Sari bat gehiago banatuko dute aurtengo Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketan
18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketa da, eta enpresa ideiak aurkezteko epea azaroaren 8an amaituko da. Gizarte berrikuntzara bideratutako eta gizarteari modu positiboan eragiteko gaitasun handiena duen egitasmoak ere saria jasoko du aurten.
Eskualdean bertan enplegua eta aberastasuna sortzeko helburuarekin, Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketa antolatu dute, beste urte batez. Lana bilatzea, Lana da eskualdeko gazteei laguntzeko programaren barruan, Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek, Urremendi Landa Garapen Elkartean dauden eskualdeko udalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak zabaldu dute deialdia. 18 eta 35 urte bitarteko gazteek edo gazte-taldeek aurkeztu ditzakete enpresa-proiektuak, betiere, enpresa-ideia Busturialdean kokatzen bada. Zerbitzu edo produktu bat sortzeko ideiak edota 2024. urtean sortutako negozioak edo enpresak izan daitezke: “Kultura ekintzailea sustatzea, enplegua eta aberastasuna sortzea Busturialdean, eskualdeko garapen ekonomikoa bultzatzea eta enpresa-proiektu onenak saritzea dira lehiaketaren helburuak”.
Guztira lau sari banatuko dira. Enpresa-proiekturik onenak 3.000 euroko ordainsaria irabaziko du. Bigarren saria lortzen duenak, berriz, 2.000 eurokoa. Halaber, 1.000 euroko bi sari banatuko dituzte; bata, lehen sektorearekin lotutako ideiarik onena duen empresa-ideiak irabaziko du, eta bestea, gizarte berrikuntzara bideratutako eta gizarteari modu positiboan eragiteko gaitasun handiena duen egitasmoak. Hain zuzen ere, horixe da aurtengo berritasuna, eta hori irabazteko baldintza da aurreko sarietako bat ere ez jaso izana.
Gainera, lehenengo sarituari, Torrealday Aholkularitzak urtebetez doan emango dio aholkularitza-zerbitzua (fiskalitate, kontabilitate zein lan arlokoa). Bigarrenari, berriz, sei hilabetez eskainiko dio zerbitzu hori.
Parte hartu nahi dutenek azaroaren 8ko (barikua) 14:00ak arteko epea dute euren enpresa ideiak aurkezteko. Hori horrela, izena emateko fitxa, sustatzaileen datuak jaso behar dituen dokumentua eta bete behar diren baldintza guztiak Gaztedi Busturialdearen webgunean aurki daitezke. Era berean, Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzuan, Busturialdeko Herri Txikien Gazteria Zerbitzua-Urremendi LGE eta Gernika-Lumoko Gazteentzako Informazio Bulegoan ere beharrezko eskabideak jaso daitezke, baita nformazio gehiago ere.
Sariak azaroaren 28an (eguena) banatuko dituzte, 19:00etan, Sukarrieta BBK Kliman.