Emakumeen eskutik, produktu ekologikoak dastatu eta probatu dituzte Mundakan
Landa eremuko emakumeen azoka antolatu dute gaur (urriak 19), lehenengoz, Mundakako plazan. Eta, emakume artisau zein nekazarien postuetan, denetariko produktu ekologikoak ikusi, probatu eta erosteko aukera izan dute mundakarrek.

Argi Tobalina, Maka Jimenez, Mentxu Amunategi, Amaia Laskurain, Hemlata Chhetri eta Rakel Santamaria. Denak emakumeak, denak lehen sektoreko langileak, artisau zein nekazariak. Eurak izan dira protagonistak gaur (urriak 19) goiz-eguerdian Mundakako plazan. Izan ere, produktu ekologikoak ezagutu eta erosteko aukera egon da herrian lehenengoz antolatu duten landa eremuko emakumeen azokan.
Azokaren helburua izan da landa eremuko emakume nekazari eta artisauei zein euren produktuei leku edo plaza berri bat eskaintzea, eta euren produktu eta materialak erosi eta ezagutu ahal izatea, baita giro herrikoia sortzea ere. Horrez gain, emakumezkoek landa munduan duten garrantzia kaleratu gura izan dute udal ordezkariek. Hala, sei emakume batu dira, eta mundakarrei euren produktuak erakutsi dizkiete.
Tobalinak arrautza ekologikoak eroan ditu Mundakara, eta Jimenezek elikagai ekologikoak. Amunategik sendabelarrak eta ukenduak jarri ditu bere postuan, eta Laskurainek gazta ekologikoa, osagai desberdinetakoa. Chhetrik Nepaleko emakumeei erositako eta handik Errigoitira ekarritako artileagaz egiten dituen denetariko produktuak jarri ditu salgai, eta, Santamariagaz, artilea zelan tratatu daitekeen ikasi dute bertaratu direnek, baita bere produktuak ikusi ere.

Mundakako landa eremuko emakumeen lehenengo azoka, herriko plazan.
Euren produktuak azoketan saltzen dituztenez, plaza bat gehiago edukitzea “ona” dela esan dute denek ala denek. Izan ere, horrek euren lana eta euren produktuak ikusarazteko balio diela gehitu dute: “Azokek balio dute gure produktuak herri berrietan erakusteko eta salgai jartzeko. Zenbat eta azoka gehiago izan aukeran, hobeto”.
Azokak emakume ekintzaileen arteko sareak ehuntzeko aukera ere badirela azpimarratu dute. Izan ere, “garrantzitsua” da eurentzat euren arteko harremanak estutzea. “Garrantzitsua da jakitea beste emakume batzuk zertan dabiltzan, nola lan egiten duten, zelan lagundu gaitezkeen elkarri… Batzea garrantzitsua da sare oparo bat sortzeko”, aitortu du Amunategik.
Azokek eskaintzen duten nekazarien eta erosleen aurrez aurreko hartu-emanaren lekuko ere izan da gaur Mundaka. Izan ere, asko izan dira produktuei buruz galdetu, gomendioa eskatu, kurioseatu eta horiek erosi egin dituzten herritarrak.
Emakumeen azoka gehiago egon beharko liratekeela iritzita, nekazarien lanarekiko “apustu erreala” ere beharrezkoa dela eskatu dute nekazariek. “Garrantzitsua bada gure lana erakustea, baina ezin da egun jakin baten araberakoa izan. Nekazaritzan gabiltzanok egunero ari gara gure ortuetan beharrean, ze astero atera behar dugu produktua. Azokak ondo datorzkigu, saldu eta ezagutzen gaituztelako, baina ez da norberaren lanarekiko benetako apustu bat. Erakusleihoa da, baina atzeko lana da benetan ikusezina dena, eta horri lagundu behar zaio”, esan du Amunategik.

Mundakako landa eremuko emakumeen lehenengo azoka, herriko plazan.
Nekazaritza ekologikoan urte asko daramatza, sendabelarrak egiten hainbat urte. Barazkiekin ere lan egin du, eta frutagintza ekologikoan ere aritu da. Hala, Foruan lehen marrubiak egiten zituztela jakitun, marrubi ekologikoak ekoizten hasi zen duela urte batzuk. “Baina zer gertatzen da? Hortik bizitzea zaila dela. Hala ere, sendabelarrekin jarraitzen dut lanean. Baina Bizkaian ukenduak egiten ditugunok ezin gara artisauak izan, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan, aldiz, bai. Beraz, oso leku gutxitan egiten dute guganako apustua”, azaldu du. Badaki bere kasua “berezia” dela, baina uste du denek ezin dutela berdina egin, eta aukerak mugatuz gero, sektorea ere mugatuko dela.
Dioenez, landa eremuko emakumeen lana aitortu behar da, eta azokez gain, lehen sektoreko emakumeen arteko mahainguruak egitea proposatu du: “Inguruko herrietako emakume askok eta askok dituzte ortuak. Eta, lehen, Mundakan, arrainak ere saltzen zituzten dagoeneko jubilatu diren andrek. Zergatik ez diegu horiei deitzen, eta denon artean mahainguru batean bildu? Errealitatea ezagutzeko, elkar ezagutzeko aukera ona izango litzateke. Ze, sare hori barik, elkar ezagutu barik… alperrik dugu. Zergatik ez dugu benetan babesten eta maitatzen gure ingurua?”.

































