Ikamak elkarretaratzeak deitu ditu hezkuntza zentroetan
"Ikasleria aktibatu" eta zapatuko [urriak 19] manifestazioari ekarpena egiteko asmoz elkarretaratzean batuko dira gaur [urriak 15], 11:40ean, Barrutialde Institutoan. Bihar [urriak 16] eta etzirako [urriak 17] elkarretaratzeak deitu dituzte.
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari, Espainiako Gobernuari eta Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioari proiektua bertan behera uztea exijitzeko manifestazioa zaratatsua deitu du zapaturako, eta Gernikako Ikasleria Martxan —Ikama— taldeak bat egin du deialdiagaz.
Azaldu dutenez, beraien jardunak “ikasleriaren egunerokotasunean” eragiten duten arazoetan du oinarria. Une honetan eskualdean “berebiziko garrantzia” duen Guggenheim-aren kontrako borroka dute begirune. “Ez da museo soil bat izango, eskualdearen norabidea aldatuko duen proiektu elitista bat baino, bertoko biztanleon kalterako, gainera”, adierazi dute.
Horregatik, “ikasleria aktibatzeko” eta zapatuko manifestazioari begira motorrak berotzen hasteko elkarrateratzeak deitu dituzte bertoko zenbait hezkuntza zentrotan: Barrutialde Institutoan gaur elkartuko dira, 11:40an; Seber Altube Ikastolan, berriz, biharko jarri dute hitzordua, 11:35ean eta, Gernikako Institutuan etzi, 11:30ean. Era berean, zapatuan 18:00etan Pasealekutik irtengo den manifestaziora bertaratzeko eskatu diete eskualdeko ikasleei.
Deialdiaren arrazoiak. Ikamako kideek ikasleek Guggenheim proiektuaren kontra agertzeko dituzten arrazoiak zerrendatu dituzte. Azaldu dutenez, Guggenheim Urdaibai proiektua “EAJk inposatutako makroproiektua” da, eta ez da eskualdeko beharretara egokitzen. Era berean, herritarrek “informazio falta” dutela salatu dute.
Horrez gain, proiektuak “jende-pilaketak eta negozio diruzaleak” deituko dituela adierazi dute, eta horrek azpikontratazioak, prezioen goradaka eta ordaindutako aisialdia bultzatuko dituela nabarmendu dute. Era berean, Guggenheim Urdaibai aurrera eramateak “kostaldeko arauen apurketa” dakarrela nabarmendu dute: “Etekin ekonomiko pribatuek dute lehentasuna, arriskuan dauden animalia- eta landare-espezieen gainetik”.
Ikamako kideek azaldu dutenez, gainera, proiektua gauzatzen bada “euskararen merkantilizazioa” ekarriko du. Zehaztu dutenez, hizkuntzaren ezagutza eta erabilera bermatu beharrean, “atrakzio turistikorako erreminta” legez erabili nahi dute agintariek..