"Etxeko langilerik ez, eskubiderik gabe"
Etxeko langileentzat eskubideak eskatzeko eta kalean gelditzeko arriskuan dagoen etxeko langile bati elkartasuna adierazteko mobilizazioa deitu zuen eguaztenean [urriak 16] LAB Sindikatuak Gernika-Lumon, guztion eskubideen alde aldarrikatuz.
Etxeko langileentzat eskubide eske aldarrikatzeko eta batez ere kale gorrian geratu daitekeen etxeko langile bati elkartasuna adierazteko mobilizazioa deitu zuen LAB Sindikatuak eguazten [urriak 16] arratsaldean, Gernika-Lumon. Izan ere, Sindikatuak pertsona guztientzako eskubideak eskatzea berebizikotzat du, “bizitza bizigarriak” eskatzea berebizikotzat duen bezala. Gaur egun, inoiz baino premiazkoagoa da lan eta bizi-baldintza duinak izatea, eta horregatik borrokan jarraituko dutela adierazi zuten: “Exijitzen dugu erakundeen aurpegi-garbiketekin amaitzea eta etxeko eta zaintzako langileek beren lan-baldintzak arautzeko esparrua izan dezatela, eta horregatik, borrokan jarraituko dugu, etxez etxe eta auzoz auzo”.
Arriskuan dagoen langilea Mendatan ari da lanean, barruko erregimenean, eta kale gorrian geratzeko arriskuan dago, adin txikiko alaba batekin. Aditzera eman dutenez, langileak soldaten inguruan zor zitzaiona jasotzea eskatu zion enplegatzaileari. Honek, ez zituela bere eskariak beteko erantzun zion langileari. Gauzak horrela, lanpostuari (eta ondorioz, etxebizitzari) uko egitea erabaki zuen langileak eta enplegatzaileari adierazi zion urriaren 15a izango zela bere azken eguna. Horrela, alokairu berria lortzeko zailtasunak izaten ari da: “Gertatutakoaren ondoren, etxebizitza bila hasi zen, eta ez zuen lortu inork etxebizitzarik alokatzea. Pentsa dezakegu langile arrazializatua izateak izan zuela eraginA honetan. Bere ardurapean dagoen adin txikiko alabarekin kale gorrian geratzeko arriskuaren aurrean, gizarte zerbitzuetara jo zuen, baina hemen ere ez zioten arazoa konpondu”.
“Baldintza-berdintasunaz hitz egin al dezakegu pertsona migratuek etxebizitza eskuratzeko aukerarik ez badute?”
LAB Sindikatuak nabarmendu du, oso gertu harrapatzen dituela kasu horrek: “Sinestezina ematen duen arren, benetan gertatu da eta oso gertu harrapatzen gaitu. Tamalgarria da ez dela kasu isolatu bat, eta horrek gizarte-politiken krudeltasuna eta politika horiek aplikatzen direnean dauden desberdintasunak agerian uzten ditu”. Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorretik eta LAB Sindikatuak zaintza erdigunean jarri zuenetik urte bat pasatu den horretan, “higiezinen agentzien eta erakundeen praktika arrazistei eta espekulatzaileei” aurre egiteko garaia dela azpimarratu zuten.
“Non daude herritarren eskubideak? Baldintza-berdintasunaz hitz egin al dezakegu pertsona migratuek etxebizitza eskuratzeko aukerarik ez badute?”, aldarrikatu zuten atzo, Gernika-Lumon egindako mobilizazioan parte hartu zutenek. Etxeko langileentzat eskubideak beharrezkoak direla argi utzi zuten, gainera: “Guretzat, langile-klasearentzat, denontzako lan eskubideak eskatzea eta pertsona guztientzako etxebizitza duina exijitu behar dugu”. Bide batez, laguntza eskaria ere zabaldu zuten, “ama-alaba hauei alokairuan etxebizitza bat topatzen” laguntzeko, eta 648 62 58 01 telefono zenbakia ahalbidetu dute horretarako.