Busturialdean batutako lehen materialak ailegatu dira Valentziara
DANAk kaltetutako pertsonei elkartasuna adierazteko produktu bilketak egiten ari dira eskualdeko hainbat herritan, eta dagoeneko heldu dira Valentziara lehenengo produktuak.
Tanta hotzak hondamendia eragin du Valentzian. Joan den martitzenean Herrialde Katalanen hegoaldean hondamendia eragin zuen DANA denboraleak, 200 lagunetik gora hilez. Hala, baina, datuek gora egingo dute, ze Eldiario.es egunkariak Cecopi Valentziako Generalitateko koordinazio Zentro Operatibo Integratuaren txostena aipatuz, 70 gorpu inguru indentifikatzeko zain daudela argitaratu du, eta desagertuen zerrenda ere luzea da. Kalte pertsonal eta materialak kontaezinak dira, eta DANAk kaltetutakoei laguntzeko elkartasun sarea Busturialdera ere ailegatu da.
Produktu bilketak egiten ari dira eskualdeko hainbat herritan, tartean Gernikan, Bermeon edota Mundakan, eta dagoeneko lehen produktuak heldu dira Valentziara.
Xaiborrek janari bilketa abiatu zuen zapatu goizean Gernika-Lumoko Eroski aurrean, kaltetutakoei laguntzeko asmoz, eta Urdaibai Txirrindulari Eskolakoek bat egin zuten deialdiagaz, denen artean 1.200 kilo inguru bilduz. “Telebistan Valentziako sarraskia ikusi eta zerbait egin behar nuela pentsatu nuen. Kamioiak eta furgonetak ditudanez, Valentziara janaria eta ura eramatea zen asmoa, eta hala egin nuen”, azaldu du Xaiborrek. Izan ere, furgoneta hutsa Eroski aurrera eraman eta hori bete ostean, Valentzirantz abiatu zen, 300 kilo inguruko kargamentuagaz.
Gauza txikia egingo zuela pentsatu zuen, baina, “zorionez”, jendeak “bikain” erantzu zuela dio, eta furgoneta bete-bete egin zuela. Boluntarioak ere joan ziren Xaiborrek abiatutako bilketan laguntzera, eta Urdaibai Txirrindulari Eskolakoak batu zitzaizkion egitasmora. “Xaibor janari eta ur bilketa egiten ari zela ikusi eta guk ere furgoneta daukagunez, hori betetzea eta Valentziara joatea erabaki genuen. Izan ere, berea bete zuenean gurea jarri genuen han”, azaldu dute txirrindulari eskolako arduradunek.
Jakinarazi dute euren furgoneta bi aldiz bete zutela, furgoneta bat betetzeko materiala Gernika-Lumoko Udalaren lokal batean gordez: “Egun guztia egon ginen furgoneta betetzen, eta bi aldiz kargatu genuen. Lehenengoz kargatu genuenean, udalari lokal bat uzteko eskatu genion, han materiala deskargatu eta beste bat betetzeko. Bigarren furgoneta bete ostean, goizaldean atera ginen Valentziarantz”. Hala, Paiportara joan ziren, bertan bizi den lagun baten bitartez, eta hango eskolan deskargatu zituzten produktuak, World Central Kitchenek han egokitu duelako koordinazio zentroa. Xaiborrek, aldiz, Aldayako ikastolan deskargatu zuen materiala, eta bertan geratu da lanean, ailegatzen ziren produktuak batzen eta antolatzen lagunduz.
Hala, bilketan denetariko produktuak batu zituzten: konpresak, pañalak, jatekoa, elikagai ez iragankorrak, bainamomentuan ere kontsumitu daitezkeenak eta batez ere ura. Eta jendearen erantzuna azpimarratu dute: “Jendearen harrera ikaragarria izan da, eta ea jende gehiago animatzen den”.
Orain, Gernika-Lumoko Udalaren lokalean beste furgoneta bat eta erdi betetzeko produktuak dituzte bilduta, eta gidari eta furgonetak bilatzen ari dira hara bidaltzeko. “Xaiborrek esan dit bi boluntario topatu dituela horretarako, barikuan materiala eroateko asmoz, eta dena antolatzen ari gara”, esan dute txirrindulari eskolakoek.
Hala ere, bertan zer dagoen ikusi eta produktu bilketaz gain, diru bilketa abiatu dute Urdaibai Txirrindulari Taldekoek. “Paiportako eskolako koordinatzaileari urgentziaz zer behar duten galdetuta, jatekoa eta ura bazutela esan eta materiala behar dutela jakinarazi zigun: uretako botak eta garbiketarako makinaria, batez ere”, azaldu dute. Hala, bi kontu korronte zabaldu dituzte diru ekarpenak jasotzeko eta ekarpen horiekin materiala erosi eta eraman ahal izateko: “Paiportako koordinatzailearen bitartez egingo dugu. Lehenengo botak erosiko ditugu, eta behin diru nahikoa lortuta, makinaria”.
