Ametsak dantzan jartzen jarraitzeko aldarria
Baso-Txoritxu Dantza Taldeak 25 urte bete ditu federatuta. Urteurren hori ospatzeko, Ibarruriko Dantzari Egunez taldearen ibilbidearen jarraipena egin dute muxikarrek dantza artean.
Nahiz eta federatuta 25 urte daramatzan, urte gehiago daramaz bizirik Baso-Txoritxu Dantza Taldeak. Gauzak horrela, Ibarrurin batu dira gaur goizean herritarrak eta nola ez, Dantza Taldearen iragana, oraina eta etorkizuna direnak. Onintza Enbeitak egindako aurkezpenean azaldu duenez, taldeak uste baino urte gehiago daramatza sorturik: “Taldea administrazioan legeztatu genuenetik 25 urte pasatu diren arren, taldeak urte gehiago betetzen ditu. Orain dela 60 urte sortu zen taldea”.
Aipatu duenez, urteak atzera, taldearen lotaldi baten ondoren berpiztu zen berriz ere gaur egun ezagutzen den Baso-Txoritxu, eta hori Juan Felixeri esker dela nabarmendu dute, “taldea berriz ere martxan jartzeagatik”. Era berean, bai Juan Felixi eta baita horri lekukoa hartu zion Miren Bereziartuari eskerrak eman dizkiote muxikarrak dantzekin hasi baino lehen: “Gaur, Juan Felixi eta Mireni eskerrak emoteko moduan gaude. Eurei esker gaude hemen”.
Ibarruriko Dantzari Eguna urriko lehen asteburuan ospatu izan da beti, eta nahiz eta aintzinako ospakizunak gaur egungoarekin zer ikusirik ez izan, oinarri eta helburua berdina izaten jarraitzen du: dantza. Hala, “sasoiz-sasoi eta aroz-aro” Baso-Txoritxuren parte izandakoak, eta gaur egun horren parte diren gazteenek hartu dute Muxikako auzoko frontoia, eta hainbat euskal dantza desberdinekin bete dute goiza, txalo eta giro herrikoi artean. 60 bat dantzari inguru izan dira protagonista gaur, eta Dantzari Dantzan, Agintariena, Banangoa, Txotxongilo eta Ezpata Nagusi dantzatuko dituzte, eta ondoren, Gorulari, Gipuzkoako Zinta Dantza, Axuri Beltza eta Mariana bezalako dantzak dantzatu dituzte. Igazko moduan, aurten ere dantza bertikala ere erakutsi dute, herritarren txalo artean.
Ez daudenez oroituz. Adinak ez du axola izan gaur goizean, Ibarrurin. Emakume zein gizon, haur zein nagusi, seme-alaba zein guraso, denak murgildu dira dantza artean. Dantzarik dantza aritu dira, baina omenaldirako kutsua ere eman diote muxikarrek ospakizunez jositako egunari. Enbeitak, alegia, giroa hunkitu du joan zirenetaz oroitu bitartean: “Ez dago urteurrenik omenaldirik bakorik, eta ez dago urteen joanik hutsunerk bakorik. Pozgarria izaten zan herirko nagusiak frontoiaren inguruan ikustea mostoak hartzera edo musera jokatzera joan barik. Bizitza aldatu egin da. Bizitza hasi eta amaitu egiten da, eta belaunaldiak joan ahala, zikloak aldatu egiten dira. Eta badakigu, publikoan hutsuneak dagozan moduan, Baso-Txoritxu Dantza Taldeak urte askotan izandako laguntzaileak ere falta direla. Beraz, omenaldi xume hau eurentzat izatea nahi dugu”.
Hala ere, dantzaz gain, beste hainbat ekintzetarako tokia izango da Ibarruri gaur, egun guztian zehar. Bingo musikatua izango dute bazkalostea girotzeko, eta gauean, berriz,Ā Play-backĀ Txapelketan parte hartzeko aukera edukiko dute. Lekeitioko GauargiĀ erromeriaĀ taldeak hartuko du arratsalde eta iluntze partea musikatzeko ardura.Ā