Mikele Landa: "Zinemak zurea ez den errealitate batera gerturatzeko leiho bat zabaltzea asko da"
‘Senda’ izeneko bere lehen film luze proiektua idazteko lanean buru-belarri ari da Mikele Landa zinemagilea. Zinemaldiko Industria sailean Casa Wabi-Escine Saria eskuratu zuen proiektuagatik.
Bakary, Oihana eta Agustina espaloirik gabeko bide batean dauden hiru mundu dira. Bataren esperientziak bestearen egia gezurtatzen du, baina elkarrengana hurbiltzea erabaki dute, sendabidea aurkitzeko. Bataren eta bestearen egiek bat egiten dute Mikele Landaren proiektuan, bere lehen film luzean: Senda. Egungo errealitatea islatzea bilatzen du zinemagile eatarrak, hausnarketarako leiho bat zabaltzeko.
Errealitate desberdineko hiru pertsonen bizipenak kontatuko ditu Sendak. Zer bilatzen duzu?
Malira (Afrika) bidaiatu nuen lehenengo aldian, labur eta arin esanda, mundu ikuskera desberdin batek inguratu ninduen. Gauza batzuetan, eurena ez zen mundua ulertzeko modua nuen nik, baina, beste batzuetan, erlazionatzeko moduarekiko konexio sendoak aurkitu nituen, eta horrek eskemak apurtu zizkidan. Desberdintasun eta lotura horiek aurkitzeak, inpaktu handia izan zuen nigan, eta pentsatzen hasi nintzen nik han bizi izan nuena berton ere jende askok bizi duela, baina modu askoz ere bortitzagoan. Ze, niri, han, besoak zabalik hartu ninduten, Osalde deitzen den GKE batekin joan nintzelako, eurek han 10 urtez egindako lanari buruzko erreportaje-dokumental bat egitera, enkarguz. Eta konturatu nintzen berton, askotan ez dela hori gertatzen.
Eta hori fikziotik lantzea erabaki zenuen.
Nire mundu logika ez den beste logika batek inguratu ninduen, eta horrekin zerbait egitea pentsatu nuen. Gainera, lagun batek bere bizipen bat kontatu zidan, eta, ondorioz, nire bizipen pertsonalak eta inguruko batzuek edukitako esperientziak uztartzeko pelikula bat da Senda. Orain arte, zinema dokumentala edota esperimentala landu izan dut, baina, orain, fikzioa lantzen ari naiz. Ze, proiektuak berak eskatzen dit zein forma eman behar diodan, zentzu artistiko batean, eta honetan, hasieran dokumentalagaz egiten dudan moduan lantzen hasi nintzen arren, konturatu nintzen gura nuen hori lortzeko komenigarriagoa zela fikzioa jorratzea. Harremanetan jarri gura nituen elkar ezagutzen ez duten pertsonaia batzuk, fabulaziora joz: imajinatu nahi nuen zer pasatuko litzatekeen mundu ulerkera desberdina duten hiru pertsonak helburu bera dutenean, eta talka egin beharrean, elkar laguntzen eta jakintzak elkar trukatzen dituztenean.
«‘Senda’k ez du dogma bat zehazten. Jakinminetik eta kuriositatetik landutako gaia da»
Izan ere, belaunaldi eta jatorri ezberdinetakoak dira protagonistak.
Oihana deitzen den 27 urteko abokatu gazte bat da protagonistetako bat. Urtebete eskas daroa fundazio batean beharrean, zeinek babes legala ematen dien Zornotzara edo Bizkaira ailegatzen diren adin txikiko etorkinei; euren eskubide juridikoak babesteko erremintak ematen dizkiete. Lan horretan dabilela, bigarren protagonista ezagutuko du: 17 urteko Bakary, Malikoa, migrazio prozesu luze baten ostean Zornotzan dagoen adin txikikoen zentrora eroan dutena. Eta, hirugarren pertsonaia Agustina da; bere bizitza osoa baserri batean bizi den emakumea, eta desagertzen ari den, baina sustraituta dagoen mundu ulerkera bat daukana. Uste du naturan dauden gauza askok lagun dezaketela osatzeko. Eta hiru pertsonaia hauek dira, beraz, Sendan topo egingo dutenak, eta elkar lagundu edo elkarrengandik ikasiko dutenak, elkar eraldatuko direnak, betiere norberaren izaera galdu barik.
