Gallartako Meatzaritza Museoa ezagutu dute nabarniztarrek
54 lagun elkartu ziren atzo (urriak 20) Nabarnizko Udalak Gallartako Meatzarien Museoa ezagutzeko antolatutako irteeran. Giro ederrean igaro zuten eguna.
54 nabarniztarrek Gallartako Meatzaritza Museoa ezagutu zuten atzo (urriak 20), eta egun “bikaina” pasatu zuten lagun artean.
12:00etan, hiru taldetan banatuta bisitatu zuten urteetan zehar mendietan eta lantegietan jasotako meatz erreminten bilduma handienetako bat duen museoa. Bizkaiko meatzarien bizimoduaren testigantza jaso zuten nabarniztarrek bertan, “bertoko historiaren zati ezezagunenetako bat ezagutzeko aukera”.
2001ean ireki zuten museoa Gallarta auzoko Hiltegi Zaharrean, eta Meatzaritza Museoaren Elkarteak bere helburuetako bat bete zuen: hau da, urteetan zehar mendi eta lantegietan bildutako piezak, lanabesak, makinak eta dokumentazioa jendaurrean erakutsi eta ezagutzera ematea. Orduz geroztik, etengabe jarraitu du lanean, monografiak editatzen eta era guztietako publikoarentzat erakusketak eta zabalkunde jarduerak antolatzen. Ahozko testigantzak jasotzeko lanak eta ikerketak ere sustatu ditu museoak.
Izan ere, museoaren helburua da meatzaritzaren kultura eta historia, eta, bereziki, Bizkaiko meatzaldekoa ikertu eta ezagutaraztera ematea. Hain zuzen ere, meatzaritzak izandako garapen historikoa ikertu eta ezagutarazten du, horrek ekonomian, gizartean eta ingurumenean izandako ondorioak jasoz. Horrez gain, meatzaritzatik datozen elementu materialak, industriakoak, hirietakoak eta azpiegiturak babestu eta berreskuratzea ere bilatzen du.
Gero, museoa bisitatu sostean, Asador Maite Jatetxera joan ziren nabarniztarrak, eta bazkaldu eta gero, La Arboledan bota zuten arratsaldea. Hori da, hain zuzen ere, Europa osoan hoberen kontserbatu den meatzari herrixketako bat. Herri meatzariak nolakoak izan ziren erakusten duen lekukoa da herri hori: “Kale paralelo estu-estuak ditu, eta oraindik ere meatzarien etxebizitza batzuek bertan diraute”.