Muga bat, gurpil bi eta hamaikatxo bizipen
7ak 50cc izenekoa lau lagun eta beren motorrak batu dituen proiektua da. Muga jarraituz, Euskal Herriari itzulia egin diote, udan. Orain, negu sasoian pareko zer edo zer egiteko prestatzen ari dira abenturazaleok.
Uda aroan zerbait desberdina eta era berean sinplea egiteko asmo hutsez sortu zen 7ak 50cc egitasmoa. Unai eta Eneko Peña ibarrangelutarrak, Adolfo Morales gernika-lumotarra eta Ander Etxebarria-Zarraga foruarra daude ekimenaren atzean, denak ala denak aspaldiko adiskideak. Udari bestelako itxura emateko, Euskal Herriari bira ematea erabaki zuten, betiere muga geografikoa jarraituz. Bira hori, baina, 50 zentrimetro kubikodun motor zaharretan egitea pentsatu zuten, abenturari ukitu «are epikoagoa» emateko, Etxebarria-Zarragak azaldu duenez.
Itzulia zein modutan egin behar zuten erabakitzerakoan, “inprobisazioa gailendu zela” adierazi du foruarrak. Argi zituzten alderdi bakarrak honakoak ziren: zazpi lurraldeetatik igarotzea, beren ibilbideak Euskal Herriaren mugen irudia “ahalik eta zorrotzen” irudikatzea eta biziraupen hutsez eta kanpo laguntza edo asistentzia barik jardutea.
Ez dute egiteko errazik eduki horretarako. Izan ere, 50 zentrimetro kubikodun motorrak ezin dira autobideetatik ibili; hori gutxi ez, eta litro bi inguruko edukieradun depositoak “80 bat kilometro” egitea ahalbidetzen du. Gainera, parte hartzaileek erabaki zuten ibilbidea lau etapatan egin gura zutela, hau da, kilometraje luzeak osatuz: “Abenturari emozio apur bat jarri gura genion eta, muga geografikoaz gain, motorrak eurak beraien mugara eroan gura genituen”. Beraz, egun bakoitzeko 300 eta 400 kilometro artean egin zituzten.
Motorrak IAT barik zeudenez, ezin izan ziren Donostiara sartu, eta Gipuzkoan barrena “saihesbidea inprobisatu” zuten
Lehen egunean, espedizioa Gernika-Lumotik atera zen, eta taldekideak “beraien lanpostuetan edo herrietan biltzen joan ziren”. Ibarrangelu izan zen lehen geltokia; bigarrena, aldiz, Mallabia. Handik, Debaraino “jaitsi” ziren eta, kostako bidea jarraituz, lehen hiriburua harrapatu zuten: Donostia. Hantxe heldu zitzaien lehen azterketa: motor denak IAT (Ibilgailuen Azterketa Teknikoa) barik zeudenez, herrigunea ekidin zuten, eta “Gipuzkoan barrena saihesbidea inprobisatu”.
Irunera iritsi ondoren, Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak bat egiten duten eremurako bidea hartu zuten, hiru lurraldeok “zapaltzeko”. Handik, helmugara, Bortzirietara, jo zuten: “Amaiurren amaitu gura genuen, ozta-ozta iritsi ginen egunez; oro har, egunero ia gauez iritsi ginen”. Amaiurren, eguneko nekeari ez zioten aurre egin lo sakon eta indarberritzaile bategaz: “Amaiurko erdigunetik motorrekin pasatzean, ikusi genuen bertako jaiak zirela, eta parrandan ateratzea erabaki genuen. Gaua pasatzeko eta motorrak gordetzeko, baseliza baten ataria hautatu genuen». Ordu txikitara arte aritu ziren gaugiroan, eta herritarrak “sobera” kargutu ziren aurpegi arrotz haien presentziaz: “Ibilbidea hasi orduko, geure taldearen 1.000 pegatina inguru egin genituen; Amaiurren ez zen geratu 7ak 50cc-ren pegatinarik ez zeukan umerik”.
