Mareak jaialdiak adin guztietako jendea batu du
Hamargarrenez jorratu da Bermeon Mareak jaialdia, zortzi eguneko egitarauarekin. Oraingo honetan "adin desberdinetako jendea" batu ditu, gainera, eta antolatzaileak "pozarren" agertu dira.
Bermeok, hamargarrenez hartu du Mareak jaialdia. Izan ere, aurtengoa abangoardia eta tradizioa uztartzen dituen jaialdiaren 10. aldia izan da, eta urteurren hori hamar ekitaldi kultural eginez ospatu dute. MB200 elkarteak eta eta Beleza Malandra Ateneo Kulturalak Bermeoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz antolatutako jaialdiak “agertoki ezberdinak” izan ditu oraingoan, batik bat, Frantziskotarren klaustroa. Zortzi eguneko egitaraua jarri zuten martxan antolakuntzatik, urriaren 20tik 27ra bitartean hamar jarduera aurreikusiz. Hitzaldiak, kontzertuak, irteerak, proiekzioak, eta abar luze bat izan dira horren erakusle herrian.
Ane Ortube, jaialdiko antolatzailea, “pozarren” agertu da, jaialdia oso arrakastatsua izan delako, beste behin. Horregaz batera, adin tarte zabala nabarmendu du: “Jardueretara gero eta jende desberdinagoa etortzen dela ikusi dugu aurton. Bai estilo aldetik, baina batez ere, adin aldetik. Adin tartea zabaldu da, eta gazteenetatik hasi eta adineko pertsonetarainoko publikoa izan dugula nabarmenduko genuke hamargarren edizio honetatik”.
Ekintza edo jarduera guztietan batu da jendetza, nahiz eta espero ez izan. Horretarako lan egin dutela aitortu du Ortubek gainera, publiko guztientzako jarduerak prestatzea baitzen beraien helburua. “Helburua argiki bete” dute hamargarren edizio horretan, eta Xabier Badiola eta Joseba Irazokiren kontzertua nabarmendu dute, inoizkorik jende gehien batu zuela eta. “Jarduera guztiak nabarmenduko nituen arren, Badiola eta Irazokinaz gain, Apika konpainiaren Artimañas ipuin kontaketarekin ere jendea oso pozik gelditu zen”.
Azken urteetan bezala, bi kontzertu eguerdi aldean egin dituzte aurton ere bai, eta horrekiko ere “pozik” agertu da antolatzailea. “Musikak beste toki bat ukitu” duela haintzat hartuz, une bereziak bizitzeko aukera bermatu zuten eguerdian egindako kontzertu biak: “Normalean gauetan izaten dira musika emanaldiak, eta aldaketa honekin, musikarekin une bereziak sortzeko beste metodo bat ezagutu dugu. Jendeak ere asko disfrutatu zituen”.
Jendearen erantzun positiboa kontuan izanik, urte biribil hau jaialdiaren azkena izango ez dela ziurtatu du Ortubek: “Bermeon Mareak jaialdiak toki bat bereganatu duela uste dut, eta urtez urte hori handitzen doala, gainera. Urrian jendeak asko eskertzen du tankera horretako jaialdi bat Bermeon, eta horrela erakustarazi digute, bai hitzez eta baita ekintzez”.