Abian da Busturialdea-Urdaibaiko Plan Estrategikoaren lankidetza prozesua
Hogei udalerrietako alkateek eta Eusko Jaurlaritzako nahiz Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek osatuta dago "hausnarketa integrala" lantzen ari den talde eragilea. Lehen bilera egin dute, eta "gutxienez" beste bi aurreikusten dituzte.
Udaberrian onartuko dute Busturialdea-Urdaibaiko Plan Estrategikoa, eta plan horren kudeaketan dabilen talde eragileak atzo [urriak 16] abian ipini zuen hausnarketa “integrala eta estrategikoa” egiteko prozedura, hurrengo urteko udaberrian amaituko dutena. Talde eragilea Busturiko Madariaga dorretxean elkartu zen; taldearen barruan daude eskualdeko udalak, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Lehen hausnarketa topaketan, planaren helburuak partekatu zituzten, eta hala lan egutegia, nola aurreikusitako metodologia iragarri ere bai.
Plan Estrategikoaren fase honetan, egungo egoeraren diagnostikoa ekoitzi zuten, aldez aurretik eginiko ikerlanetan, elkarrizketetan eta planetan oinarrituta. Era berean, aurreratu dute diagnostiko hori oraindik ere jorratzen eta osatzen jarraituko dutela, Bizkaiko Foru Aldundiaren gobernu kontseiluagaz taldelanean.
Plana ontzeko, lehentasunezko jarduketa eremuak (LJE) garatzeko baliatzen den erakunde arteko estrategientzako metodologia komuna erabiliko dute
Plana ontze aldera, lehentasunezko jarduketa eremuak (LJE) garatzeko baliatu ohi den erakunde arteko estrategientzako metodologia komuna probestuko dute, honako ezaugarriak aintzat harturik: erakundeen, enpresen, gizartearen eta ezagutzaren arloak eskualdeak esanguratsuak diren eragileak kontuan hartzen dituen prozesu parte hartzaile “zabal baten ondorio” izatea; tokiko garapen sozioekonomikoa “era integralean” lantzea; eskuldearen etorkizuna oinarri harturiko ikuspegi partekatuak lortzea eta ikuspegi horiek aurrera eroateko lan ildo estrategikoak edota trakzio proiektuak definitzea; eta, azkenik, eskualdearen bilakaera monitorizatzeko aukera emango duten “jarraipen zein ebaluazio adierazleak” txertatzea.
“Bereizgarridun” eskualdea.
Euskal Herriko beste eskualde batzuekin alderatuta Busturialdea-Urdaibaik “balio handiko elementu bereizgarria” daukala argitu dute: Biosfera Erreserba izatea. Berezitasun horrek “eragina” du, hainbat arlori erreparatuta: “Eskualdearen egiturari, azpiegiturei nahiz ekipamenduei, jarduera ekonomikoari, eskualde barruko zein eskualde arteko hartu-emanei eta idiosinkrasiari dagokienez”. Alde horretatik, Busturialdearen errealitate horrek “baldintzatu” egiten ditu tokiko herritarren “garapen ekonomikoaren eta ongizatearen adierazleak”: “Horrenbestez, erakundeek gogoeta, azterketa eta jarduera espezifikoak egin behar dituzte, herritar denen ongizatea eta lehiakortasuna bermatuta egon daitezen”.
Euskal Herriko beste eskualde batzuekin alderatuta, Buaturialdea-Urdaibaik “balio handiko elementu berezigarria” dauka: Biosfera Erreserba izatea
Bilakabide metodologikoa eta bilakabide horren mugarrien garapena talde eragileak gidatuko duela adierazi dute, eta taldea bera izango dela emaitzak eztabaidatuko eta baliozkotuko dituena. Organo horrek, hain zuzen ere, “gutxienez beste bi bilera” egingo ditu, Plan Estrategikoaren prestakuntzara bideratuak. Taldearen “protagonista nagusiak” eskualdeko udalak izango dira, eta ondorengo helmugak bilatuko dituztela azaldu dute: “Alde batetik, planaren abiapuntuaren ikuspegiak adostea; bestetik, erakunde guztien erantzun bateratua eta koherentea lortzea, eskualdeak eta bertako biztanleek dituzten erronkei eta premiei erantzun ahal izateko”. Adierazi dutenaren arabera, aurrera eroango dituzte proiektuak gauzatzerakoan, “eraginkortasun maila handia” bilatuko dute. “Eskualdean ahalik inpaktu sozial nahiz ekonomiko positiboena eta handiena erdiestea da helburua, eta hori lortzeko bideak irudikatzea”, nabarmendu dute.
Bestelako partaidetza mekanismoak.
Busturialdeko hogei udalerrietako alkateek eta Eusko Jaurlaritzako zein Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek osatutako talde eragileagaz batera, prozesuan bestelako partaidetza mekanismo batzuen presentzia ere egongo dela azpimarratu gura izan dute: eskualdeko parte hartze foroak. Foro horiek eskualdean “erreferente diren entitateek, erakundeek eta norbanakoek” osatuko dituzte: “Hainbat eremutan dituzten beraien ideiak, jakintza eta informazio erabilgarria plazaratuko dituzte”. Ez hori bakarrik: herritarrek eurek lehen pertsonan esku hartu ahal izateko espazio bat ere sortuko dute, prozedura “funtsezko mugarrietan” aberasteko.