Herritarrak hasi dira heriotzari bizia ematen
Gupidekin betetzen hasi da "Hil aurretik nahi dut..." horma. Bestalde, Bihar iluntzean 'Zu Gogoratuz ekitaldia' egingo dute, eta barikuan harrera musikatuan bilduko dira hilerrian, eta 'Mendian hil, hirian hil' dokumentala proiektatuko dute.
Heriotza normalizatzeko helburua du Gernika-Lumon antolatu den Heriotzari bizia emanez jaialdiak. Hil aurretik nahi dut… horma gaurtik [urriaren 30] bariku [azaroak 1] arte egongo da jarrita Artekale eta Adolfo Urioste kaleen artean.
Horma horrek heriotza heldu aurretik burutu nahi duen desio hori esaldi labur batean idaztera eta partekatzera gonbidatzen ditu herritarrak. Hortaz, desio zein nahi intimoenak publiko egiten dira egitasmo honi esker. Kontzienteki bizitzeko gonbidapena zabaltzen du ekintzak.
Jaialdiaren egitaraua zapatuan hasi zuten, eta datozen egunetarako ere zenbait hitzordu zehaztu dituzte. Gaur, horma ipintzeaz gain, Death kafea izango dute 19:00etatik aurrera, Astran. Bihar [urriak 31], berriz, Zu Gogoratuz ekitaldia izango dute 20:30ean, kultur etxe aurrean. Barikuan, harrera musikatuan bilduko dira, 12:30ean, hilerrian, eta 19:00etan, ostera, Mendian hil, hirian hil dokumentala proiektatuko dute, 19:00etan, Elai Alai aretoan.