Herriz Herri programak askotariko jolasak eta tailerrak dakartza Busturira
Haurkuna jardueraren barruan, gizarte gisa etorkizunean izango diren erronkei buruz sentsibilizatzeko helburuagaz, sorkuntza, birziklapen, musika eta jolas tailerrak izango dira domeka honetan [urriak 27], 11:30etik 13:00etara, Altamirako Plazan. 5 eta 11 urte bitartekoei zuzendutako doako eskaintza da.
Haurkuna Herriz Herri 2024 programaren berrikuntzetako bat da. BBK-k eta Bizkaiko udalek bultzatutako ekimena da, gizarte-eragin positiboa duten baterako ekintzak sustatzeko. Garapen Jasangarrirako Helburuak eta 2030 Agendaren erronkak jolas eta jarduera sortzaileen bidez umeengana hurbiltzeko BBK Kunak sortutako jarduera da. Dinamika sortzaile eta kooperatiboen bidez, garapen jasangarriarekin eta 2030 Agendarekin lotutako balioak landuko dira: energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea (7. GJH), ekoizpen eta kontsumo arduratsua (12. GJH), itsaspeko bizitza (14. GJH), lehorreko ekosistemen bizitza (15. GJH)…
Haurkunan, umeentzako eskaintzaz gain, gazteei eta emakumeei zuzendutako proposamenak biltzen dira, eta besteak beste, inklusioari eta kulturartekotasunari buruzko gaiak lantzeko ikaskuntza-komunitateak osatzen dituzte, baita klima-aldaketari buruz kontzientziatzeko zikloa egin ere.
Bizkaiko 52 udalerrik bat egin dute Herriz Herri programarekin: “Lehenengo edizioan izandako arrakastaren ostean, BBK-k Herriz Herri proiektua jarri du abian berriro. Ekimen ibiltari horren helburua Bizkaiko ahalik eta udalerri gehienetara iristea da, aukera-berdintasuna, gizarteratzea eta garapen jasangarria sustatzen dituzten eta 2030 Agendarekin eta GJHekin bat egiten duten proiektuak elkarrekin lantzeko”.