Urriko Azken Astelehena, 90.000 herritarren topaleku
Goizetik hurbildu dira baserritarrak udalerrira, 09:00etarako prest izan baitituzte 241 postuak. Goizetik, herritarren joan-etorria etengabekoa izan da, eta 15:00ak bitartean, zer saldu eta zer erosi izan dute azokan bildutakoek. Salmentak "ondo" joan direla nabarmendu dute ekoizleek, izan ere, udalaren datuen arabera, 90.000 pertsona bertaratu dira udalerria.
Gernika-Lumoko Urriko Azken Astelehena lehen sektoreko ekoizpenaren erakusleiho bikaina izaten ari da, beste behin ere. Izan ere, jendearen joan-etorria etengabekoa da lehen ordutik; udalaren datuen arabera, 90.000 pertsonaren aterpe izan da azoka. Hala, beste urte batez, urri bukaerako hitzorduak ez du hutsik egin, eta eguraldia lagun, giro bikainean murgildu dira bizilagun eta bisitariak.
Goiz bertaratu dira baserritarrak, eta 09:00etarako prest izan dituzte-eta aurtengo 241 postuak. Hala, goizeko lehen ordutik 15:00ak bitartean, zer saltu eta zer erosi izan dute azokan bildutakoek. Izan ere, usain eta itxura berezia bezain polita hartu dute Artekale, San Juan, Industria, Juan Kaltzada kaleek eta Pasealeku eta Foruen Plazak, horietan banatuta egon dira-eta postu eta txosnak.Ā
Jacqueline Txertudi Kortezubiko Nanikeko baserritarra Juan Kaltzada kalean egon da, eta “pozik” dago salmentek izan duten erantzunagaz; iaz baino hobeto joan direla esan du. Gehien saldu duena Gernikako indaba izan da aurten ere. Hala ere, bestelako produktuak ere izan ditu, eta horietan ere salmenta onak eduki dituela gehitu du: intxaurrak, irina, txorixo piperrak, porruak, kalabazak, eta gehiago. “Uste dut indaba izan dela produktu salduena, baina gero etxera joandakoan kontuak egin beharko ditugu eta hor ikusiko da benetan zelan joan diren aurtengo salmentak eta zer izan den salduena”, onartu du.
Goizean goizetik jendea ibili den arren, eguerdi partean gerturatu da jende gehien bere postura. Eta, urriko azoka honek daukan berezitasuna eta gertutasuna eskertu ditu. “Betiko erakusleihoa da, eta polito-polito ibili gara egun guztian. Eguerdian gerturatu da jende gehien, eta ordutik geratu barik ibili gara”, gehitu du. Urriko Azken Asteleheneko azoka jendeak zu ezagutzeko tokia dela gehitu du.
Horixe da Xabier Aizpeolea Etxabarri IbiƱako gazta egileak berretsi duena. Buruaga arditegiko ordezkariak 23 urte daramatza Gernika-Lumoko azokara bertaratzen, orduan debutatu baitzuen lehenengoz gazta saltzen: “Jende asko gerturatu da aurten ere, eta hori pozgarria da”. Erakusleiho modura balio duen azoka dela dio, jende askok euren gazta beren-beregi erosten dutelako: “Batzuk badakite nor garen, eta urtero etortzen dira gure gaztaren bila. Ezagutzen gaituzte”.Ā
Beretzako azokarik onena dela esanda, jendeak “kalitatea” bilatzen duela udalerrian esan du: “Jendea produktu onen bila dator, badaki zer nahi duen”. Autore gazta egiten du berak, eta ekarri dituen 50 aleetatik 4 besterik ez zitzaizkion geratzen azoka ixteko ordutebe geratzen zenean. Hala ere, mendiko gazta ere ondo saldu duela gehitu du.
Guztira, iaz baino 66 postu gutxiago egongo dira aurten, eta gehienak izan dira artisauenak ā54ā eta gaztarenak ā36ā.Ā Postu nagusi horiez gain, aurten ogi eta euskal pastelaren 20 postu egon dira, eta jarduera desberdinetako 18. Era berean, eztiari eta txakolinari zuzendutako 13 postu ikus zitezkeen, 12 barazkienak, eta 7 patearenak. Makineriaren 6 postu egon dira, eta bosna erroskillenak, sagardoarenak eta barazkienak. Aldiz, landare postu bakarra egon da.
Salmahaiak ez ezik, txosnak ere jendez bete dira, eta tradizioari eutsiz, taloa egin eta egin ibili dira kirol taldeetako kirolari eta ordezkariak goizetik eguerdira bitartean. Asko eta asko izan dira, beraz, taloa denetariko produktuekin dastatzeko aukera izan dutenak.
Postu eta txosnako musikaz gain, eguerdian Andoni EgaƱa, Sebastian Lizaso eta Onintza Enbeitaren bertso saioaz gozatzeko aukera izan dute. Momentu horretan batu da jende gehien Merkurio inguruan; batzuk postuak ikustera, beste batzuk dastatzera, erostera edota bertso eta enkanteaz entretenitzera.
Izan ere, bertsolarien saioa amaitu bezain laster hasi dute ortuarien, fruten, txakolinaren, eztiaren, gaztaren eta loren lehiaketako sari banaketa.
Barazkietan, Goreko izan da irabazlea; frutetan, Urtza Sarrionaindia; lore eta landareetan, Ortuberri; txilar eztian, Garikoitz Llona; gure eztian, Eugenio Elorra; txakolin zurian, Lamagarte upategia; eta, ardo beltz eta gorrian, Erdikoetxe. AgiƱagako (Araba) Larrebe gaztandegia izan da gazta onenaren saria irabazi duena, Ricardo Remiro nafarrak jaso du bigarren saria. Hirugarrena, berriz, Aizpea Olaberriarena (Gipuzkoa) izan da.
Enkantean, berriz, Gautegiz Arteagako Kanala Beach jatetxeak 8.000 eurotan erosi du Larrabe gaztandegiko gazta irabazlea, enkanteko errekorra hautsiz; 2019an 7.700 eurotan erosi zen gazta irabazlearen erdia. Gaurko enkanteko kopurua Kaltzada egoitzara bideratuko dute
Eguerdian batu da jende gehien Gernika-Lumon, baina arratsaldean ere azokako egitarauagaz jarraituko dute. Iluntzean, gainera, zesta partiduekin gozatzeko aukera izango dute Jai Alai frontoian. Halaber, goizean hasitako festak jarraipena izango du Astran, musika festaz gozatzeko aukera baitute parte hartzera animatzen direnek.