Azokagunearen beste aurpegia
Urriko Azken Astelehena urteko azoka nagusia da Gernika-Lumon, baina inolaz ere ez bakarra. Astelehenero Merkatu plazan lanean diharduten emakume azokariek euren errealitatea argitu dute.
Urriko Azken Astelehena, Euskal Herriko nekazari zein artisau azokarik handienetakoa eta gernika-lumotarren agendan gorriz markaturiko eguna, ate joka dago. Beste urte batez, datorren astelehenean Gernika-Lumoko kale, plaza nahiz bazter jende mosaiko batez jantziko da.
Baserritarrek, nekazariek edota artisauek beren produktuak herritarrei zuzenean saltzeko agertokia da Urriko Azken Astelehena, baina data potolo horrek, era berean, eztabaidarako tartea ere ezkutatzen du; eztabaida horren lagina, hain zuzen, asteleheneroko azokak gordetzen du.
Busturialdeko eta inguruko eskualdeetako ekoizleen presentzia egon ohi da astelehenetan. Azokari gazteenek “ilusio osoz” lan egiten duten arren, aitortzen dute belaunaldi aldaketa “nekez” ikusten dutela: “Gutxi gara alor honetan murgiltzen garen gazteak, eta adinean gora doazenek erretiroa hartzen dute; beraz, azokak etorkizun iluna du”.
“Azokagunea egoera negargarrian dago, eta itoginen, mahai apurtuen nahiz teilatuko usoen arazoa du”
Azokari asko astelehenetako hitzordua “bultzatu eta sendotu” beharraz mintzo dira, azokagunetik bertatik hasita: “Egoera negargarrian dago, eta itoginen, mahai apurtuen nahiz teilatuko usoen arazoa du; ez dira ezelan ere beharrerako baldintzarik egokienak”. Ekoizleen ustez, urri amaierakoa moduko azoka handiek “ez dute erakusten” sektorearen egoera: “Egun horretako salmentak ez dira urtearen gainontzeko hilabeteetako salmenten isla“.
“Urriko Azken Asteleheneko azoka erakunde publikoen zelanbaiteko aurpegi zuriketa da”
Emakume azokariak kexu dira, erakunde publikoen esku hartzea “oso pobrea” baita. “Instituzioek Urriko Azken Asteleheneko azoka moduko egitasmo handi eta puntualetan besterik ez dute inbertitzen, zelanbaiteko aurpegi zuriketa da; txanponaren ifrentzuan, ostera, astelehenetako egoera dago, inertzia hutsez eta inongo babes instituzional barik bizirauten dabilena”.
Astelehenetako bilgunea, salerosketaz harago, kontsumo “arduratsu eta koherentearen” babeslekua da; ez, aldiz, hilabete amaierakoa. “Oro har, jendeak ez ditu bilatzen eskualdekoak, sasoikoak eta lurrarekiko errespetuz onduak diren produktuak; sagardotik, talo pintxotik edota gozokietatik harago, ez dago azpimarratzekorik askoz gehiago. Funtsean, urteko gainontzeko astelehenenak sektorearen benetako agertoki dira; Urriko Azken Astelehena, berriz, erakundeen eta enpresen egun bateko antzezleku bihurtu da”.
Matriarkatuaren mitoa.
Azokagunearen genero arteko banaketa “ohitura eredu baten ondorioa” dela nabarmendu dute. Aipatutako “inertzia egoerari” tiraka, azaldu dute emakumeen presentzia “handia” dela azokan, baina presentzia “beste hainbat modutan” ere neur daitekeela: “Emakume azokarien kopurua oparoa izanda ere, sasoi bateko kulturan ustiategiak eta lur orubeak gizonen izenean zeuden; salmenta eta erabaki potoloenak ere gizonezkoek hartuak ziren”. Adinekoek “familia funtzionamendu” horregaz jarraitu arren, belaunaldirik gazteenen artean “eraldaketa” zabaltzen hasia da: “Gazteenek ustiapena eta ekoizpena ez dituzte zuzenean familiagaz lotzen; horrek hainbat emakume gazte lehen ustez beraientzat gordeak ez zeuden erabakiguneetara eroan ditu”.
Gazteen parte hartzeak duen pisua argitzeko, pandemia sasoiko adibidea dakarte plazara azokariek. “Pandemiaren etapa batean, Gernika-Lumoko Udalak agindu zuen plazara 65 urtetik beherakoak baino ezin zirela joan. Deigarria izan zen ikustea hamabi postu baino ez zirela egon; gainera, modu estentsiboan ortuariak saltzen zituztenak bi besterik ez ziren. Horixe da lehen sektorearen errealitatea“, azpimarratu dute.
Kontsumitzaileen “kontzientzia eza” begibistakoa izan arren, ardura guztia ez dute kontsumitzaileen gain ipintzen: “Ustez ezkertiarra den jende pila bat ez da jakitun badela produktuak ekoizteko modu bat geure buruaren kontra doana. Kontua da instituzioek, diru laguntza eta publizitate aldetik, eredu kapitalista, bizkor eta huts baten alde egiten dutela. Tokiko, sasoiko eta 0 kilometrokoaren alde egiten dutela salduta, ekoizpen eredu erraldoia, bizkorra eta kalitate baxukoa sustatzen dute; kapitalismoaren gurpil zoroa da”. Prezioez harago, kontsumitzaileei deia luzatu diete aintzat hartu beharreko gainontzeko alderdiei ere “erreparatzeko”.
Urriko Azken Asteleheneko une berezien argazki galeriaz harago, bada errebelatzeko prest dagoen beste bilduma bat ere: tokiko lehen sektorearena. Eta bilduma horrek argazki bana erakusten du, urriko azkenengoa ez den astelehenero.