Muruetako bazterrak islatzeko argazki lehiaketa
Muruetako Udalak 2025eko egutegirako argazki lehiaketa jarri du martxan, eta `Muruetako bazterrak´ gaipean ateratako argazkiak bidaltzeko azken eguna urriaren 31a (eguena) dela adierazi du.
Muruetako Udalak argazki lehiaketa abiatu du, 2025eko egutegirako hamabi argazkiak aukeratzeko helburupean. Lehiaketaren gaia `Muruetako bazterrak´ dela eman dute aditzera, eta urriaren 31ra arte argazkiak bidaltzeko epea zabalik izango dela gehitu dute.
Hala nola, argazki lehiaketaren oinarriak ere argitu ditu udalak: edonork parte hartu dezake lehiaketan, azpimarratu dutenez, baina adingabeak izanik “gurasoen baimena izan” beharko dute. Argazki guztiak Muruetan eginak izan behar direla ere nabarmendu dute, `Muruetako bazterrak´ gaiari erantzuten dioten argazkiak aurkeztu beharra berretsiz. “Argazkiak Muruetan egin behar dira, eta antolatzaileek argazkiak onartzea ala ez onartzea erabakiko dute, gutxieneko kalitate teknikoa ala ez aztertu ondoren”, aipatu dute argazkien teknika aldetik.
Parte hartzaile bakoitzak “gehienez hiru argazki” bidali ditzake. Bidalketa irizpideekiko, argazkiak posta elektronikoz bidali daitezkela azaldu dute, kultura.murueta@gmail.com helbidera. Horrez gain, argi utzi dute aldez aurretik aldizkari, liburu edo egunkarietan argitaratutako argazkiak ezingo direla lehiaketara aurkeztu, eta pertsonak agertzen diren argazkietan pertsona ororen onespena beharrezkoa izango dela ere gehitu dute.
Epaimahaia hainbat pertsonak osatuko dutela eman dute aditzera, eta horiek izango direla egutegia antolatzeaz, lantzeaz eta argitaratzeaz arduratuko direnak. Egutegirako argazkiak bilatzen ditu udalak lehiaketa horrekin, eta beraz hamabi argazki finalista aukeratuko ditu epaimahaiak, hilabete bakoitzeko bat. Irabazleek “lehiaketarekin lotutako opari bat” jasoko dute eta Muruetako 2025eko Udal Egutegian agertuko dira. Horrez gain, jasotako argazki guztien erakusketa egingo da, parte hartzaile guztientzako lunch batekin batera.