Ajuriako Pilota Goxua Txapelketa aste honetan erabakiko da
Barikuan [urriak 25] lehiatuko dute Ajuriako III. Pilota Goxua Txapelketaren finala. Hirugarren eta laugarren postuak zehazteko neurketa ere jokatuko dute.
Ajuriako Pilota Goxua Txapelketaren III. ekitaldia bere azken txanpara iristeko puntuan dago: datorren barikuan [urriak 25], txapelketaren finala lehiatuko dute. Maila handiko bikote bi ariko dira aurrez aurre, txapela nork poltsikoratuko: batetik, iazko bikote garailea, Azkarai foruarrak eta Bidaburu muxikarrak osatutakoa; bestetik, Muniozguren munitibartarra eta Artxo mendatarra.
Final handia, gainera, ez da barikuan Ajuriako pilotalekuak hartuko duen neurketa bakarra. Dringili-drangolo auzo elkartea, lantalde antolatzailea, gazteen pilota sustatu guran dabil eta, hori horrela, umeen zesta-punta partiduak abiatuko du egitaraua, 19:00retan. Horrez gain, hirugarren eta laugarren postuak zehazteko norgehiagoka ere jokatuko dute. Partidu horrek ere lehiatua izateko osagai guztiak ditu: Latxiondo eta Mugika gernika-lumotarrek Kortazar munitibartarraren eta Gandiaga mendexarraren kontra neurtuko dituzte indarrak.
Lehen finalerdiaren bigarren erdira arte, Azkaraik eta Bidaburuk ezin izan dute markagailuan arrakala handirik zabaldu
Finala orduko azken jardunaldia ere “ikusteko modukoa” izan zen, iragan astean. Finalaurrekoetan, lehenik eta behin, Azkaraik eta Bidaburuk Kortazar eta Gandiaga menpean hartu zituzten. Estreinako sakea egin bezain pronto, ikuskizuna ageriko egin zen: “Lehendabiziko tantoa bost minutu ingurukoa izan zen, luzea eta lehiatua, zeharo borrokatua”. Atzelariek zeresan handia eduki zuten jokaldiei eusten, finalerdiaren “giltzarrietako bat” izan ziren.
Hori dela eta, markagailu estuak ez zuen une batean ere bikote jakin baten alde argi egin: 15 eta 15 edota 16 eta 16 joatera iritsi ziren. Orduan, hautagaiek martxa bat gehiago bizkortu zuten partiduaren erritmoa, tantoz tanto 22 eta 16koa lortu arte. Ikusleak zutundu zituen erakustaldiak: “Tentsioa oso handia izan zen, baina partidu zoragarriaz gozatu zuten bertaraturikoek”.
Muniozguren munitibartarra “guztien gainetik” aritu zen bigarren finalaurrekoan
Bigarren finalaurrekoan, argi-itzalak uztartu zituzten: “Tanto politak egon ziren, baita zenbait tanto huts ere. Edozelan ere, oro har, partidu ikusgarria izan zen bigarrena ere”. 11 eta 12ko markagailuagaz, lehia estu egonik ere, aurrea hartzea lortu zuten Latxindok eta Mugikak, baina beraien aurkari Muniozgurenek eta Artxok oraindik azken karta bat gordeta zuten. Baita ondo gordeta ere. Maisutasunez hartu zuten aurrea, eraginkortasunez, eta markagailua 22 eta 18ra eroan zuten. Gainera, antolakuntzatik nabarmendu dute, lau pilotariak “oso txukun” ibilita ere, Muniozguren “guztien gainetik” aritu zela.
Aurreikuspen onak.
Jardunaldiz jardunaldi, herritarren bilgune izan da Ajuria. Urriko iluntzeak girotu ditu txapelketaren hirugarren aldiak eta, era berean, egonkortuta eta sendo dagoela frogatu du. Finalaren atarian, iragarpenak “baikorrak” dira antolatzaileek ustez. Horrenbestez, herritarrei Ajuriara bertaratzeko deialdia egin diete. Pilota Goxua txapelketa, kirol ekimena izateaz gain, herrigintza eredu apartekoa ere badelako.