Zarrabentako Gazte Eguna antolatu dute lehen aldiz
Zapatuan [azaroak 2] ospatuko dute, eta arratsaldeko egitaraua prest dute herritarren elkargune izateko.
Mendatarrek jai egun berri bat daukate. San Migel jai handiez gain, herriko gazteek bestelako ospakizun bat antolatu nahi izan dute. Horregatik, Zarrabentako Gazte Eguna ospatuko dute zapatuan [azaroak 2] lehen aldiz. Helburua gazteentzako bestelako jai giro bat antolatzea bada ere, herritar guztiei parte hartzeko deia egin diete.
Sanmigeletan atera zen Gazte Egunaren ideia, jaietan gazteentzako ekimen “gutxiago” egoten da, eta aldi berean herrian eta auzoan gero eta gehiago dira. San Migel jaien antolaketaz arduratzen den Zarraberri elkartean gazteak sartu badira ere, haientzako jai egun bat antolatzea pentsatu zuten. Ordutik lanean aritu dira erlojuaren aurka, “dena apur bat arin eta azken orduan egin dugu”. Horregatik, herritarren laguntza eskertu eta eskatu dute: “Ez dute bakarrik Gazte Egunean parte hartu, horren parte ere izan nahi dute edozertan lagunduz”.
Hain zuzen ere, adin guztientzako egitaraua prestatu dute, ez bakarrik gazteenentzako. Adibidez, mus txapelketan askotariko bikoteek parte hartzea nahi dute. “Adin tarte zabala hartzen duen ekimena dela uste dugu”. Horretarako, 16:30etik aurrera eman ahalko da izena, baina “malguak” izango direla aurreratu dute antolatzaileek, eta azken orduko izen emateak ere onartuko dituzte. Bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu eta irabazleak txapela irabaziko du, baita dirua ere partaide kopuruaren arabera.
Ostean, musikari egingo diote tartea Gazte Egunean. 19:00etatik aurrera, Aitor Etxebarriazarraga eta Ibai Amillategi bertsolariek bertso poteoa abiatuko dute herriko tabernetan. “Herrian bertsolaritzagaz lotutako ekintzak ongi etorriak izaten dira, giro ona sortzen dute, eta horregatik sartu nahi izan ditugu”. 22:00etan Eingo taldeak eskainiko du kontzertua eta gaua DJ Dominegaz luzatuko dute nahi dutenera arte.
Orain arte Gazte Egunaren ekimenak herrian eta herritik kanpo harrera ona izan duela diote. Hala ere, aurreratu dute ez dela Mendatara arte bertaratzeko autobus zerbitzu berezirik egongo. “Aurtengoa urte luzetako lehenengo pausoa izatea nahi dugu, hau da, Gazte Eguna gehiagotan antolatu nahi dugu, baina oraindik herritarren erantzuna jaso nahi dugu”.
Egitaraua:
- 17:00. Mus txapelketa: bikoteko 20 euro.
- 19:00. Bertso poteoa: Aitor Etxebarriazarraga eta Ibai Amillategi.
- 22:00. Kontzertuak: Eingo eta DJ Domin