Beraz, ezberdinen arteko puntu komuna bilatu duzu?
Bai, hori da. Batzuetan pasatzen da norbaitek zerbait kontatzerakoan guk ez sinistea. Eta, kasu honetan, Bakaryk begizko bat dauka, eta Oihanari kontatuko dio laguntza eskatuz, baina berak ez dio segituan sinistuko, ze mundu ikuskera okzidentalak ez du lekurik uzten beste mundu ulerkera horretarako. Beraz, hasieran Oihanak kontraesan asko izango ditu, baina, onartu egingo du Bakaryk dioena, eta onartu egingo du hori dela aurrean daukan pertsonaren errealitatea. Ondorioz, Sendaren helburua ez da batak bestea konbentzitzen duela erakustea; ez, hiru errealitate horiek anbibalentzia batean jasotzea da asmoa, hau da, hirurek balioa izatea eta hirurak izatea egia. Uste dut hori badela gako bat elkarbizitzarako.
Pil-pilean dagoen gaia da. Hausnarketa bilatu duzu?
Bai, ze irudikatzen dudan gaur egungo errealitate honetan, beti eman izan dira kultura ezberdinen arteko trukeak, baina iruditzen zait badagoela zer egin edo badaudela moduak gauza gehiago ikasteko. Nik, hipotesi zehatz bat eman beharrean, hortik aldendu gura dut, eta fabulazio bat egin, pentsatzeko testuinguru horretan ze aukera egon daitezkeen, edo hiru pertsona hauen elkar gurutzatzeak zer ekar diezaieken eurei. Sendak ez du dogma bat zehazten. Hori ez da nire helburua. Gehiago da jakin-minetik eta kuriositatetik landutako gaia, eta norberaren esparru erosotik aldentze horretan, ze galdera sortzen diren, ze gogoeta, ze kontraesan… ikustea eta hausnartzea. Ikus-entzuleak esparru horretan murgiltzea nahi dut. Gero, norberak atera ditzala norbere hausnarketak. Nik uste dut zinemari askotan gehiegi eskatzen diogula; hau da, mundua aldatzeko tresna bat izatea eskatzen diogu. Eta izan daiteke batzuetan pelikula batek inpaktua sortzea, baina uste dut berez zurea ez den errealitate batera gerturatzeko aukera, ate bat edo leiho bat zabaltzea ere asko dela. Eta, gustatuko litzaidake nire pelikulek ere hori egitea.
Maliko bidaia izan zen abiapuntua, baina zelakoa izan da sortze prozesua?
Luzea izan da. Berez, film edo proiektu hau Elias Querejeta zine eskolan hasi nintzen sortzen, sorkuntza masterra egiten nengoela. Han, Noizko basoa deitzen den film laburra sortu nuen, eta, azken hilabeteetan, proiektu honen lehenengo pausoak eman nituen. Maider Oleaga izan nuen tutore, eta gero aldamenean izan dudan lagun eta zinemagilea da. Berak lagundu zidan Sendari forma ematen. Gero, zortea izan nuen eta Noka Mentoring programan aukeratu zuten proiektua, eta bertan jarraitu nuen garatzen. Handik, Bilbon dagoen Gela bat norberarena egoitzan garatzen segitu nuen, eta, hortik, Ikusmira Berriak-era egin nuen salto.
«Saria jasotzea sekulakoa da; denbora da, idazketa da, ikerketetan murgiltzeko medioak dira»
Pausoz pauso joan den proiektua da, beraz.
Bai. Zinemagile zein artistentzako onena litzateke gutxieneko lan baldintzak izatea, beste edozein esparrutan modura. Baina, egia da industriak ez duela horrela funtzionatzen; egonaldi artistiko batetik bestera salto egiten joatea da industriak bultzatzen duena, dirulaguntza publiko zein pribatuak jasoz, eta batetik bestera igaroz. Horrek askotan sortzen du lehiakortasun bat, baina egia da oraintxe bertan gure proiektua garatu ahal izateko modua hori dela, eta hori izan dela Senda garatzeko prozesua.
Eta horrela jarraituko duzu, Casa Wabi-Escine saria jaso zenuelako Zinemaldian, eta horrek Mexikora joateko aukera emango dizulako. Nola hartu duzu aitortza?
