Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko exijituko dute, "ez eta ez" esanda
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak dei egiten die berriro ere Busturialdeko herritarrei, baita eskualdea maite duten guztiei ere, zapatuan (urriak 19), Gernika-Lumoko Pasealekutik abiatuko den manifestazioan parte hartzera. 18:00etan jarri dute ordua.
Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren aldarria argia da: Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak eta Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioak eskualdean “inposatu” nahi duten proiektuari ez eta ez esatea, “irmotasunez”. Ondorioz, plataformak dei egiten die aurten berriro ere Busturialdeko herritarrei, baita eskualdea maite duten guztiei ere, zapatuan (urriak 19) Gernikako Pasealekutik aterako den manifestazio zaratatsuan parte hartzeko; 18:00etan jarri dute hitzordua.
Plataforma osatzen duten eragileek gaur Gernika-Lumoko Astran egindako agerraldian esan dute erakunde horiek (aldundia, Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua) batzeak ez duela “ezelan ere” esan nahi proiektua publikoa denik, herritarren parte hartzeagaz diseinatua izan denik, ezta Busturialdeak dituen beharrei erantzungo dienik ere. “Ez da horrela. Izan ere, fundazio pribatu baten gurariak asetzea du helburu, eta gutxi batzuen probetxurako izango da. Hori onartezina da gu guztion diruaz garatuko eta garatzen ari den proiektua izanik”, esan dute. Hala, diru publikoa inbertsio publikoetarako izan behar dela azpimarratu dute.
Gogoratu dute, berriki, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak esan duela proiektua “definitu barik” dagoela, baina administrazioentzat “alde batera utzi ezineko” proiektua dela. Hori, baina, kontraesana dela salatu dute plataformakoek: “Zehaztasunez ezagutzen ez den proiektua itsu-itsuan defendatu eta bultzatzea, eskualdea osatzen dugunon etorkizuna jokoan jarriz, ardura barik jokatzea da”.
Eneko Anduezagaz ere bildu zirela gehitu dute, Anduezak legebiltzarreko leku hori Gobernu Akordio bat sinatu zuelako duela jakinaraziz, eta akordio horren baitan Guggenheim Urdaibai proiektua zegoela esanez. “Hala ere, ez duela proiektua ezagutzen esan zigun. Eta hori arduragabekeria da”, azaldu dute plataformakoek. Galdetzen jarratitua, Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta kultura sailburuagaz ere izan ziren, eta artea eta natura batu zituela esan dute plataformakoek: “Bikote arraroa jarri zigun mahaigainean: natura eta artea. Horiek elkartzea proiektu hau kulturala dela aitortzea da, eta proiektu hau kulturala izateko programa kultural bat eduki beharko luke, baina ez da horrela. Beraz, proiektu honek ez dauka inongo helburu kulturalik, ez dago kultur munduagaz honi buruzko ezer adostuta”.
Plataformakoen iritziz, beraz, gauza bakarrean daude ados: “Hirurek diote proiektu hau Guggenheim Fundazioarentzako proiektu estrategikoa dela. Eta, gure galdera da: noren eskuetan dago gure etorkizuna? Fundazio pribatu baten eskuetan dago eskualdearen etorkizuna? Turismoan oinarritutako proiektu masibo batean?”. Hala, proiektua mahaigainetik kentzearen beharra “erabatekoa” dela diote. Izan ere, administrazioek egiten dituzten urrats administratibo guzti hauek “helburu bakarra” dutela uste dute: proiektua bideragarri egitea.
Bertoko herritarrek ez dutela proiektuaren beharrik ikusten gehitu dute, eta are gutxiago “ganorazko diagnostiko amankomun batetik eta parte hartze sendo batetik abiatzen ez bada”. Hori dela eta, mota askotako alternatibak aztertu eta adostea gutxienekoa dela azpimarratu dute.
Diotenez, muga horiek aspaldi jarri zituen naturak, eta, ondoren, lege eta itun ezberdinek jaso eta aitortu zituzten. Hori dela eta, ingurumenari erreparatuz, Guggenheim Urdaibai proiektuak “marra gorri guztiak gainditzen” dituela salatu dute. Ze, Biosfera Erreserbaren xedea eta mamia “zeharo urratzen ari direla” uste dute, “Urdaibaiko normatibaren kontrako ekintzak burutuz”. Izan ere, lege eta itun horiek errespetatzea agintarien betebeharra dela esan dute, baita zuzen eta arduraz jokatzea ere. “Turistifikazioaren aldeko apustu itsuak ez du ekarriko ezer onik. Eta horrek guztiak itzel kezkatzen gaitu. Gobernantza eredurik zatarrena erakusten digute, inposizioa alegia”.
Herritarrekin adostutako plan baten beharrean, orain artean administrazioek emandako pausoak salatu dituzte. “Proiektua ezagutu barik ere, badaude proiektu hau bideragarri egiteko errealak diren eta egun ematen ari diren urrats batzuk. Hemen baditugu udalez gaindiko hitzarmenak, sinatuta daudenak: Foru, Gernika-Lumo eta Muruetako HAPOak aldatu egingo dira, esaterako. Muruetarekin eginda dute aurrerapena, eta Gernika-Lumokoagaz dabiltza orain, eta gero etorriko da Forukoa”, azaldu dute.
Palafitoa.
Kosta Legea 100 metrotik 20 metrora mugatu zutela ere salatu dute, baina oso garrantzitsua den palafitoari buruz ere hitz egin dute agerraldian. Proiektuan hiru protagonista daude, euren berbetan: Astilleros de Murueta, Dalia, eta palafitoa.
