Gazteek Astelehentxutxuren deia jarraiTXU dute aurten ere
'JarraiTXUkogu?' lelopean belaunaldi ezberdinetako hainbat eta hainbat kuadrilla bildu zituen Astelehentxutxuk.Beste urte batez, herriko belaunaldi desberdinetako gazteak batzeko eta gozatzeko egunak erantzun bikaina izan zuen, eta antolatzaileak "pozik" daude izandako erantzunagaz.
Gernika-Lumoko gazteak euren artean komunikatzea bultzatzeko asmoz jaio zen Astelehentxutxu duela hamarkada bat baino gehiago, udalerriko gazteak saretzeko eta jai giroan elkarregaz biltzeko asmoz. Gazteak eta ez hain gazteak batzea zen orduko hartan jomuga, eta ideia horri tinko eutsi diote belaunaldi berriek. Izan ere, aurten ere, herritarren arteko lotura bermatzeko deia egin zieten Astelehentxutxuko arduradunek gazteei, eta bikain erantzun zuten horiek zapatuan. JarraiTXUkogu? galderari segika, gazteek hariari tiratzeko prest daudela erakutsi zuten, Gernika-Lumoko Merkatu plaza jendez bete baitzuten 650 lagunek.
Bakoitzaren adinak, izaerak edota ideologiak alde batera utzi, eta guztion arteko lotura berretsi zuten zapatuan, beraz. Izan ere, duela bi urteko Itxutxuleraren ondoren, ospakizun soinezko jantzitako GureTXUgu lelopean bildu ziren gazteak iaz, eta denak direla TXU erakutsi dute aurten. Antolakuntzako kideak «pozarren» agertu dira jendearen erantzunagaz: “Eguneko egitarauari dagokionean ez genuen horrenbeste jendea bertaratzea espero, are gutxiago eguraldi txarra zegoela ikusita, baina bikain erantzun zuten. Oso pozik gaude”
Eguraldia tarteko, Merkatu plazara aldatu zuten egitaraua barikuan, eta zapatuan, goizetik hasi ziren bertaratzen gazteak. Egun hotzari paellak prestatzeko suagaz egin zioten aurre, eta horiek prestatu bitartean jan-edanean ere aritu ziren, baita batzuen eta besteen paellak ikusten eta probatzen ere. Hala, aurten, 64 kuadrilak 64 paella aurkeztu zituzten sarieketara, iaz baino bat gutxiago. Paellarik onena, Radiopatio izenagaz aurkeztu zen kuadrillarena izan zen.
Paella jan ostean, mus, briska eta beer-pong txapelketetan zein bingo musikatuan murgiltzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek, eta ekintza horiek ere partaidetza aparta izan zutela jakinarazi dute. Eta, gauean, Astrara lekualdatu zuten festa. Musikak hartu zuen kulturarako fabrika sozialaren espazioa gauean: Porrurik bez elektrotxarangameriagaz hasi ziren gorputzak berotzen iluntzean, eta Rosa Palo, Eiko eta Matxingen musikagaz amaitu zuten festa goizaldean.
Hala, Astelehentxutxu egonkortu den festa dela esan daiteke, baina erronkak ere badituzte: belaunaldi gazteak zein beteranoagoak erakartzea.