Arimek eskualdeko herrietako kaleak hartuko dituzte
Bihar (urriak 31), Arimen Gaua ospatuko da eskualdeko zeinbait herritan, eta horretarako egitarau "beldurgarria" prest dute, herritarrek hildako arimekin bat egiteko.
Arimen Gaua edo Gau Beltza heltzear dago, eta horrekin batera, eskualdeko hainbat eta hainbat herrik horrekin bat egingo dute. Izan ere, gaur egun sendo egonkortu da arimekin batzeko gaua Euskal Herrian.Urte batzuetako geldialdiaren ostean, igaz bezala, aurten ere asko dira ekimen horrekiko prestatu dituzten ekintza eta jarduerak. Busturialdean, Bermeo, Mundaka, Muxika eta Kanpantxu beltzez jantziko dira, eta herritarrek hildako arimekin bat egiteko aukera izango dute, emozioz beteriko asteburu beldurgarri bezain alaiean uztartuz. Nahiz eta gehienbat bihar (urriak 31) egingo diren aurreikusitako jarduera gehienak, badira Arimen Gauaren aterkipean asteburu guztia edota aste guztirako ekintzak ere prestatu dituzten herriak.
Hildakoen omenez azaroaren hasieran ospatzen diren jaien barnean kokatu behar dugu gau berezi hau. Santu Guztien Eguna edo Domu Santu eguna azaroaren lehena izaten den heinean, Animen Gaua bezperan ospatu ohi da. Urriaren 31n beraz, esan bezala, Arimen Gaua ospatzeko ohitura Euskal Herriko txoko askotan oso hedatuta dago duela hamarkada batzuetatik. Jaiaren jatorriarekiko, hildakoen inguruko ospakizun hauek erlijio katolikoarekin batzen baditugu ere, bere jatorria zeltek ospatutako Samhaim jaian du. Jaiaren izena antzinako irlanderatik dator eta udaren bukaera esan nahi du. Uzta biltzeko sasoiaren amaiera ospatzeko jaia zen jatorriz, baita ere iluntasunarekin hasten zen zelten urte berriaren ospakizuna ere. Trantsizio jaia da beraz, baita beste mundurako irekiera ere. Hiru mila urtez Europa osoko zelta nazioek ospatu izan dute. Euskal Herrian ez da gutxiago, eta horregatik, iluntzean herritarrek hildakoez gogoratzeko ekintzez gozatzeko aukeran murgilduko dira, giro iluna nagusi izango den gaba batean.
Hala nola, Bermeon 17:30ean hasiko dute gaua. Hilerritik irtenda, kalejira beldurgarria egingo da herriko kaleetatik, tartean arimei ongi etorria eginez, musika eta dantza beldurgarriak uztartuz. Mundakan ere antzera ospatuko dute Arimen Gaua; Mundakako kaleetatik kalejira beldurgarria eginez. Gainera, gailetak egiteko tailerra ere izango da 19:00etan, eta beste behin ere, musika eta dantza beldurgarriek hartuko dute plaza iluntzean. Kanpantxun, ordea, mozorroak izango dira protagonista, etxeko trapu zaharrekin mozorroak egingo baitituzte auzoan, eta bide batez, antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte mozorrotzera, “ume, gazte eta heldu”, eta eta egingo duten etxez-etxeko merienda-afaria dastatzeko gonbidapena ere luzatu dute. Muxikan, urtero legez, ibilaldia egingo dute, Arimekin oinez lelopean, eta gabaz, Dj Otxokuartosek girotuko du gaba frontoian.
Ean, martitzenean mozorro prestaketa tailerra egin zuten, biharko gaua ganoraz atontzeko. Mozorroak eta margotutako aurpegiak kaleratuko dituzte bihar; 18:00retan jarri dute hitzordua, Eskolondoko arkupeetan. Gainera, musikaz girotuko dute herria, eta eatar denentzako txokolate beroa egongo da. Ondoren, Xanduli, manduli ariko dira, etxerik etxe.
EGITARAUA, HERRIZ HERRI:
Bermeo
17:30. Irteera hilerritik.
19:00. Arimei ongi etorria goiko plazan.
20:30. Musika eta dantza beldurgarriak taraskarik.
22:00. Pozioak lameratik portorantz.
00:00. Arimen bidaiaren amaiera Nestor Basterretxea plazan (lameran).
Ea
18:00. Eskulanak, aurpegi margoketa tailerra, musika eta txokolate jana.
Ondoren. Xanduli, manduli, etxerik etxe.
Kanpantxu
Lehenik. Herritarrak mozorrotu.
Ondoren. Merienda-afaria etxez-etxe.
Mundaka
18:00. Santa Katalinatik irteera kandelekin.
19:00. Arimei ongi etorria herriko plazan.
19:00. Gaileta tailer beldurgarria.
20:00. Musika eta dantza beldurgarriak herri plazan.
Muxika
20:30. Arimekin oinez, elizan.
22:00. DJ Otxokuartos, frontoian.