Sekulakoa da. Ikusmira Berriak-en egoteak eta horrek ematen duen babes ekonomiko eta babes profesionala jasotzeak asko lagundu dit. Asko ikasi dut prozesu horretan, eta proiektua ere asko hasi da. Escine da Mexikoko Puerto Escondidon dagoen zine eskola bat, eta Casa Wabi da han dagoen fundazio bat. Lehenengoz lan egin dute Ikusmira Berriak eta Zinemaldiagaz, eta lehenengoz eskaini dute sari hau. Eta, sari hau ere, lehen aipatutako egonaldi artistiko horietako bat da. Uste dut proiektuarentzat aberasgarria izango dela, baina baita niretzat ere. Ze, berez, sari bat jasotzea aitortza garrantzitsua da, baina hori baino gehiago da eskaintzen duena. Sekulakoa da; denbora da, ikerketetan murgiltzeko medioak dira, idazketa da.
Mexikon egonaldi bat egiteko aukera izango duzu. Noiz zoazen badakizu?
Saria nahikoa malgua da, 2025ean gauzatu behar dut, baina nire esku dago; nire beharrizan eta nire lan edo agendaren arabera antolatzeko aukera daukat. Izan ere, niri gustatuko litzaidake behin Mexikora joanda, han ditudan lagunak bisitatzea. Iaz, uda osoa pasatu nuen han, Mexiko hirian, lagun baten film luzean lanean, eta kristorena izan zen Mexiko horrela ezagutzea. Izugarria iruditu zitzaidan han egotea, eta, gainera, iruditzen zait Mexikok proiektuagaz ere lotura daukala, ze han ere nahaste handia dago kultura eta hizkuntzen artean. Mundu ulerkera ezberdinak dituzte, eta hiria bera elkarbizitza edo talka horien adibide da.
Han ere Senda idazken segituko duzu, beraz.
Proiektua idazten segitzea da asmoa, idazteko behar dut denbora, burbuila batean egotea behar dut, eta ez da hain erraza isolatzea. Denbora horrek laguntzen du sormen prozesuan, eta horretarako baliatuko dut egonaldia. Gainera, aukera eskaini didate ikertzeko; izan ere, Puerto Escondidokoekin edo bertan dauden komunitate indigenekin tailer desberdinak egiteko aukera izango dut. Hau da, elkarbizitza eta kultura desberdinak zelan trukatzen diren ikertuko dut, zentzu praktikoan; ez dakit beste era batera lan egiten. Askotan diot pelikula prozesu luze baten ondorioetako bat dela, baina ez bakarra. Ze prozesu horretan guztian ikasten dudan edo egiten ditudan harremanak, ikerketak… ere badira nire helburua. Beraz, ezin dut pelikula bat idatzi ikerketarik barik.
Eta, hara joan bitartean, zer duzu esku artean?
Sendari forma emateari begira, banabil datorren urteko udaberrian Ean filmatuko dugun beste laburmetrai bat prestatzen. Narratiba horrek Sendagaz loturarik izan ez arren, bada niretzako Senda idazteko beste modu bat: dela formari dagokionean, kamaragaz, soinuagaz, muntaiagaz, aktoreekin… lan eginda. Paperean jarri ezin ditudan gauzak zelan egin gura ditudan pentsatzeko aukera da.
Herrian egitea ere berezia da.
Egia da orain arte egindako gauza gehienak Ean egin ditudala, edo herriagaz lotura izan dutela. Azken finean, bizi garen leku horrek inspiratzen gaitu, eta naturalena edo zintzoena niretzat hori da. Eatik egitea eta pentsatzea, lagunekin eta inguratzen nauten pertsonekin, paisaiagaz. Izan ere, esku artean ditudan proiektu denetan, hizkuntza gutxituen eta inposizioaren artean zer pasatzen den pentsatzeko gogo bat badago. Horri buruz hausnartzen ari naiz, eta hori da orain esku artean daukadan erronka. Erakutsi nahi dut zelan batzuetan hizkuntza gutxituak pertsona batzuekin harremanak izateko oztopotzat ikusten diren arren, kontrakoa ere egin dezaketela. Badela helduleku bat eta badela guk daukagun beste erreminta bat, oso aberatsa dena, gure hizkuntza dena. Horrek hemengoak ez direnekin erlazionatzeko beste aukera bat ematen digu, eta hori ikertzera ere banoa Mexikora. Eta gustatuko litzaidake Sendan ere horri buruz hausnartzea.