"Danok gara TXU"
Zapatu honetan (urriak 26) ospatuko da Astelehentxutxu, eta aurten "JarraiTXUkogu?" lelopean antolatu dute, beste urte batez, herriko belaunaldi desberdinetako gazteak batzeko eta gozatzeko eguna.
Urriaren amaierarekin batera, gernika-lumotarrentzat egun bereziak datoz. Urriko Azken Astelehena ospatuko da astelehenean (urriak 28), eta horren “prebia”, zapatuan. Izan ere, koadrila, herritar eta belaunaldi desberdinekoen artean komunikatzeko eguna ospatuko dute, goi-goitik zapatu honetan (urriak 26): Astelehentxutxu. “JarraiTXUkogu?” lelopean dator aurten gazteek gazteentzako sorturiko, gozatzeko eta ospatzeko eguna. Egun osorako egitarau zabala prestatu dute aurten, beste behin, eta antolakuntzatik azaldu dutenez, “prestakuntza berebizikoa” da. “Orri zuri bat da Astelehentxutxu. Dena hasieratik antolatu behar da urtero, eta beraz, prestakuntza horretarako ahalik eta jende gehien animatzea beharrezkoa da”, nabarmendu dute. Hala nola, normalean irailaren erdietan hasten diren arren, aurton zerbait beranduago hasi dira dena antolatzen.
Egitarauarekiko, nahiz eta urterik urte aldaketa nabaririk izaten ez duen, dena antolatzeko eskuak eta ahotsak beharrezkotzat dituzte antolatzaileek, batez ere, aipatutako orri zuri horri lehen margokadak ematea “astuna izan ohi delako”. Egitarauean ekintza desberdinak egotea ere hausnartu zutela aitortu dute, gainera: “Noizbait planteatu dugu paella barik tortilak egitea, adibidez. Baina egia da astelehentxutxun paellak egitea oso mitikoa dela jada, eta gainera paellak egiteak bere xarma ere baduela uste dugu”.
Gernika-Lumoko gazte eta ez hain gazteak batzea du jomuga Astelehentxutxuk, eta ideia horretan tinko mantendu dira antolakuntzatik: “Bakoitzaren adinak, izaerak edota ideologiak alde batean uztea da helburua, eta era berean, herritar guztion arteko lotura hori bermatzen jarraitzea, urtez urte”. Gernika-Lumo bakar bat izatearen ideia azpimarratu dute, beregain, eta ez Gernika-Lumoko mila kuadrila desberdin izatea. “Azken finean, danok gara TXU, orduan, Astelehentxutxu ere danon eguna da”, gaineratu dute.
Belaunaldiz belaunaldi. Lankidetzak eta elkarlanak garrantzia duen moduan, belaunaldi desberdinen arteko antolakuntzak ere beste horrenbeste garrantzi du Astelehentxutxu bezalako egun bat aurrera eramateko, eta batez ere, bere helburuak lortzera heltzeko. “Duela urteak, Astelehentxutxu merkatu plazan ospatzen zenean, familia giroa ere usaintzen zen herrian. Umeak, gurasoak, etabar luze bat. Orain ordea gazteak soilik egoten gara, baina gazte izatea sikologikoa dela uste dugu, eta beraz, lehengo giro hori berreskuratu behar dela, Astelehentxutxu denon topagune izateko”. Antolakuntzan ere, belaunaldi desberdineko jendea dagoela eman dute aditzera. 14, 15, 23, 25 eta 27 urteko jendea batzen dira hain garrantzitsua den prestakuntza horretan, eta bide batez, horretara animatzeko dei egin dute antolakuntzatik, “herriaren laguntzaren beharrizana” berretsiz.
“Giro itzela” espero da zapatuan Gernika-Lumon, eta horretarako egitarau borobila pres dute antolakuntzakoek. Paellak, jolas desberdinak, jan-edanak, eta musikak alaituko dute eguna zapatuan. Eguraldiaren menpe agertu dira antolatzaileak, baina eguraldi on zein txarra egin, konponbideak aurreikusi dituzte. Hala nola, eguraldi ona egitekotan, Astra kanpoan ospatuko da jaia, euria egitekotan, ordea, merkatu plazan. Jakin beharreko informazioa ere eskaini dute: “Paelletarako izena emateko, bihar 17:00etatik 20:00etara izango da tokia. Mahai eta aulki mugatuak egongo dira, beraz, lekurik barik geratzekotan, bakoitzak bere mahai eta aulkiak eroan beharko ditu zapatuan. Apuntatzeko, gainera, ezinbestekoa izango da kuadrilaren izen bat ematea eta zenbat jende hurbilduko den esatea. Horrez gain, 20 euroko fiantza bat utzi beharko da bihar bertan”.
EGITARAUA:
11:30. Infogunie eta prestaketa gunie zabaldu.
14:30. Jangunie zabaldu eta paellan balorazioa.
16:00. Bingo musikatue.
16:30. Sari banaketa.
17:00. Jolasak.
21:00. Porrurik bez elektrotxarangameria (Astra kanpoan)
22:00. Kontzertuak: Rosa Palo, Eiko taldea eta Matxing