Busturialdeko ekintzailetzaren haztegia eta gordelekua
Barrutialde Lanbide Heziketak orainaren eta etorkizunaren aldeko apustu sendoa egiten du, ekintzailetza eta proiektuen sorrera nahiz garapena ardatz. Ekintzailetza Saioa egin dute berriki, eskualdeko eragileen parte hartzeagaz.
Busturialdea ilusio, egitasmo eta proiektuen lurraldea da. Hori ederto dakite Barrutialde Lanbide Heziketan, ikasleak aurrera begira, beharrezko lanabesak emanez eta beren jakingura piztuz hezten baitituzte.
Ekintzailetasuna bultzatzea da, helburu horren bilaketan, Barrutialdeko lantaldearen erronketako bat. Beraz, berriki Ekintzailearen Egunagaz bat egin du zentroak, eta etorkizuneko protagonistei, ikasleei, zuzendutako egitaraua antolatu dute: Ekintzailetza Gela. Ekintzailetza Gela Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzi Planaren esparruan, Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak eta Europar Batasunak-NextGenerationEU-k finantzatuta dago. Ekintzailetzagaz lotutako Busturialdeko eta inguruko erreferenteek parte hartu dute, beren esperientziak partekatuz eta ikasleei “ekintzaile izatea eta ametsak proiektu bihurtzea” posible dela argituz.
Lanbide Ekimenak-en ordezkaria, Joseba Irazabal, izan da hitza hartzen lehena. Eskualdeko enpresei eta norbanakoei laguntza ematea du helburu egitasmoak. Ideietatik proiektuetara arteko jauzia egiteari buruzko sekretu guztiak azaldu ditu Irazabalek: “Negozio plana zelan egin, monetizazioa zelan kudeatu edo diru laguntzek nola funtzionatzen duten azaldu”. Aholkularitzaz gain, Lanbide Ekimenak-ek ekintzaileei formazioa zein modutan ematen dien argitu du.
Jarraian, Urremendi Landa Garapen Elkartearen eta Gaztedi Busturialdea Sailaren teknikariaren txanda iritsi da: Ainhoa Oar. Elkarte horrek landa eremuko bizi kalitatea hobetzea du jomuga. Sustatzen dituzten proiektuen artean, eskualdeko Enpresa Ideia Lehiaketa nabarmendu du. 18-35 urte artekoen “ekintzailetza kultura hauspotzea” du jomuga txapelketak, “eskualdeko gazteen laneratzea hobetzeko”.
Ekintzaileek zenbait baldintza bete behar dituzte, parte hartu ahal izateko: aipatutako adin tartea betetzea; Busturialdetik kanpokoak izan arren, proiektuak eskualdean kokatuak egotea edota beraien eragin esparrua eskualdea izatea; originaltasuna, bideragarritasuna, jasangarritasuna, enplegu sorkuntza eta gizarte eragina edukitzea.
Lehiaketak bere horretan suposatzen duen erronkaz eta abenturaz gain, sariz omentzen dituzte irabazleak: 3.000 euroko lehen saria, 2.000 euroko bigarrena eta 1.000 euroko lehen sektoreko ideiarik onenaren saria. Aurten, gainera, sari “soziala” ere edukiko dute: “Tokiko biztanleen bizitza hobetzera emandako gizarte proiektu onenak jasoko du”. Bestalde, lehen sari biek urtebeteko doako aholkularitza zerbitzua ere irabazten dute. Gainera, ekintzaileek, lehiaketa ostean ere, jarraipena eta laguntza jasotzen dute.
Aurrera egiteko aukerak.
Orain arte aurkezturiko 160 ideietatik 58 “makina bete-betean” daude, egun. Zifrek ez diote gezurrik. Ez hori bakarrik: bai Urremendik, bai Lanbide Ekimenak-ek elkarlanean dihardute, etengabe laguntzeko. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Leader programa ere kudeatzen du Urremendik. Adin muga barik, landa eremuan sortzeko proiektuak bultzatzeko diru laguntzak dira, betiere lehen sektorekoak ez diren ideiei zuzenduak. StartUp erako diru laguntzak daude, baina baita makineriari edota kontratazioari bideratutakoak ere.
Ispilu batek bestaldean dagoena bistaratzeko balio badu, euren etorkizuna argitzeko aukera eduki dute ikasleek. Izan ere, bertan ibilitako eta, ekintzailetzatik bere bidea eginiko Aimar Bilbaok ekintzaile izateak dituen aspektuak azaldu ditu. Astobieta Burdingintzaren buruan dago, egun. Ikasketen ostekoaz, beste enpresa batzuetan jasotako eskarmentuaz, nork bere proiektua sortzeaz eta zailtasun nahiz abantailez mintzatu da Bilbao.
Burdingintzatik eta galdaragintzatik jauzia eginda, Agus Lombanak zurgintzagaz erlazionatutakoak azaldu ditu. Lombanak, bere bi anaiekin batera, The Wood Brothers enpresa gidatzen du. Itsasontzien konponketa, azpiegituren mantenua eta bidean duten produktu propioen ekoizpena dira egurragaz lan egiten duten ekintzaileon ardatzak. Lombanak, gainera, ekintzailetzagaz sarri lotu ohi den beste kontzeptu bati buruzkoak plazaratu ditu: autonomo modura lan egitearen gainekoak. Ikasleek begi onez hartu dute errealitate hori bizi duen langile baten kontakizuna hurretik jasotzea.
Ekintzailetza Gela giro ederrean eta jan-edanean burutu dute. Modu lasaian, beren zalantzak helarazi dizkiete adituei. Eskualdeko potentziala agerikoa da; Barrutialde Lanbide Heziketa, potentzial horren haztegia.