Gernikara emigratu zutenei euren lana aitortu diete
Gernika-Lumoko alkateak Gernikara emigratu zuten pertsonei euren lana errekonozitu die, baita horiei zein bertokoei enplegua eskaini zien Talleres de Gernika enpresari ere.
Urriko Azken Astelehena merkatu tradizionala da, 650 urte inguruko historia daukana. Gernikak, hiribildu izendatu zutenetik, astero azoka egiteko pribilegioa jaso zuen bere hiri gutunean, eta ordutik ospatzen da urtero gaurko egun handia. Historia luzea daukan azoka da, errotzea eta nortasun propioa izatea lortu duena. Erosketa tradizionalak egiteko ez ezik, topaleku, sozializaziorako leku edota eskualdearentzako jai gune ere bada, eta gaur, egun hori ospatzen dabiltza herriko kaleak betez.
Hala, baina, eguna aprobetxatu gura izan du Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak Gernikara lan egitera joandako pertsonei euren lanaren errekonozimendua egiteko, udalerriari “behar zuen eskulana” eskaini ziotelako. “Galiziatik, Andaluziatik, Extremaduratik, Zamoratik, Leondik, Avilatik… leku askotatik etorri ziren lanera. Euren etxeak utzi eta bizimodua aurrera ateratzeko iritsi ziren, eta Gernikari herriak behar zuen eskulan hori eskaini zioten”, azaldu du alkateak, gaur goizean egindako ekitaldian.
Gernika-Lumora joan ziren asko eta asko, eta bertan finkatu ziren. Horietako asko Badajoztik eta Leondik heldu ziren, eta Alconcheleko (Badajoz) alkate Oscar Diaz eta El Burgo Raneroko (Leon) Gerasimo Vallejo hurbildu dira gaur, horien guztien izenean. Haritzaren hostoa daukan koadroa eman die Gorroñok, “euskal askatasunen sinboloa eta Europako demokraziarik zaharrenetakoa irudikatzen duena”. Horrez gain, Picassoren Guernica txiki bana ere oparitu die, bakearen eta giza eskubideen ikurra.
Hala, Vallejok emigratu zuten herrikideei egindako errekonozimendua eskertu du: “Gure lurraldeetako jende askok emigratu behar izan zuen 60 eta 70eko hamarkadetan, lan faltagatik, eta Gernikan bilatzen zuten hori aurkitu zuten”. Lana bilatzeaz aparte, herritarrek egindako harrera “beroa” eskertu zuten. “Gero, sustraiak sortu zituzten hemen, eta ez dute herria utzi gura orain. Oso eskertuta daude”, gehitu du.
Bere aldetik, Vallejok 60ko hamarkadan Alconcheletik joan zirenak gogoratu ditu, eta horiek euren herriaren “espiritua” Gernikan ere mantendu izana eskertu du: “Atseginez etorri ziren, eta ondoetorri beroa jaso zuten. Benetan pozten gaitu eskertza honek. Gure ustez, oso garrantzitsua da aukera faltagatik gure herritik irten behar izan zuten horiei eskertza egitea. Horrez gain, horiek jaso zuten harrera ere eskertzekoa da”.
Horiei aitortza egiteaz gain, emigratu zuten horiei zein bertokoei enplegua eskaini zien Talleres de Gernika enpresaren lana ere aitortu du Gorroñok. 109 urte dituen enpresa da, eta aitortza jaso du Enrique Guzman ordezkariak. Saria eskertu, eta gaur gaurkoz 60 familiari beharra eskaintzen diela esan du. “Ea beste 100 urteko ibilbidea egiteko gai garen”.
Omenaldi ekitaldian egon dira Busturialdeko zenbait alkate zein udal ordezkari eta Bizkaiko Foru Aldundikoak, baita udalerriko kirol edo bestelako eragileetako batzuen ordezkariak ere.