Gaztañerre Eguna "giro paregabean" ospatu dute
Gaztañerre Egunean elkartu ziren zapatuan (urriaren 12an) Gautegiz Arteagako haur, gazte zein nagusiak. "Giro paregabea" nagusitu zen gaztainak batu zein erretzen zituzten bitartean.
Tradizioagaz jarraituz, urriaren 12an ospatu ohi duten Gaztañerre Egunean elkartu ziren Gautegiz Arteagako haur, gazte zein nagusiak. Beste urte batez, Montorrealde Guraso Elkartearen deiari “giro sano eta ederrean” erantzun zioten herritarrek, eta gaztainak batzen aritu ziren goizetik Atxarre inguruetan. “70 bat lagun inguru elkartu ginen goizean, baina gero, jende gehiago ere batu zen herrian”, azaldu dute antolatzaileek.
Goizean, baso bideak basaz beteta egon baziren ere, asko eta asko izan ziren batu zituzten gaztainak; izan ere, 38,5 kilo biltzea lortu zuten; iazko errekorreko kiloetatik (41,600 batu zituzten) gertu ibili ziren arteagarrak.
Gero, herrigunera bueltatuta, ez zioten ohitura bilakatu den gaztaina bilketaren apustuari hutsik egin, hainbat herritar saiatu baitziren asmatzen zenbat kilotako sakua batu zuten.
Gaztainen kopuruari buruzko apustua egin ostean, horiek jateko unea iritsi zitzaien, eta antzinako erara prestatuta jan zituzten horiek; izan ere, tanbolinean erre ohi dituzte urtero. Aurten, gainera, txistorra eta hirugiarra jateko aukera ere eduki zuten, giro ederrean, eta dena amaitu zuten.