Sandinderik Bizkaiko Batzar Nagusietan eskatu du Abiña Sukarrietari itzultzeko
Sandinderi herri plataformak Abiña Sukarrietari itzultzeko eskatu du, Batzar Nagusietan txosten berri bat aurkeztuta.
Sukarrietako Sandinderi herri plataformako arduradunek Bizkaiko Batzar Nagusietan eskatu zuten Abiña Sukarrietara itzultzeko. Izan ere, Bizkaiko legebiltzarreko Herritarrekiko Eskaera eta Harremanetarako batzordearen aurrean Sandinderikoek aurkeztu zuten txosten juridiko baten arabera, Abiña Busturiaren parte izendatzea “ekintza erabat baliogabea” izan zen. Hala, 2017an Abiña Busturiaren parte izendatzearen erabakia baliogabetzat jotzeko eskaera berretsi zuten. Gobernuko kideek, berriz, proposamena aztertzeko denbora eskatu zuten.
Sukarrietako Udalak lortutako dokumentu berri batzuk aurkeztu zituzten batzordean Sandinderikoek, “Sukarrietari Abiña eta Sandinderi lurraldeak kentzeko hartutako erabakiak ustezko enklabe bat kentzearekin zerikusiririk ez dutela erakusten dutenak”. Beraz, “bidegabekeria historiko” hori konpontzearen beharra azpimarratu zuen Sandinderi taldearenordezkari Jaime Oruetak.
Izan ere, Bizkaiko legebiltzarraren aurrean, Sukarrietako Udalak eskatuta Zaragozako Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko katedradun Antonio Embid Irujok egindako azterketa juridikoa aurkeztu zuten. Eta, txosten horretan, Sandinderikoen esanetan, iraganean Sukarrietari zegokion “enklabea kentzeko prozesuan egindako akats juridiko larriak” egiaztatzen dira. “Txosten horrek, existitzen diren dokumentuak oinarri hartuta, prozedura osoan izandako irregulartasun ugari erakusten ditu, eta ondorioztatzen du bete ezin den epaia dela 2017koa; beraz, 2017ko abenduaren 14ko Batzar Nagusien erabakia baliogabea dela erakusten du. Hala, Sandinderi herri plataformak berriro eskatu du osoko bilkuraren akordioa zuzentzeko eta Sukarrietari Abiña auzoa itzultzeko”, gehitu du Oruetak.
Hala ere, gehitu du beste hainbat dokumentu ere aurkeztu zituztela batzordean. “Horietako batek frogatzen du aldundiak enpresa pribatu bati egindako enkargua jurisdikziopeko itsasoaren presentzia Sukarrietan adierazteko, eta, horrela, enklabe baten fikzioa sortzeko, zeinaren bidez aldundiak ebazpena eman zuen Abiña enklabe izendatuz”, azaldu du Oruetak. Eta, ondorioztatu du enkargu hori “legez kontrako jarduera” izan zela, jurisdikziopeko itsasoa mugatzea Espainiako Estatuko administrazio zentralaren eskumena dela gogoraraziz.
Horrez gain, Busturiari Sukarrietarekin mugatzeko eskaera ukatzen zion Bizkaiko Aldizkari Ofizialaren dokumentua ere aurkeztu zuten. “Dokumentuan argi geratzen da aldundiko zerbitzu juridikoek bazekitela Sukarrietako lurraldearen benetako izaera, jurisdikziopeko itsasoa inoiz egon ez den lekukoa. Eta, gainera, dokumentu horretan ikus daiteke Busturiak Espainiako administrazio zentrala aipatzen duela itsas-lehorreko eremua mugatzeko eskumena duen bakarratzat”, azaldu du.
Hain zuzen ere, laugarren dokumentua kostaldearen mugapena erakusten duen dokumentua izan zen. “Agiri horrek adierazten du jurisdikziopeko itsasoa non dagoen, Mundaka eta Ibarrangelu iparraldean kokatuz, Sukarrietako udalerriari aipamenik egin barik”.
Eta, horiez gain, Geografia Institutu Nazionalaren eta aldundiaren arteko lau komunikazio aurkeztu zituzten: “Horiek erakusten dute nola egin zen erabat arbitratioa zen muga berri hori”.
Abiña auzoaren lehia duela hamarkada bat baino gehiago hasi zen, eta 2021ean, Auzitegi Gorenak bide judiziala ixtea erabaki zuen, Sukarrietako Udalak Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusiaren epairen aurka jarritako kasazio-errekurtsoa ez onartuta. Epai horrek ezeztatu egin zuen Abiña auzoa Busturian integratzeko Bizkaiko Batzar Nagusiek hartutako erabakiaren aurka Sukarrietak jarritako administrazioarekiko auzi errekurtsoa, baina, orain, dokumentu hauek eta gero, aztertu egingo dutela esan zuten EAJk eta PSEk. “Gobernukoek diote arretaz aztertu behar dutela, baina dokumentazioa irakurtzerakoan konturatuko dira dena gaizki egin zela, hasieratik amaierara arte.
Hala, katedratikoaren berbei jarraituta, erabaki hori baliogabetzeko eskatzen dute Sandinderikoek. “Lehenengo gauza da erabakia deuseztatzea, ze hasieratik amaierara arte, akatsen segida bat da erabaki hori. Prozesu osoan ez zen batere ondo egin. Eta erakutsi ditugun dokumentuek hori frogatzen dute.Eta ez da onargarria Sukarrietarekin gertatu dena, ez dago nondik hartu”, gehitu du Oruetak. Aurkeztu dituztenak “txosten objektiboak” direla-eta, ezin direla eztabaidatu dio.
Horren aurrean, oposizioko hiru taldeek (EH Bilduk, PPk eta Elkarrekinek) egindako prozesua hasieratik “berrikusteko eta pausoren bat emateko” eskatu zuten, “aurkeztutako dokumentazio berria kontutan hartuta”. Oposizioaren babesa “garrantzitsua” da Sandinderikoentzat, baina baita gobernu taldea gaia itxitzat ematetik aztertzera igaro izana ere. “Orain, behintzat, begiratu egin behar diote, eta begiak zabalik begiratuz gero, ez dago zalantzarik”.
Hau, beraz, beste urrats bat da, harik eta Sukarrietarentzat zentzuzkoa den konponbide bat bilatzen den arte: “Baina Sukarrieta ezin da izan eusten ez den jarduera baten paganoa. Gure asmoa Abiñaren alde borrokatzen segitzea da, gero eta indar gehiagogaz gainera. Ze, orain, udalera ailegatu gara, eta hor egoteak aukera eman digu erakunde publikoetara jotzeko eta hainbat dokumentu izateko. Eta aurkitutako guztiak gure jarrera berresteko balio izan digu; aurkitu dugun gauza bakoitzak berresten du arrazoia dugula”.