“Palafitoa bide berdearen barruan legokeen pieza garrantzitsuenetakoa izango litzateke. Eta palafitoa ez dator aldundiaren eskutik, Jaurlaritzarenetik baizik. Palafito hori Muruetako puntan hasi eta Telleriaraino ailegatuko litzateke. Lur horrek jabari publikokoak dira, eta lur horiek okupatzeko eta palafitoa eraiki ahal izateko, Jaurlaritzak eskatu behar izan dio baimena Espainiako Gobernuari. Eta Espainiak kontsezio hori eman behar dio”, azaldu dute. Baina gaur egun Espainiaren esku dagoen eskumen hori Jaurlaritzaren esku gera daiteke laster, konpetentzia hori Jaurlaritzaren esku usteko asmoa dutelako: “Kosta Legearen konpetentzia Jaurlaritzarena izango balitz, baimen guzti horiek amaitu egingo lirateke, Jaurlaritzak berak edukiko lukeelako eskumena. Guretzako hori, proiektu honi dagokionez, oso arriskutsua da. Konpetentzia dela eta guk burujabetza nahi dugula argi dago, baina legeak ondo erabiltzen direnean eta horrelako astakeriak ez direnean egiten”.
Palafitoari dagokionez, jakinarazi dute, abuztuaren 8an EAOn palafitoaren obrak egiten hasiko zirela argitaratu zutela, eta, horri ere, errekurtsoa jarri diotela, proiektua oraindik ez delako publikatu: “Ondorioz, palafito horren eraikuntza bertan behera gelditu beharko litzateke”. Gainera, palafitoa eraiki gura duten lekua kontutan hartuta ere, beste errekurtso bat aurkeztu diote. “Lur horiek duten kalifikazioa lur eta itsas jabari publikokoa dela kontutan hartuta, horien erabilera oso murritza izan beharko litzateke. Itsasoagaz erlazioa duten gauzak bakarrik egin daitezke jabetza horietan, beste norbaiten egiterik ez duten eraikuntzak”. Gainera, esan dute, Urdaibaiko Legearentzako Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eremu hori “nukleoa” dela, eta eremu horretan ezin dela ezer finkoa ez iraunkorra jarri. “Eta, hau, iraunkorra eta finkoa izango da. Beraz, errekurtsoak aurkeztuta daude. Ze, palafito honek 140.000 pertsona ekarriko ditu lau hilabetez, Gernikatik Muruetara, Biosfera Erreserbaren lekurik zaurgarrienera. Beraz, pieza hau kezkagarria da puzzle guzti honetan, eta lizitatuta dago”, gehitu dute.
Hala, salatu dute gauza asko daudela dagoeneko erabakita. Baina, nork hartu ditu erabaki horiek? Gadera horri erantzuna bilatzen ari dira plataformakoak: “Nork erabaki du gure eskualdeak museoa behar duela? Nork erabaki du gure eskualdeak behar duen museoa Guggenheim bat izan behar dela? Eta, nork erabaki du, museo hori, Guggenheim bat izanda, gure Biosfera Erreserban kokatu behar dela? Galdera horiek erantzuten dituztenean, baliteke guztiok argia ikustea, baina galdera horientzako ez dago erantzunik”. Ondorioz, guzti hori “albo batera utzi” eta zerotik hasi beharko liratekeela esan dute, Urdaibairako egon daitezkeen proiektuak aztertzeko beharra nabarmenduta: “Eskualdea hobetzeko plan guztiak mahai gainean jarri eta aztertu behar dira, eta hortik aurrera, aukeratu. Eta ez proiektu bat mahaigainean jarri eta inguruan sortzen ari garen guztia proiektu horren inguruan sortu. Hori gauzak alderantziz egitea da”.
Hala, parte hartzea falta dela, informazioa falta dela eta koherentzia falta dela diote. “Proiektuak ez badaude definituta, ezin dira albora utzi ezinak izan. Ezinezkoa da”. Beharrezkoa den prozesu parte hartzaile hori martxan jartzen den bitartean, baina, administrazioek Urdaibaiko padurak eta beste hainbat gune babestu behar lituzketela uste dute, “jendez betetzea proposatu beharrean”. Eta, gehitu dute ekosistema horiek lehengoratzen eta kontserbatzen aritu beharko luketela, gaur egun jasaten ari diren presio handia arintzeko: “Hori da Europako, espainiar estatuko eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako lege eta araudiek diotena, eta hori da zentzuz jokatzeak dakarren betebeharra. Euripako legeak lotesle eta nahitaezkoak dira eta horiek ezin dira bozka batzuen truke tolestu nahierara: ondorioz, errespetatu eta bete egin behar dira”.
Horrela eginez gero, baina, Guggenheim Urdaibai proiektua “ez zela bideragarria” izango esan dute: “Eta horregatik exijitzen dugu bertan behera uzteko”.
Hain zuzen ere, azpimarratu dute ekimen honek “hainbat eta hainbat” talde eta norbanakoren atxikimendua jaso duela, 399 pertsonarena hain zuzen, eta beste hainbatek, babesa erakutsi arren, nahiago izan dutela izenik ez eman, euren lanpostu publikoei zor dieten “errespetuagatik”.
Hala, alde batera utzi ezin daitekeen proiekturik ez dagoela sinetsita, mobilizazio zaratatsuan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. “Proiektu honek egonezin handia sortzen du gure eskualdean eta hortik kanpo, eta horri erantzun behar diogu”.