Teknologiaren erabilera etikoagoa izango du ardatz Euskarabilduak prestatutako jardunaldiak
Teknologia artifiziala baino, pertsonak eta komunitateak lehen lerrora eroatearen garrantzian sakonduko dute etzi Donostiko San Telmo Museoan. Euskarabilduak antolatutako jardunaldian parte hartzeko izena eman daiteke.
Makinek pertsonak ordezkatuko dituzten mamua nonahi dago adimen artifizialaren eztandaren sasoi honetan, eta, ondorioz, teknologiaren erabilera etikoagoa, iraunkorragoa eta bideragarriagoa aldarrikatzen dutenen ahotsak entzuteko beharraz jabetuta, Artifiziala ez den teknologia izeneko jardunaldia antolatu du Euskarabilduak.
Hori horrela, teknologiaren eta komunikazioaren arloko hainbat adituk eta kidek parte hartuko dute euskara eta teknologia elkartzea helburu duen jardunaldi dibulgatzailean, etzi (urriak 17), Donostiako San Telmo Museoan. Izena ematea zabalik dago, euren webgunean.
Aurtengo edizioak teknologiaren erabilera “etikoagoa” aldarrikatuko du, eta “inoiz baino garrantzitsuago” ikusten du erabiliko diren tresna informatikoei eta martxan jarriko diren digitalizazio prozesuei buruzko erabakiak “pertsonen behar eta eskubideak lehenetsiz hartzea: “Adimena artifiziala da makinek prozesatuta dagoelako, baina makinek gaitasun hori gizakien ahalmenez soilik lor dezakete, eta horren ardura duten pertsonen motibazio, izaera eta helburuek ezaugarrituko dute adimen artifizial hori”.
Hori dela eta, teknologia horri betaurreko kritikoz begiratu behar zaiola diote. “Erabiliko ditugun tresna informatikoei eta martxan jarriko diren digitalizazio prozesuei buruzko erabakiak pertsonen beharrak eta eskubideak lehenetsiz hartu behar dira”, gehitu dute.
Hala, Euskarabilduak ikuspegi “kritiko” horretan sakondu eta zabaltzeko jardunaldia prestatu dute. “Datuak egungo ondasun preziatuena direla ulertarazi nahi dugu, eta horien kudeaketa maila lokalean egin dadin esperientziak partekatu nahi ditugu”. Horrez gain, teknologiaren funtzionamendua zehazten duten arauek publikoak izan beharko luketela aldarrikatuko dute, baita hezkuntza bezalako esparruak “erraldoi teknologiko handien” interesetatik babestu behar direla ere, “herritarren eskubideak eta herriko kultura eta hizkuntza defendatzeko”.
Era berean, teknologia modu burujabean kudeatzeak tokiko ekonomia indartzea dakarrela azpimarratu eta euskarak ingurune digitalean aurrera egiteko burujabetza hori “beharrezkoa” duela erakutsi nahi dute.
EGITARAUA.
09:00. Aurkezpen instituzionala.
09:15. Sarrera: Artifiziala ez den teknologia, Eli Pombogaz (iametza interaktiboa).
09:25. Hitzaldia: Algoritmo publikoak. Manuela Battaglinik zuzenduko du, datuen etikan eta pribatutasunean espezializatutako abokatuak.
10:00. Hitzaldia: Sare kooperatibo eta demokratikoagoak eraikitzeko proposamenak. Marta G. Franco kazetari eta Las redes son nuestras liburuaren egileak gidatuko du.
10:30. Atsedenaldia.
11:00. Esperientziak: Datu Zentro lokalak, Softcatalà, EducaMadrid, Common Voice proiektuaren aplikazioa.