Busturialdean "ikasi, lan eta bizi"
Barrutialde Lanbide Heziketako komunitateak elkarretaratzea egin du, Busturialdeak bizi duen industria lanpostuen gabezia argitara emateko, eta horren aurrean aplikatu beharko liratekeen konponbideak proposatzeko.
Barrutialde Lanbide Heziketako komunitatea osatzen duten ikasleek zein irakasleek aldarrikapenerako deialdia luzatu dute, Busturialdean lanpostu industrialen gabezia dagoela azpimarratuz eta postu gehiago sortuko dituen prozesua abiatu behar dela nabarmenduz. Berriki, Barrutialde LHko lantaldea nahiz ikasleak zentroaren atarian elkarretaratzean bildu dira, bertan diharduten ikasleen nahiz profesionalen ikuspuntua aditzera emateko, Busturialdean ikasi, lan eta bizi lelopean.
Lehen eta bigarren mailakoen praktikaldia bertoko enpresetan egitea “oso gaitza”dela diote
Adierazi dutenaren arabera, gaur-gaurkoz, ikasleen praktikaldiari eragiten dion legedia Busturialdean aplikatzea “oso gaitza da”. Hain zuzen ere, lehen praktikaldia ikasketa prozesuaren bigarren urtera mugatzen zen, baina ez, ostera, gaur egun: bai lehenengo, bai bigarren urteko ikasleek, bietakoek, egin behar dituzte enpresako praktikak; gainera, maila bietako ikasleriak aldi berean egin behar ditu, hau da, udaberri sasoian. Barrutialde LHk, egun, 120 ikasle inguru ditu. Hori horrela, 120 ikasle horiek “aldi berberean” banatu behar dituzte inguruko enpresetan. Hain zuzen, alderdi horri eragiten dio azpimarratu gura duten arazoak: “Busturialdean, ez dago ikasle horiek denak hartu ahal dituen industria jarduerarik; ekoizpen industriala apalegia da, kopuru horri aurre egite aldera”.
Eskualdeak bizi duen “gabezia” horri aurre egin guran, beraien ikasleek inguruko lurralde edo eremuetara jo behar izaten dute, alegia, “Markina-Xemeinera, Mungialdera, Zornotzara edota Durangaldera”. Lekualdaketa horrek “hainbat eta hainbat traba” sorrarazten dizkio komunitateari. Batetik, enpresekin ezarri behar dituzten hartu-emanei dagokienez. Bestetik, ikasleen gastuei eta segurtasunari buruzkoak ere badaude. Izan ere, praktikaldia egin ahal izateko, ikasleen %92ak ez dauka gidabaimenik eta, horrenbestez, garraio publikoa baliatu behar du: “Zenbait tokitara iristea ez da batere erraza hala erosotasun, nola ordutegi aldetik. Ez hori bakarrik: erakundeek ez dute inongo laguntzarik eskaintzen, garraio publikoaren gastuari aurre egin ahal izateko”.
Gidabaimena daukan gutxiengoaren kasua ere “ez da hobea”: “Horiei ere ez zaie inongo erraztasunik ahalbidetzen. Oro har, errepidean dirutza uzten dute, erosteko boterea ustez hain oparoa ez den adin batzuetan; era berean, errepidean egunero-egunero hainbeste denbora egiteak egundoko arriskua suposatzen die guztiei, egunerokotasuneko denbora galeraz gain”.
“Ikasleen apustua bertokoa da; beraien guraria hemen, Busturialdean, formakuntza jasotzea da, gerora Busturialdean bertan lan egin ahal izateko”
Bertoko apustua.
Ikasle gazteen apustua tokikoa dela azpimarratu nahi du Barrutialde LHko taldeak: “Ikasleen apustua bertokoa da; beraien guraria hemen, Busturialdean, formakuntza jasotzea da, gerora Busturialdean bertan lan egin ahal izateko”. Apustu hori, baina, ez da guztiz bateragarria azken urteotako joeragaz. Hain zuzen, eskualdeak joandako hamarkadetan “lanpostu deusestatze garrantzitsua” jasan duela azaldu dute, “oraindik ere jarraitzen duena”: “Bertoko enpresa oso esanguratsu batzuek beraien ekoizpena urrunera eroan dute, eta toki horietan sortu dira, ondorioz, geure eskualdean sortu ez diren lanpostuak. Horren arrazoia erabat ulergarria da: Busturialdean enpresa pabiloi edota instalazioak berriak eraikitzeko egon diren arazoekin, beharginak beste eskualde batzuetara doaz, han laguntza handiak topatzen baituzte”.
Egoera iraultzea oraindik posible den jakitun, konponbidea zein izan beharko litzatekeen argitu dute: “Guztiz ezinbestekoa da ekoizpen industrialera bideraturiko inbertsio ekonomiko sendoa egitea, Busturialdean alor horretako lanpostuak sortzeko eta egun egon badaudenak sendotzeko. Esaterako, beharrezkoa litzateke industriaguneak eraldatzea eta egungo beharrizanetara egokitzea, baita industriagune berriren bat sortzea ere”.
Hurrengo hamar urteetan 2.000 lanpostu sortu behar direla adierazi dute, arazoari aurre egiteko
Datozen hamar urteetan ipini dute fokua, denbora tarte horretan “2.000 lanpostu sortuz gero”, salatzen duten arazoa konpondutzat jo ahalko litzatekeelako: “Barrutialde LHk bere lan poltsaren bidez daukan laneratze tasa ikaragarria da, baina oso tristea da ikustea geurean dauden lan aukerek ezin diotela erantzuna eman laneratze kopuru horiei guztiei; hori horrela, ikasleek urrunagora jo behar dute. Geure ekina eskualdeko beharra asebetetzera emana dago”.
Lanean segitzeko prest.
Aipatutako elkarretaratzearen ostean, Barrutialde LHko kideek argi eta garbi daukate zein duten beharrean jarraitzeko iparrorratz. Herrian “industrializazioaren motorra izatea” dute jomuga, baina oraindik ez dute ekimen zehatzik aurreratu. Sektoreak bizi duen egoeraz informazioa helarazteko foro bat egiteko asmoa dute, baina oraindik ez dute hori zehaztu: “Erakundeak, alderdi politikoak nahiz tokiko gizarte eragileak elkartzeko prest gaude, lanketa honetan guztiok ados egon behar garelako eta konponbideak guztion artean adostua izan beharko duelako; Busturialdeko gazteen etorkizunari zor diogu eta, horrenbestez, esfortzu handia egitea merezi duen zerbait da”.