"Une bat argazki batean izozteak buru lan handia dakar beregain"
Unai Alba Bilbao ajangiztarra argazkigintzari guztiz emana dago: Caos 13 estudioaren partaide da; horrez gain, [UABSHOTS] izeneko bere bakarkako proiektuagaz, kontzertuz kontzertu aritzen da argazkiak egiten.
Ba ote argazki bat esku artean hartu eta hark irudikatzen duen unearen sentsazioa biziberritzea baino sentipen intentsoagorik? Unai Alba Bilbaok ondo baino hobeto daki hori. Ajangiztarrak, bere barneko pasioa ustiatze aldera, argazkilaritzan topatu du uretaratzeko ozeanoa. Sarritan, kontzertuak ditu itsaso; beste hainbatetan, ezkontzen olatura igotzen da; argazki kamera, baina, beti du arraun, oihal eta lema.
Nondik datorkizu mundua argazkitan harrapatzeko grina?
Etxetik: kamera artean hazi naiz. Neure umezaroa kamera txiki bat eskutan dudala oroitzen dut.
Formakuntza ere jaso al duzu?
Bai eta ez. Jaso izan dudan formakuntza bakarra neure kabuz ikasitakoa da: Interneta eta Youtube dira neure eskolak. Beti autodidakta izan naiz, zentzu horretan. Argazkilaritza arloan, autodiziplina oso garrantzitsua da. Prestakuntza teknikoa eskatzen du, baina, horregaz batera, begia etenik gabe entrenatzea ezinbestekoa da.
“Kontzertuak eta ezkontzak argazkitarako mundu guztiz antagonistak dira, baina kaos horretan ondo moldatzen naiz”
Ze korrontek deitzen dizu arreta?
Iturri denetatik edaten dut, baina kontzertuetan argazkiak egitea maite dut gehien. Horrez gain, ezkontzetan lan egitea ere atsegin dut. Argazkitarako mundu guztiz antagonistak dira, baina kaos horretan ondo moldatzen naiz.
Kaosa aipatu duzu; hortxe dago Caos 13 proiektua ere. Azaldu zenezake?
Argazkilaritzan eta, oro har, sorkuntzan oinarritutako egitasmoa da. Argazkilaritzatik ez gatozen kideok osatzen dugu, bat gatoz horretan. Batasun handia dago Caos 13ren lantaldean eta, negozioak lagunekin nahaspilatzea akatsa dela esan ohi den arren, gu ederto konpontzen gara.
Argazkilaritzaren munduko lan egoera eta irteera profesionalak zelan ikusten dituzu?
Irteerak egon, badaude. Arte eta sormen arloko adierazpideetatik bizimodua ateratzea, baina, oso gaitza da egun. Musikagaz alderatuko nuke: musika komertzialagoa egiten dutenek errazagoa dute hori ogibide bihurtzea edota beren jardunari aterabide ekonomikoa ematea. Argazkilaritzagaz ere, parekoa pasatzen da. Zelan edo halan, argazkilaritza komertziala existitzen dela esan daiteke. Dena dela, Caos 13 iaz egonkortu egin zela uste dut, indartsuago gaude, prekaritatedun mundua den jakitun garen arren.
“[UABSHOTS] kontzertuak eta argazkiak ezkontzen dituen proiektua da”
[UABSHOTS] egitasmoari buruz zer esan?
Kontzertuak eta argazkiak ezkontzen dituen neure proiektua da.
Kontzertuetako argazkiek zelanbait musikaltasun propioa izan behar dutela esan ohi da, alegia, intra-historia bat.
Ados nago. Argazkiak beti zerbait kontatu behar du, baina horri buelta emateko modua ere badago. Esaterako, aurten Zazpizar erromeriagaz lanean ibili naiz, eta zer edo zer berria egitea pentsatu dut: batetik, erromeriaren iruditeriari egokitu ahal zaizkion argazkiak egin ditut; bestetik, baina, hori iraultzen saiatu naiz. Adibidez, esposizioekin edota argiekin jokatuz, erromeria talde baten estiloa jagon dut, baina bestelako estetika bat proposatuz.
