Norbanakoaren garrantzia azpimarratuz dator aurten Berbalagun
Aste honetan hasiko dira elkartzen Bermeoko Berbalagunak. Arduradunek gogoratu dute parte hartu gura duen edonork izena eman dezakeela.
Bermeoko Udalaren Euskara Sailak, udalerriko euskaltegiekin eta Hizkuntza Eskolarekin elkarlanean, Berbalagun egitasmoa jarri du martxan, beste urte batez. Euskara zu zara lemapean elkartuko dira ikasturte honetan, «norbanakoaren garrantzia» azpimarratu nahi dutelako: “Gu gara euskara, guk egin behar dugu, eta batzuetan, egiten hasteko laguntza behar dugu”, azaldu zuen Marimar Hernandez Bermeoko Berbalaguneko dinamizatzaileak atzo, ikasturte berriaren aurkezpenean.
Iker Bilbao Euskara zinegotziak gogoratu zuen euskaltegietatik zein hezkuntza zentroetatik kanpo, lagunartean euskaraz hitz egiteko eta praktikatzeko aukerak ematea helburu duela Berbalagunek: “Parte hartzen dutenek lagunartean euskaraz eginez, hizkuntza bizia eta adierazkorra lantzen dute, eta egunerokotasunean euskara erabiltzeko erraztasuna hartzen dute. Egunero hizkuntzan trebatu, praktikatu eta bizi garen guztiok euskaldun komunitatea osatzen dugu, eta horren alde era aktiboan kokatzen garenean, euskara gara denok”.
Hernandezek mintzapraktiketa programetan “ez zahar, ez berri; ez hango, ez hemengorik” ez dagoela nabarmendu zuen. Zehaztu zuenez, programaren bidez hiztun guztiek «gustura eta lasai» egiten dute euskaraz, “euskaldunon komunitatea indartu eta zabaltzeko”. Hain zuzen ere, hori islatu eta mezu hori zabaltzen du aurtengo kanpainarako prestatu duten bideoak.
Baldintza bakarra, gogoa. Bermeoko alkate Nadia Nemehk azpimarratu du Berbalagunen parte hartzeko euskaraz berba egiteko gogoa baino ez dela behar, euskara ikasten ari direnentzat eta euskaraz normalean hitz egiten dutenentzat ere zuzenduta baitago. Horregatik, euskaraz egiteko gogoa duten pertsona guztiei, bai Berbalagun egitasmoan bai ekintza osagarrietan, parte hartzeko deia egin zien, “Bermeon euskaraz bizitzeko aukera ezin hobea baita”.
“Berbalagun talde bakoitzean laguntzera datozen pertsona batzuk eta euskaraz berbetan hasteko laguntza behar duten beste batzuk egongo dira”, azaldu zuen Hernandezek. Hala, Bermeoko Berbalagunak aste honetan hasiko dira elkartzen, eta astean behin egingo dute, ordubetez. Laugarren talde bat ere osatu dela iragarri zuen, urriaren 31tik aurrera elkartuko dena: “Ziur nago beste talde batzuk ere sortuko direla”.
Azaldu zuenez, talde bakoitza “autonomoa” da, eta bakoitzak aukeratzen du ze ordutan eta non elkartu, baita “jarraituko duten plana” ere. Izan ere, taldeak bospasei lagunekoak izaten dira, eta horiek osatzeko, parte hartzaileen ordutegiak, adina eta zaletasunak kontuan hartzen dira.
Berbalagun “guztientzako” dela zehaztu zuen, parte hartzea doakoa dela nabarmentzagaz batera. Egitasmoan “praktikaren bidez euskara hobetu gura duenak edo euskaraz bizitzeko aukera gehiagoren bila dabilenen edonork» parte hartu dezakeela gogoratu zuen. “Denok bizi gara Bermeon, eta Bermeo euskaraz hitz egiteko aukera aparta da”.
Egitasmoaren arduradunek adierazi bezala, “Berbalagunek asmo integratzailea” dauka: “Gaur egun gizartean bizi dugun egoera diglosiko honetan, askotan ez dakigu erdaraz bizi den batek euskaraz bizitzera saltoa emateko zelako konplexu, erresistentzia edota beldurrak dituen. Berbalagunen aukera itzela daukagu pauso hori emateko, eta paraleloki joan beharrean, gurutzatzeko eta elkartzeko”.
Eskaintza zabala. Ikasturtean zehar astero elkartuko diren mintzataldeez gain, Gurasolagun, gurasoek eta umeek elkarrekin euskaraz egiteko ekimena ere martxan egongo dela gogoratu zuen: “Gurasoen eta seme-alaben arteko transmizioa indartu gura da, eta gurasoen artean euskara praktikatzeko eta erabiltzeko ohiturak eta gaitasuna indartu”. Egitasmoan besteren artean jolasak, txangoak eta tailerrak egiten direla azaldu zuen, “haurrak eta helduak batera aritzeko”.
Horrez gain, “zaletasunen araberako taldeak” ere sortzen direla nabarmendu zuen, hala euskal dantza errazak praktikatzeko, nola sendabelarrak ezagutzeko. Era berean, urtero legez, aurten ere ikasturtean zehar beste “ekintza osagarri batzuk” ere antolatuko dituztela adierazi zuen: hitzaldiak, irteerak, tailerrak… Gainera, azaroaren amaieran Berbalagun online taldeak eskainiko dituzte.
Berbalagunen parte diren zein ez direnentzat aurten ere hiru lehiaketa antolatuko dituztela ere nabarmendu zuen, hori bai, “data aldaketekin”. Izan ere, aurtengo ikasturtean lehiaketak abenduan, martxoan eta ekainean izango direla iragarri zuen Hernandezek.
Izena emateko hainbat aukera daude; https://emanizena.praktikatu.eus/ webgunearen bitartez izena eman daiteke edo 607 60 95 80 telefono zenbakira idatzi, baita Euskara Sailera edo kultur etxera hurbilduta ere. Halaber, informazio gehiago eskuratzeko https://praktikatu.eus/blog/bermeo ataria bisitatu daiteke. “Proposamenak ere jasotzen ditugu, aukera guztiak irekita daude”.