Moda berritzaile eta jasangarria, denboraldia amaitzeko
Aurtengo BBK Klimaren denboraldiari agur esateko modu berezia aukeratu dute. Where Fashion Meets Nature moda desfilea egin zuten zapatuan [urriak 26].
Fashion Revolution Euskadirekin elkarlanean antolatutako desfile horretan, euskal modaren “marka garrantzitsuenek” parte hartu zuten, “modu jasangarrian lan egiten dutenak”. Horrela, denboraldi honetan zentrotik pasatu diren bisitariei eskerrak eman dizkiete arduradunek: “Modu benetan berezia eta bakarra izan da gure instalazioetatik pasatu diren guztiei eskerrak emateko”.
Moda “berritzailea” egin daitekeela erakutsi zuten. Euskal Herriko diseinatzaileen sorkuntzak ez ezik, Balearretako, Madrilgo, Galiziako eta Bartzelonakoenak egon ziren. Material biodegradagarriekin, ehun organikoekin eta diseinu birsortzaileko teknikekin egindako diseinuak erakutsi zituzten. “Ekosistemak leheneratzen eta biodibertsitatea sustatzen dituzten prozesuekin egindakoak dira”. Besteak beste, artilearekin, laranja, anana zein sagar azalekin eta bioplastikoekin sortutako arropekin osatu zuten desfilea.