste seriotasun maila bat egoten da”, diote.
Oraindik ez dute esan txapela nork jantziko dion irabazleari, aurrerago jakinaraziko dute Lilibertsokoek, baina aurreratu dute Jokin Abaitua artista gernika-lumotarrak eskuz egindako lana emango diotela irabazleari, baita bigarrenari ere.
Finalaurrekoak
Murueta.
Azaroak 8. 21:00etan, Muruetako txokoan.
Bertsolariak: Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Beñat Bilbao Landa, Enare Muniategi Etxabe, Janire Arrizabalaga Munduate, Onintza Enbeita Maguregi eta Nagore Beitia Telletxea.
Belendiz.
Azaroak 15. 21:00etan, Belendizko txokoan.
Bertsolariak: Iker Uriarte Urrutia, Julen Ibarguengoitia Ordorika, Koldo Gezuraga Seijido, Lurdes Ondaro Mallea, Mikel Retolaza Etxebarria eta Xabier Enbeita Ibarra.
Errigoiti.
Azaroak 22. 21:00etan, Ikuilu Txokoan.
Bertsolariak: Ander Elortegi Garatea, Asier Galarza Garai, Eneko Aldana Carrasco, Gurutz Uruburu Ibarguengoitia, Ibai Amillategi Omaetxebarria eta Koldo Muñiz Aldamizetxebarria.