Egunerokotasunaren ondorioak, egunero ikusgai
Lucas Vallecillosek azken hiru urteetan garatutako ‘Klima larrialdia. Erronka sozial saihestezina’ erakusketa klima aldaketari buruzko ikus-entzunezko saiakera da, eta Ekoetxea Urdaibain dago ikusgai.
Asko ikertu eta idatzi da azken hamarkadetan klima aldaketaren inguruan. Adituek behin eta berriz azpimarratu dituzte arazo global hori bizkortzen laguntzen duten eta gure egunerokotasunean leku finkoa duten jarduerak, hala erregai fosilen erabilera, nola neurririk gabeko kontsumismoa. Sarri bota dituzte Lurrean positiboki eragin dezaketen gomendioak, baina bai arazoek, bai herritarren ohiturek berdintsuak izaten jarraitzen dute, larriagoak ez badira.
Arazo horri heltzeko beste modu bat bilatu du Lucas Vallecillos argazkilariak azken hiru urteetan eta Garapen Iraunkorreko Helburuak sustatzen dituen eta gogoetarako gonbidapena egiten duen erakusketa prestatu du, «ikus-entzunezko entsegua» eginez. Globala den ekintzari «gertutasunetik» heldu dio Vallecillosek, «ikuspegi ekosozialarekin eta justizia klimatikoarekin».
Klima-larrialdia. Erronka sozial saihestezina erakusketa Ekoetxea Urdaibain dago ikusgai abenduaren 8a bitartean. 54 argazki eta bisitariek QR bitartez ikusi ditzaketen 12 bideok osatzen dute, eta besteren artean krisi klimatikoaren zergatia jorratzen du. Kausen artean elikagaiak alferrik galtzea agertzen da, besteak beste: «Urtero 7,7 milioi tona elikagai botatzen ditugu zakarretara, %42 etxeetan». Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioaren arabera, mundu osoan botatako elikagaiek berotegi efektuko gasen %10 eragiten dituzte.
Larrialdi klimatikoak sektore biofisikoetan dituen eraginak ere aztertu ditu Vallecillosek. Klima aldaketak ekosistemen aldaketa eragiteaz gain, landare eta animalien bizi-zikloetan «nahasmenduak» sortzen ditu: «Kasu batzuetan horiek desagertzera eramaten ditu». Erakusketan azaltzen duenez, muturreko fenomenoen maiztasuna areagotzen ari da, «ingurune fisikoa zigortuz».
Sektore sozioekonomikoei dagokionez, berriz, nekazaritza, turismoa eta pertsonen osasuna aipatzen dira: «Migrazioaren gorakadak gizarte-mugimendua eragiten du, eta horrek, ikuspegi ekosozialetik justizia klimatikoa eskatzen du, pertsona kalteberei agresibitate handiagoagaz eraginez». Hori arintzeko irtenbideei dagokionez, «deskarbonizazioa eta egokitzapena» dira klima larrialdiaren ondorioei aurre egiteko aipatzen diren estrategiak.