"Garatu berri dugun ikerketa arrantzaleei lan karga kentzeko baliagarria izan daiteke"
Biologoa eta arrantzalea da. Ikerketa eta berrikuntza zientifikoen bidez, bere jarduera sektoreetan garapen soziala lortzea eta lehiakortasuna hobetzea da Azti zentro zientifiko eta teknologikoaren helburua. Horrekin lotuta, itsas akustikan eta arrain bankuen sailkapenean oinarritutako ikerketa berri bat garatu du Aitor Lekandak.
Adimen artifizialarekin lotura estua duen ikerketa bat garatu berri duzue. Zein?
Garatu berri dugun ikerketa, azken finean, adimen artifizialaren ereduak erabiltzea da, arrain banku desberdinen espezieak identifikatzeko. Arrain bankuak kanpaina zientifikoetan eta arrantza munduan baliabide akustikoen bidez identifikatzen ditugu. Hau da, baliabide akustiko horiek arrain taldeak identifikatzeko balio dute, baina ez zein espezietako arrainak diren jakiteko. Hala, Aztik daraman Jubena izeneko kanpaina zientifiko batetik datoz nire datuak urtero, antxoa gazteak aztertzeko erabiltzen dena. Baina beste arrain txiki askoz ere baliatzen gara biomasak egiteko, eta horrela, hurrengo urtean espezie horretako zenbat arrain egongo diren jakiteko. Beraz, datu horiekin, nire doktoretza proiekturako 2013tik 2020ra arte eduki ditugun datuez baliatu naiz, patroiak ateratzen ahalegintzeko eta espezie bakoitza zelan batzen den jakiteko. Izan ere, badirudi banku guztiak direla berdinak, baina gero aniztasun handia dago urpean, eta horretarako patroi desberdinak daude, gutxinaka-gutxinaka arrantzaleak ezagutzen doazenak. Beraz, ikerketaren ideia da pertsona batek bereizpen hori egin badezake, adimen artifizial eredu baten bidez arrain banku desberdinen ezaugarri denak ateratzen saiatzea, gero hori objektiboki erabili ahal izateko. Hiru urtez proiektu hau aurrera ateratzeko bideak bilatzen eta hausnartzen egon ostean, modelo probabilistiko bat egitea bururatu zitzaigun, datuak emanez patroiak atera ditzan.
“Zein espezie arrantzatu eta zein ez erabakitzeko lana, adibidez, asko erraztuko luke”
Sistema horrek zertan hobetuko luke arrantza sektorea?
Adimen artifizialari nahi dituzun datu denak sartzeko aukera dagoela ikusita, denbora askorik behar ez duen bide bat bilatzea zen gure helburua ikerketa horrekin, arrantzaleen lan karga kentzeko. Azken finean, sektore horretako langile batek egin dezakeen lana da, baina modu honetara, esperientziaren beharrizan hori ez da oztopo izango, eta denbora aldetik, beste horrenbeste. Horiek dira sektoreak ala sektoreko langileek izango dituzten hobekuntzak eta onurak. Gainera, jasangarritasuna bermatzeko modua ere bada, baztertutako asko murriztuko lituzkeelako. Hasiera batean, nire doktoretza tesirako soilik zen proiektua, baina arrantzan ezartzea posible dela ikusita, eredu hori eko-zunda batean ezartzea da orain dugun ideia, zuzenean arrantzaleak zein espezierekin lanean ari diren jakiteko. Arrantza sektorean ezartzea lortuz gero, baliabide oso on bat izango dela uste dugu.
Orduan, esango zenuke arrantzaleen lana erraztuko lukeela?
Bai. Egia da askotan arrantzaleek izan ohi duten esperientziarekin inork baino datu gehiago izan dezaketela, baina uste dugu erabakiak modu objektiboan hartzeko orduan, eredu hau ezartzea lortuz gero, oso baliagarria izan daitekeela arrantza sektorean. Zein espezie arrantzatu eta zein ez erabakitzeko lana, adibidez, asko erraztuko luke. Eurentzat eredu honekin lan egiteko aukera izatea efizienteagoa izango dela uste dugu. Izan ere, espezie batzuek indar komertzial gehiago dute beste batzuek baino, eta horiek bereizteko tresna izatea da helburua.
“Momentuan ezezaguna den zerbaiti probetxua atera eta gizartearen gehiengoaren egunerokoan funtsezko tresna bilakatu dena”
Aurrerapauso esanguratsua izan da zuentzat adimen artifizialaren erabilera?
