Asteklima, eskualdeko zenbait herritan hastear
Bermeo, Busturia, Muxika eta Nabarnizek hainbat jarduera prestatu dituzte, bihar hasi eta urriaren 27ra arte iraungo duen Euskadiko Klima eta Energiaren Astearekin bat eginez.
Euskadiko Klima eta Energiaren Astea bihartik urriaren 27ra egingo da aurten, “Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da” lelopean, eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak antolatu du, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren laguntzarekin. Klima eta Energiaren Euskadiko Astearen bosgarren edizioa izango da aurtengoa. Ekimen hau 2019ko martxoan sortu zen beregain, herritarrak klima-aldaketaren aurrean konpromiso pertsonalarekiko kontzientziatzeko eta mobilizatzeko.
Bihar emango zaio hasiera “klima-aldaketaz kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko” asteari eskualdeko zenbait herritan. Kasu honetan, Bermeo, Busturia, Muxika eta Nabarniz izango dira herritarrak klima aldaketaren aurrean konpromiso pertsonalarekiko kontzientziatzeko jardueraz beteko diren herriak.
Hala nola, Bermeoko Udalak “herritik bertatik jarduteko premia herritarrei helarazteko” jarduerak antolatu dituela eman du aditzera: hitzaldi eta tailer interesgarriak eskainiko ditu herriak hurrengo egunetan. Bihar (barikuan), Ricardo Gamaza kazetariak Turistificación y cambio climatico tailerra eskainiko du Nestor Basterretxea aretoan, 18:00etan. Astelehenean (urriak 21) berriz, Arronategiko marteloskopioa: Bermeoko baso-gela berria hitzaldia eskainiko du Neikerreko Nahia Gartzia Bengoetxeak. Hau ere 18:00etan izango da, udaletxe tradizionalaren azken solairuan. Azkenik, martitzenean (urriak 22) AZTIko Nerea Goikoetxeak Klima aldaketaren eragina gure arrantzan izeneko hitzaldia emango du, udaletxeko azken solairuan, 19:00etan. Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu ekitaldiotan parte hartzera, “klima aldaketaren aurrean garrantzitsuak baitira kontzientzia eta sentsibilizazioa”.
Busturian, BBK Klima esperientzia parkearen ateak zabalduko dituzte Asteklima dela eta, urriak 19 (zapatua), 20 (domeka), 26 (zapatu) eta 27an (domeka). Horrez gain, BBK Klima parkean bertan ihes-gela egingo dute datorren domekan (urriak 27), 12:00etatik 17:50era bitartean.
Muxikan ere, lau eguneko jarduerak antolatu dituzte ingurumenarekin bat egiteko helburupean. Domekan (urriak 20), bigarren eskuko azoka antolatu du Muxikako Udalak, “kontsumo-eredu jasangarri baterantz”. Urriak 22an (martitzena) berriz, gaztetxoenentzako ipuin kontalaria egongo da Zubieta-Errota liburutegian, 17:00etan. Maider Acelay izango da Zer gertatzen da basoan? ipuina kontatuko duena. Hurrengo barikuan (urriak 25), Blue, “gure ozeanoen osasunari buruzko” filma ikusteko aukera egongo da, berriz ere, Zubieta-Errota liburutegian. Kasu honetan 18:00etan. Azkenik, urriak 26ean (zapatua), Baso irteera antolatu da, BaSOS elkartearekin, Ugarte inguruko herri basoetatik.
Azkenik, Nabarnizek ere egitarau oparoa antolatu du Asteklimarekin bat eginez, klima aldaketa errealitate bat dela eta horretara egokitzeko gaitasuna garatzea premia bat dela sinetsita. “Ezinbestekoa da bizi garen ingurune naturala ezagutzea, lehenik eta behin, hura balioetsi ahal izateko eta, ondorioz, hura zaintzeko. Bigarrenik, nola funtzionaten duen ezagutuz lurralderen eta gizartearen egokitzapen tresnak garatu ahal izateko da garrantzitsua”, adierazi dute.
Hala, bihar (urriak 19) hasiko dira, hegaztiei eraztunak ipintzeko zientzia-jardunaldiarekin. Bi ingurumen hezitzaile eta eraztun jartzaile profesionalek hiru orduko jarduera zuzenduko dute. Horretaz aparte, hurrengo zapatuan (urriak 26) ere izango du ingurumenak eta klima aldaketak tokia Nabarnizen. Izan ere, familientzako interpretazio mendi-ibilaldia egingo dute Iluntzarreko ingurune naturala ezagutzeko. Herrigunetik abiatuta, ingurumen hezitzaile baten eskutik, hiru ordu inguruko jarduera izango da, elebitan.
EGITARAUA:
Bermeo
Bihar, barikua:
18:00. Turistificación y cambio climatico tailerra, Ricardo Gamaza kazetariaren eskutik.
Urriak 21, astelehena:
18:00. Arronategiko marteloskopioa: Bermeoko baso-gela hitzaldia, Nahia Gartzia Bengoetxearen eskutik.
Urriak 22, martitzena:
19:00. Klima aldaketaren eragina gure arrantzan hitzaldia, AZTIko Nerea Goikoetxearen eskutik.
Busturia
Etzi, zapatua:
11:00-19:00. BBK Klima esperientzia parkea zabalik.
Urriak 20, domeka:
11:00-19:00. BBK Klima esperientzia parkea zabalik.
Urriak 26, zapatua:
11:00-19:00. BBK Klima esperientzia parkea zabalik.
Urriak 27, domeka:
11:00-19:00. BBK Klima esperientzia parkea zabalik.
Urriak 27, domeka:
12:00-17:50. BBK Klima parkean ihes gela.
Muxika
Urriak 20, domeka:
10:00-14:00. Bigarren eskuko azoka.
Urriak 22, martitzena:
17:00. Ipuin kontalaria.
Urriak 25, barikua:
18:00. Blue dokumentala.
Urriak 26, zapatua:
10:00. Baso irteera.
Nabarniz
Etzi, zapatua:
10:00-13:00. Hegaztiei eraztunak jartzeko jardunaldia.
Urriak 26, zapatua:
10:00-13:00. Familientzat interpretazio mendi-ibilbidea.