Bigarren etapako 15. kilometroan, Guardia Zibilaren trafiko kontrolagaz tupust egin zuten
Bigarren egunean, “hiru ordu eskas” lo eginda, Bardeetarainoko bideari ekin zioten. Irteera eta helmuga Nafarroa Garaian egoteak “tarte laburragoa” zela pentsaraztera eroan zituen motorzaleak, “baina ez zen hala izan”. Lanak eduki zituzten bigarren egunean ere. Amaiur atzean uzteagaz batera, 15. kilometroan, Guardia Zibilaren trafiko kontrolagaz tupust egin zuten. “Nondik gintozen eta nora gindoazen galdegin ziguten; tartean, imajina daitezkeen ilegaltasun denak genituen gainean. Dena dela, guardia zibiletako bati geure trazek arreta piztu zien nonbait, eta esan zigun hark ere tankerako motor bat eduki zuela duela 40 urte. Beharbada, poliziek ere igarriko zuten guztioi denagatik isunak ipintzen hastea lan itzela zela beraientzat ere. Azkenean, beste barik jarraitzen utzi ziguten”.
Gaua, desertuko izarpean.
Bardeetako deserturaino iritsi ziren bigarren egunaren hondarrean. Horixe eduki zuten zain han: hondarra eta hondarra. “Hirugarren egunean Bardeetako basamortu oso-osoa gurutzatu genuen, eta horretarako motorrak egokitu behar izan genituen”. Harearen kontrako neurriak hartzeak “buruko minak” eman zizkietela azpimarratu du Etxebarria-Zarragak: “Basamortuan, 20 kilometroko tartea egiteko, lau ordu behar izan genituen; alde mentaletik zoramen hutsa izan zen”. Desertua atzean utzi zutenean, Arabara begira ipini ziren, tartean Erribera guztia gurutzatuta. “Gasteiz alboko Landa herrixkara iristea zen jomuga, basamortutik ateratzean. Baina neke mentala hain zen handia, ezen planteatu genuen handik etxera bidea hartzea ere, Bardeek faktura handia utzi baitzuten gugan”, adierazi du foruarrak.
Bardeetako basamortuan, lau ordu behar izan zituzten, hogei kilometro osatzeko
Ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula izan Nafarroa hegoaldeko amaierarik gabeko zuzenguneak 40 kilometro orduko abiaduran eta eguzki itogarriaren azpian egitea: “Sakanara bidean, elkar babestea eta batak besteari animoak ematea tokatu zitzaigun, sats eginik gindoazen eta”. Altsasura ailegatzean, “zerbeza hotz bat tarteko”, aldartea errotik aldatu zitzaien. Herriko gazte batzuk “begira-begira” ikusi zituzten, lagun egin arte. “Haietako batek, gainera, kilometro batzuk egin zituen gugaz, eta piloa eskertu genuen; suspertze moduko bat sentitu genuen guztiok”.
Indarberritzeak etena eduki zuen Moralesen motorraren ur bonbak kitto esan zuenean. “Ur bonba barik 100 kilometro inguru egin genituen, berotuaren berotuagaz motorra gelditu egin zen arte. Une hartan, iluntzea heltzear zela, eta argirik gabe, Ertzaintzaren patruila bat bertaratu zitzaigun; guztia ondo zihoala sinestarazi genien, eta bigarren topaldi polizial hura ere libratu genuen”. Sustoaren digestioa oraindik egin gabe zutela, ezustean, Moralesen motorra biziberritu egin zen. Gaua egin orduko harrapatu zuten Landa, hirugarren eguneko helmuga preziatua.
Mekanika jarrera kontua da.
Landan, egunaren miseria guztiak atzean lagata, Uribarri Ganboako urtegiari gauez bira eman zioten. “Bagenekien motorrei eta gorputzei are kilometro gehiago sartzea zela hura, baina gogotsu geunden, azken bi egunetan kalamitatez kalamitate ibili ondoren”. Azkenengo egunean, Bizkai osoa gurutzatu zuten. Gordexolatik sartu ziren lurralde bizkaitarrera, eta bertan ezusteko ederra jaso zuten: enduro lasterketa bat egiten ari ziren. “Ez genuen zalantza handirik egin zirkuitura sartzeko eta gure motor zaharrak berriro ere mugara eroateko“. Antolatzaileek, abenturazaleen lagun egin ondoren, motor haiekin «nora zihoazen” galdetu zieten. Egoera, hain zuzen, ez zen makala: “Motor batek ez zuen ur bonbarik; besteak, ez zuen ihes hodirik; hirugarrenari suspentsio guztia falta zitzaion; laugarrena, berriz, apurka-apurka hiltzen ari zen, konpresio ezagatik”.