Bai, horrela izan da. Gizartean boom itzela izan du, eta du oraindik adimen artifizialak. Horri buruz ezer ez jakitetik, toki guztietan ikustera pasatu gara gizarte moduan. Baina adimen artifiziala ez da bat-batean sortu den zerbait, baizik eta gutxi-gutxika garatzen joan dena. Boom hori, baina, denontzat da interesgarria, nire ustez. Izan ere, horrek guk jadanik erabiltzen genituen modeloak geroz eta aurreratuago egotea eragin du. Lehen, adibidez, ordenagailuak mantsoagoak izaten ziren, eta gaur egun minutu batean egin daitekeen zerbait egiteko denbora asko behar izaten zen. Hau da, denbora murriztuago batean, aukera gehiago dago. Zientzia arloan lan egiten dugunoi ate asko zabaltzen dizkigu horrek, batzen ditugun datuak erabiltzeko.
Nolakoa izan da orain arteko ikerketa horrekiko jendearen erantzuna?
Duela gutxi atera da proiektu hau, baina oraingoz, harrera ona izaten ari da. Uste baino ezusteko gehiago eraman ditu jendeak proiektu honen berri izatean, baina guztiak positiboak izan dira. Esan bezala, jendearentzat berria den zerbait da adimen artifiziala, eta hain berria den zerbait arrantza bezalako hain oinarrizkoa den zerbaitekin uztartzeak, ezusteko hori ekarri lezake. Baina harrera ona izan da orokorrean, nahiz eta oraindik arrantza sektorean ezarrita ez egon. Lana erraztuko duen baliabidea da, aukera anitz zabalduko dituena, eta horrek beti du harrera ona.
Zure ustez, zein etorkizun du adimen artifizialak gizartean?
Zaila da jakitea. Horrekiko hipotesi asko daude airean, eta segur aski bakoitzak bere iritzia izango du. Nik uste dut aukera eta baliabide ezin hobea dela gizartearentzako. Garai batean Internet izan zen antzekotzat dut. Momentuan ezezaguna den zerbaiti probetxua atera eta gizartearen gehiengoaren egunerokoan funtsezko tresna bilakatu dena. Adimen artifizialak eskaintzen dituen aplikazioak hainbat dira, edozein eremutan. Beraz, bakoitzak behar duen eremuan horiek erabiltzen trebatuz gero, oso baliagarria izango da denontzat.
“Uste dut, ezartzekotan, adimen artifiziala beraiei laguntzeko ezarriko dela arrantzan, baina tresna gehigarri gisa”
Eta arrantza sektorean?
Ez da erraza. Nire kasuan, adibidez, nire eredua arrainen jarreraren menpe dagoela esango nuke, eta ez da erraza asko aldatzen diren datuekin ereduak sortzea. Orduan, arrantzarekin antzerako ikuspuntua dut; zaila dela, baina gutxi-gutxika gizartea aurreratzen doan heinean, adimen artifiziala ere arrantzan uztartuko dela uste dut. Arrantzako arlo batzuetan arinago ezarriko da, eta beste batzuetan zailagoa izango da, baina, dena den baliagarria izango da.
Etorkizuneko arrantzaleak adimen artifizialarekin lan egiten jakitea beharrezkotzat duzu?
Esango nuke ezetz. Pertsona batek denetarik jakitea ala dena kontrolpean izatea zaila da, eta beraz, arrantza sektorera dedikatzen den norbaitek adimen artifizialak erabiltzen zerotik ikastea ere lan zaila da. Uste dut, ezartzekotan, adimen artifiziala beraiei laguntzeko ezarriko dela arrantzan, baina tresna gehigarri gisa. Ez berebiziko gisa.
Uste duzu orokorrean desinformazio handia dagoela adimen artifizialarekiko?
Desinformazioa baino, bat-batean informazio asko batu dela esango nuke. Ezer ez izatetik, edozer egiteko gai diren aplikazioak gure eskuetan izatera pasatu da gizartea denbora gutxian. Batzuentzat beste batzuentzat baino hurbilekoagoa da gaia, gainera, eta horregatik uste dut desinformazioa dagoen sentsazioa dagoela. Gauza berria da, eta berriak diren gauza guztiak bezala, denbora behar da adimen artifiziala ondo ulertzeko, eta era berean, erabiltzen jakiteko.