Hala, diru ekarpenak egin gura dituztenek hurrengo kontu korronteetan egin dezakete: ES55 0081 4282 7000 0125 5632, ES86 3008 0277 7241 2434 3627 edota 600 86 05 99 telefonora Bizuma bidalita.
Mundakaraino ere iritsi da elkartasun uriola. Izan ere, Mundakako eta Sukarrietako udalak ere DANAk kaltetutakoentzako materiala biltzen ari dira. Hango herritarrak eta udal gobernu taldea produktu bilketan bete-betean murgilduta dabiltza egunotan, iragan domekaz geroztik. Ludotekaren ohiko zerbitzua moldatu egin dute, bertan egokitu baitute produktuak biltzeko gunea; Ludotekaren alboko lokala ere baliatzen ari dira, pilaketa beharretarako.
Lagundu gura duten mundakarrek ondorengo produktuak utzi ahalko dituzte bertan: mantak, higiene nahiz garbitasun produktuak, neguko arropa, palak zein kuboak, linternak, botak, musukoak, eskularruak, botilako ura, elikagai ez galkorrak, oinarrizko material medikoa, pixoihalak, paper zapiak, haurrentzako produktuak eta abereentzako pentsua. Bihar(azaroak 5) izango da parte hartzeko azkenengo eguna; Ludoteka zabalik egongo da 10:00etatik 21:00etara bitartean.
Bildutako guztia etzi (azaroak 6) bidaliko dute Valentziako Mestalla estadiora, han banatze prozesuari ekin diezaioten. Udaletik azaldu dutenez, mundakar herritarren erantzuna “apartekoa” izan da: “Jende ugarik egin ditu dohaintzak, eta alde horretatik udalerri solidarioa garela frogatu dugu; herritarrek jarrera bikaia erakutsi dute, eta bildutako dena horren erakusle da”.
Udalek egindako deialdi horregaz bat egin dute Natxituan ere. Lagundu nahi dutenek, horrela, Natxituako elizako atean utzi ditzateke ekarpenak, gaur eta bihar, 20:00ak arte.
Eragileek ez ezik, norbanakoak ere joan dira Valentziara euren ekarpena egitera. Busturiko Asier Mintegiak, esaterako, asteburuan egin du joan-etorria. Jendearen ekarpenak jaso ditu bai Zornotzan bai Balmasedan, eta lagun batzuekin batera hiru furgoneta eroan dituzte Valentziara. Handik bueltan, gehien behar dutena lokatza garbitzeko materiala dela azpimarratu du: lantresnak, eskularruak edota botak, besteren artean. Ura ateratzeko makineria astunagoaren falta ere sumatu du. Valentziatik bueltatu den arren, hemendik ere lanean jarraituko duela jakinarazi du, momentu honetan valentziarrei elkartasuna helarazteko.
Bermeotarrek ere bat egin dute elkartasun sareagaz. Izan ere, Taxi Bermeo Bizkaiak jakinarazi du Neskutz ileapaindegian bilketa egingo dutela datozen egunetan, batutako hori barikuan Valentzira bidaltzeko. Bertan ere, denetariko produktuak jasotzen ari dira, eta ekarpenak egiteko ordutegia zehaztu dute. Hala, bihar eta etzi 09:00etetik 15:00etara bitartean jasoko dituzte ekarpenak, eta eguenean 09:00etatik 18:00etara artean. Barikuan, berriz, 09:00etan hasi eta 17:00etara arte egongo dira produktuak jasotzen.
Bermeoko Udalak ere DANAren kalteak arintzeko laguntza eskaini nahi du, eta bideratzen den laguntza “eraginkorra” izateko lanean ari da. Hala, lehen pausoak eman dituzte, eta, Herri Babesaren bitartez, horiek eskuragarri dituzten baliabideak eskaini dituzte Valentzira Bizkaiko suhiltzaileen bitartez eroateko: motoponga bat, garajeetako ura ateratzeko; uretan sartzeko bi ponpa; sorgailu bat, ponpei etengabeko funtzionamendua emateko; palak eta arrastelekuak, garbiketa lanean laguntzeko; eta lokatzetan lan egiteko arropa eta oinetakoak.
Bertan lan egiteko pertsona kualifikatu eta profesionalen beharra dagoela esan dietenez, Herri Babesako boluntarioek eta herriko udaltzainek izena eman dute kaltetutako guneak berreskuratzen laguntzeko.
Bermeo herri solidarioa den horreta, Izaro Sub taldeak eta Tuñez Sanchezek antolatuta, etzi (azaroak 6) Bermeotik autobus bat abiatuko da Valentziara, DANAren kalteak arintzeko asmoz. Hain zuzen ere, Neskutz Ileapaindegian, Zabala farmazian, Bertokueken eta Catala Occidende establezimenduetan batzen ari direna eroango dute autobusean. Horiez gain, zenbait boluntario ere joango dira, han bilaketa eta garbiketa lanetan laguntzeko.
Laguntza ekonomikoa ere ezinbestekoa da, behar diren materialak erosteko, eta horretarako egokitu dute hurrengo kantu korrontea: ES37 3008 0282 105322493729.