Josu Bilbao bermeotarrak Gure Artea 2024 saria jaso du
Imanol Pradales lehendakariak Josu Bilbao bermeotar artistari eman dio Gure Artea 2024 saria. Idoia Monton eta Tractora Kooperatiba ere sarituak izan dira.
Atzo, Gure Artea 2024 sarien banaketa egin zuten Imanol Pradales lehendakariak eta Idoia Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Orconera fabrika zaharrean. Euskadi mailan arte plastiko eta bisualen arloan ematen diren sari garrantzitsuenetarikoak dira, halaber. Josu Bilbaok, sari-banaketa horretan, jarduera sortzailea aintzatesten duen saria jaso zuen. Idoia Montonek ibilbide artistikoarena, eta Tractora Kooperatibak berriz, arte plastiko eta bisualen arloan hainbat eragilek egindako jarduerarena.
Bilbao, bermeotar artista da. Arte Ederretan lizentziatu zen, eta Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologia masterra egin zuen. Bere lanetan, hiltzear dauden hizkuntza batzuen ahozkotasunetik eta hizkeratik abiaturik, eskulturarantz jotzen du. Gainera, mintzaira eta eskultura erabiltzen ditu, formalizazioaren eta adostasunaren atariko gisa aztertuz. Besteak beste, Bilbon, Bartzelonan, Murtzian, Santanderren eta Madrilen ibili izan da bere erakusketei ikusgarritasuna ematen, lankidetzan.
Bere etengabeko jarduera sortzailea goraipatzeko asmoz eman zioten atzo, Gure Artea 2024 saria. Epaimahaiak aditzera eman zuenez, bere sorkuntzak etengabeko ikerketa prozesutzat ditu: “Artisten belaunaldi berri bateko kide da, eta artista horien lanek interes bera dute, bizi garen eremua ikuspegi kritiko batetik aztertzekoa. Bere praktika artistikoa interbentzio eskultorikoak egiteko erabiltzen dituen materialak eta espazioak behatzetik eta haiekiko elkarrizketatik abiatuta taxutzen da. Bere sorkuntzak etengabeko ikerketa-prozesutzat hartzen ditu, gainera”.
Epaimahaiaren arabera, “prestakuntza bikoitza da, eta bi jatorritako materialekiko interesa erakusten du”: eskultura eta ahozko tradizioa. Sari emaileek bere jarrera azpimarratu zuten. Horrez gain, bere sormen-lanak bakarkako lana gainditzen duela nabarmendu zuten, eta epaimahaikideen ustez “euskal testuinguru artistikoari egindako ekarpenak aitortzea, artistei beren erakusketa-prozesuetako egoeretan laguntzeko”, berebizikoa da.
Bermeotarraren lana Bilduma Partekatuan dago; Artium, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Tabakalera artean. Orain, bi erakusketa indibidual prestatzen ari da 2025erako: Artium Museoan lehendabizi, eta Espai 13n hurrengorako.