Bueltan da Beldur Barik lehiaketa
Bideo lehiaketaren 15. edizioa martxan dago. Belaunaldi berriekin, indarkeria matxistaren desagerpena lantzea du helburu.
Abian da Emakundek eta Gernika-Lumoko berdintasunerako udal zerbitzuak elkarlanean prestatu duten Beldur Barik lehiaketa. Ikus-entzunezko formatuan aurkeztu beharko dira lanak. Obra horietan, gizartearentzako erreferente positiboak erakutsi beharko dira; ahaldundutako neskak edota indarkeria sexistaren aurkako borrokan inplikatzen diren mutilak, adibidez.
Emakundetik adierazi dute mezuaren kalitatea baloratuko dela, kalitate teknikoaren edo artistikoaren gainetik. Horretarako, Genika-Lumoko berdintasun teknikariak, kultura eta gazteria teknikariak eta berdintasun zinegotziak osatutako epaimahaiak aldez aurretik egingo du aurkeztutako bideoen artean aukeraketa bat. Ondoren, horiek herri bozkaketara pasatuko dira.
Gernika-Lumoren kasuan, aldaketa egon da txapelketan. Kategoria berezia sortu dute, 10 eta 12 urte bitarteko gazteek parte hartzeko aukera izan dezaten. Beraz, lehiaketak lau kategoria dauzka, adinaren arabera sailkatuta: 10 eta 12 urtekoak, 12 eta 14 urtekoak, 15 eta 17 urtekoak eta 18 eta 20 urtekoak.
Maila bakoitzeko irabazleak sarituak izango dira; izan ere, partaideek 200 eta 400 euro bitarteko ordainsaria irabazteko aukera izango dute. Lanak aurkezteko epea azaroaren 8an amaituko da. Lehiaketan parte hartzeko, izena eman behar da Beldur Barik-en webgunean. Data zehazteke dagoen arren, 2024ko azaroaren bukaeran emango dira ezagutzera irabazleak.