Heriotzari bizia emango diote Gernika-Lumon
Heriotzaren gaia oinarri eta langai duen jaialdia antolatu dute: Heriotzari bizia emanez. Formatu askotan, heriotzaren ikuspuntu desberdinak landuko dituzte bihartik azaroaren 1era arte.
Heriotzari buruz berba egin, hausnartu, eta norberaren esperientziak elkarbanatzeko aukera da Heriotzari bizia emanez jaialdia. Heriotzaren gaiari ikusgarritasuna ematea du helburua, gaia bistaratzea eta lasaitasunez eta gune seguruetan lantzea. Horretarako, espazio eta formatu ezberdineko ekintzak antolatu dituzte bihar hasi eta azaroaren 1era bitartean. Hala, herritarrei ekintza desberdin horietara bertaratzeko deia egin diete Irene Ortiz de Erraztik eta Mari Feli Gabikaetxebarriak, jaialdiaren antolatzaileetako bik.
Jaialdiaren bosgarren edizioa da aurtengoa mundu mailan, 2020an hasi baitziren jaialdia antolatzen, pandemia bete-betean. Hala ere, lehenengoz antolatu dute jaialdia Gernika-Lumon. Izan ere, apurka-apurka zabaltzen joan da bai gaia, bai jaialdia.
Hain zuzen ere, heriotzaren gaia mahaigainean jartzea da bilatzen dutena. Herritarrei heriotzari buruz pentsarazi gura diete. Euren eta jaialdiarenasmoa ez da sufrimendua helaraztea, min horri irtenbidea emateko tresnak eta baliabideak eskaintzea baizik. “Mahaigainean jarri gura dugu gaia, bai heriotzarena, bai doluarena, bai heriotzaren inguruan dagoenarena. Ze, inguru horretan sentimendu, egoera, buruhauste… asko izaten dira, heriotzak ere era askotakoak izaten direlako. Gure ustez, gizarte modura, sentimendu edo egoera horiei lepoa ematen diegu askotan, baina min hori kudeatzea landu daitekeela uste dugu”, azaldu dute antolatzaileek.
Gizarte osoari eragiten dion gaia dela jakitun, uste dute heriotzaz gehiago jakiteak “baliabide gehiago” eskaintzen dituela dolu prozesuak kudeatzen laguntzeko. Eta, horregatik, garrantzitsua dela horri buruz hitz egitea diote. Izan ere, uste dute heriotzak tabu izaten segitzen duela oraindik. “Guk jendeak baliabideak izatea gura dugu. Izan ere, egoera zail baten aurrean egoera nola kudeatu jakitea garrantzitsua da. Min horregaz konektatzea garrantzitsua da, horri zelan aurre egin jakiteko Batzuetan ez da jakiten egoera horiek nola kudeatu daitezkeen, eta horretarako da garrantzitsua horri buruz berba egitea, eta hilko garela jakitearen kontziente izatea”, gehitu dute.
Izan ere, askotan, heriotzari “lepoa ematen” zaiola uste dute: “Gure bizitzako azken uneetan gaudenean gure parte guztiak ez direla zaintzen edo sostengatzen ikusten dugu. Fisikoa bai, ze fisikoa da gehien landu dena, baina arlo psikikoa, mentala edota espirituala ere landu behar dira. Horrekiko kontzientzia falta ikusten dugu, osasungintzan zein gizartean. Ze, hiltzen garenean, hildakoari ematen zaion trataera ikusten dugu, segituan eramaten dutelako hiletara. Eta, guretzako oso garrantzitsua da agurtzea. lehen gorpuak hilerrietara familiek eroaten zituzten. Orain, baina, ez. Orain segituan eroaten dituzte ospitaleetatik. Eta hutsune bat ematen da hor. Dena ahalik eta arinen kendu gura dugulako gainetik”, gehitu dute.
Beraz, heriotzari buruzko kontzientzia izatea “garrantzitsutzat” dute. Eta, bide horretan, sostengua ematea beharrezkoa dela diote. “Bakoitzaren ikuspuntutik, kontzienteki bizi behar da heriotza”. Horrek, baina, denbora eskatzen du, eta zaila da, kosta egiten da hori onartzea. Gainera, azken urteetan heriotzatik aldetzen joan dela gizartea uste dute, tabu bihurtu dela gaia, nahiz eta “korronte txiki bat” badagoen hori lantzeko asmoa daukana. “Eta hori zabaldu behar dugu. Mahaigainean jarri behar den gaia da. Denok dakigu hilko garela, noiz ez dakigun arren, baina ez zaigu gustatzen horri buruz berba egitea. Hala ere, hilko garelaren kontzientzia izango bagenu, gure barnetik biziko ginateke. Norbera bihurtuko litzateke norbere erabakien jabe. Norberaren nahietatik edo beharretatik jardungo luke. Ondorioz, baliteke gertukoekin ditugun hasarreei indarra kentzea edota arduratzen gaituen hori konpontzea”, arrazoitu dute antolatzaileek.