Gordexolan, enduro lasterketa bateko zirkuituan sartu zituzten motorrak
Arazo handiei, irtenbide handiak. Beste behin, bidaian ordura arte zekarten filosofia aplikatu zuten: “Herrian igerilekua zegoela entzun, eta pentsatu genuen uretan freskatuz konponketa hobeto planifikatuko genuela”. Esan eta egin. Motorrek, justu-justu bazen ere, aurrera egiteko modua ahalbidetzen zietela egiaztatu zuten, eta Bizkaiko etapa “gauak harrapatzeko mehatxuagaz” egin zuten. Han-hemenka jendea batzen zitzaien, gainera. Batzuk, tarte batez konpainia egiteko; besteak, motorzale arraro haien pegatinak jasotzeko. Bilbora iritsi arte.
“Bilbon, ordura arte ikusi ez genuena bizi genuen: jendeak mezpretxuz eta errezeloz begiratzen gintuen. Tarte hura pasabide modura gogoratzen dugu partaide guztiok, ez baikenuen memorian gordetzeko moduko ezer onik jaso”, argitu du. Nerbioi ibaiaren eskumaldean, baina, bidaiak beste pasadizo bat oparitu zien. “Txirrindulari lasterketa bat zegoen; hura ere ikusi genuen. Plentzia inguruan, zirimiria hasi zen; zirimiriaren ondoren, ikustea ere galarazten zigun euritea“.
San Pelaio mendatea eta Bermeoko saihesbidea izan ziren motor zaharren azken azterketaguneak
Bosgarren motorra lortuta.
Euriak “muturren aurrekoa” ikusten utzi ez arren, bidaideek argi zuten bai ala bai zer ikusi gura zuten: Lemoizko zentral nuklearra. “Han emakume bat ezagutu genuen, eta geurearen pareko beste motor zahar bat oparitu zigun, zuzenean; barakaldoztarra omen zen, eta motorra ez ei zuen ezertarako gura”. Plentziatik Bakiora iritsi ziren. Motorren iraupena “ez sinestekoa” zen: “Nola zen posible halako motor zantar batzuek tratu txar haiek denak gainditu izana?”. Azken apustu bat geratzen zitzaien, baina. Motorren iraupenaren azkenengo azterketa gunea San Pelaio mendatea izan zen, baina ez Bakio eta Bermeo lotzen dituen ohiko bidetik: “Itsaslabarretako baserri bidexka igo genuen, behetik goraino motorra erre beharrean“.
San Pelaio ere ez zen motorren hilobi izan. Bai, ostera, Bermeoko saihesbidea. “Fito-ri [Morales] denak emanda azeleratzeko esan genion, ea motorra behingoz apurtuko ote zen ikusteko; azkenean, saihesbidean bertan hil zen”. Azken karta, ordea, ezkutuan gordeta zuten: “Bujia aldatu behar zela pentsatuta, badaezpada generaman bujia zahar-zahar bat ipini genion, eta non ez zitzaigun motorra biziberritu, bada!”. Ia 40 urteko motorrak “hautsiezinak” direla frogatuta harrapatu zuten azken helmuga: Gernika-Lumo.
Ipar Euskal Herrira joan gura dute hurrengo abenturan, baso eta mendi bideetan barrena itzulia egitera
Trail modalitatera jauzia.
Asfaltoaz gain, basamortua eta enduro zirkuitua zapaldu dute gidariek, baina jadanik badakite zer zapaldu gura duten aurrerantzean: “Otsailean edo martxoan, trail modalitateko bidaia egin gura genuke”. Ipar Euskal Herriko lurraldeak dituzte begiz jota, “merezi dutena baino gutxiago” zeharkatu baitzituzten udan: “Inguru hartan, bikain tratatu gintuzten, eta itzelezko paisaiak ikusi genituen; hurrengo saiakera horretan, ez ditugu errepide handiak eta zuzenak bilatuko, baso eta mendi bideak baizik”.
Horretarako, orain arteko motor berberak baliatuko dituzte, zenbait moldaketagaz. “Helburua da motorrek neguko eguraldi gogorragaz eta baso ingurunean hiruzpalau egunez zelan iraun dezaketen ikustea”, adierazi du foruarrak. Lehen bidaiako lau kideei, gainera, Mikel San Millan adiskidea batuko zaie negukoan.
Hurrengo udari begira, kide berriak proiektura gehitzea aurreikusten dute, “abenturazale tropeltxoa” egiteko
Hurrengo udari dagokionez, berriz, “partaide berriak” gehituko zaizkie 7ak 50cc egitasmokoei: “Sare sozialetan, jendeari gugaz etortzera animatzeko deialdia luzatu genion, eta jadanik dezente dira asmo hori dutenak; itzuli hau geratzeko etorri da, bateragunea da, eta motorzale nahiz abenturazale tropeltxoa osatu nahi dugu”.