Hala, hori lantzeko egitarau zabala prestatu dute hurrengo egunetarako.
Egitarau zabala.
Heriotzari eta heriotza inguratzen duenari buruz hitz egitea bilatzen dute jaialdiagaz, eta formatu ezberdinak bilatu dituzte horretarako, “ikusarazteko ez dagoela heriotza ulertzeko bide bakarra”.
Elkarrizketa komunitariorako espazioak sortuko dituzte horrela, libre eta lasai sentitzeko: Death kafeak. Heriotzaz eta prozesu horrek dakarrenaz beldurrik barik hitz egiteko espazio seguruak dira tertulia horiek: “Espazio potenteak dira, bakoitzak bere bizipenak azaltzeko lekua. Eta, saio bakoitza desberdina da, nortasun propioa hartzen duelako. Gehienez hamabi pertsona batzen gara, eta gaiak denetarikoak izan daitezke, sanitarioak, instituzionalagoak, doluari buruzkoak… Bertara datozenen beharrizanen araberakoa izaten da saioa”. Errespetuagaz, eta akordioetara zertan iritsi barik eroaten dituzte aurrera, ez direlako terapia saioak, ez, baina bai terapautikoak.
Publiko guztientzako clown antzerki ikuskizuna ere eskainiko dute: En transito, perdonen lan molestias. Hiltzen ari den pertsona batek bere kontzientziagaz duen elkarrizketa jorratzen du obrak, gai sakonak era lasaian eta umorez landuz. Horren ostean, gainera, jakinarazi dute zuzendariagaz eta aktorrekin hitz egiteko aukera ere egongo dela.
Horiez gain, Hil aurretik nahi dut… esaldi zirikatzailea duen horma bat jarriko dute arkupeetan, eta hori betetzen joateko deia egingo diete herritarrei. Esamoldeak hausnarketa eragiten du, buruari bueltak ematea eta gaian pentsaraztea gonbidatuz.
Bestalde, kale ekintza bat ere egingo dute kultur etxe aurrean: Zu gogoratuz. “Bihotz bat margotuko dugu kandelen argiekin. Bakoitzak senide baten izena idatzi beharko du bihotz formako papel batean, eta denon artean bihotz handi bat egingo dugu”, azaldu dute, energia ona bidaltzea eta jasotzea dela asmoa esanez.
Iñaki Peñaren Mendian hil, hirian hil dokumentala ere eskainiko dute, zeinek heriotzari buruzko elkarrizketa oinarri duen. Oroimenaren aldeko proposamena da, “esperientzia handia” duen zuzendariak gidatutakoa. Hala, ikus-entzunezkoa proiektatu ostean ere, beragaz berbetako aukera izango dute bertaratzen direnek.
Domu Santu egunean izango da hori, arratsaldean, baina goizean, harrera musikatua egingo dute hilerrian. “Asmoa hilerrira doazenei akonpainamendua egitea da, eurei laguntzea. Denek dakite protagonismoa bisitariek dutela, eta ez eurek”, azaldu dute. Eta, jakinarazi dute musikariak zein abeslariak bertaratuko direla, kantu lasaiak eskaintzeko. “Errespetua da gure oinarria, hildakoekiko dugun errespetua”.
EGITARAUA
Bihar, zapatua.
18:00. Elai Alai areto txikian, En transito, perdonen las molestias antzerkia.
Etzi, domeka.
11:30. Death kafea Elai Alai areto txikian.
Urriak 30, eguaztena.
12:45. Hil aurretik nahi dut… horma jarriko dute arkupeetan.
19:00. Death kafea Astran.
Urriak 31, eguena.
20:30. Zu Gogoratuz ekitaldia kultur etxe aurrean.
Azaroak 1, barikua.
12:30. Harrera musikatua hilerrian.
19:00. Mendian hil, hirian hil dokumentala Elai Alai aretoan.