Zazpizarregaz elkarlan hori, hain zuzen, nondik dator?
Iaz, Gernika-Lumoko Batera Gara jaialdian argazkiak egiteko eskatu zidaten. Ordurako, taldekideetako zenbait ezagun nituen. Egun hartako argazkiak oso eskasak izan ziren, baina gerora ernalduko zen landarearen haziak orduantxe erein genituen. Hasieran, kontzertu solte batzuetara lagundu nien, uda honetara arte: uda sasoiko bira osoa eurekin egin dut.
“Integratuta eta baloratuta sentitzen naiz Zazpizar taldekoekin”
Zelan jaso zenuen lankidetza proposamen hura?
Hasieran, beldur apur bat sorrarazi zidan. Kontzertuak joan, kontzertuak etorri, hobeto moldatu naiz eta, azkenean, esan didate proiektuaren barruan ni ere beste kide bat naizela. Integratuta eta baloratuta sentitzen naiz. Gainera, lanerako askatasun guztia eman didate uneoro.
Zein zailtasun du zuzenekoetan behar egiteak?
Kontzertuek berehalakotasuna eta bizkortasuna eskatzen dute. Gogorrena da aretoa edo plaza buruan ondo kokatzea eta momentu ahaztezin horiek non eta noiz eman daitezkeen aurreikustea. Une bat argazki batean izozteak buru lan handia dakar beregain.
Radarra etengabe martxan edukitzeak higadura sortzen du?
Beti adi egon beharra nekagarria da, baina onurak trabak baino gehiago dira. Radar horri esker, edozein izkinatan egon daitekeen argazkia buruan irudikatzen dut.
“Istorio bat kontatzea bilatzen baldin baduzu, argazkia patata bategaz ere egin ahalko duzula uste dut”
Zein esangura du materialak?
Zenbat eta material hobea eduki, orduan eta errazagoa da argazki txukun bat egitea. Hori bai, batak ez du bestea ziurtatzen. Gainera, materialaren garrantzia dezente aldatzen da argazkigintzaren arlo batean edo bestean. Kasu askotan, ekipamendua ez da guztiz erabakigarria: istorio bat kontatzea bilatzen baldin baduzu, argazkia patata bategaz ere egin ahalko duzula uste dut.
Zazpizar taldeaz gain, badira argazkiak egin dizkiezun beste hainbat.
Bai. Zentzu horretan, Iparragirre Rock Elkartea goraipatu behar dut: hango komunitateak eskuak zabalik hartu nau, bertan etxean legez sentitzen naiz. Taldeei dagokienez, asko izan dira: Tooth, Calathea, The Riff Truckers, Addar, Agur, Kolpeka, Iheskide eta Supercremalleras, batzuk aipatzearren. Estilistikoki denetariko taldeak dira, baina denek sinistu dute nigan eta nire lanagan.
“Umetako nire ametsa Foo Fighters zuzenean ikustea zen; egungo nire ametsa eurei zuzenean argazkiak egitea da”
Eta zein talderi egin gura zenizkioke zuzeneko argazkiak?
Argi eta garbi: Foo Fighters taldeari. Rock munduan murgildu ninduen taldea da, eta uste dut argazkitarako talde egokia litzatekeela. Umetako nire ametsa eurak zuzenean ikustea zen; egungo nire ametsa eurei zuzenean argazkiak egitea da.
“Edizioak ezin du argazki txar bat konpondu”
Argazkilariak editorea izan behar al du?
Argazkigintza eta edizioa lotuta daude, baina edizioak ezin du argazki txar bat konpondu. Argazkilaritza analogikoaren zaleek, esaterako, emaitza bere horretan eta editatu barik mantendu behar dela defendatzen dute. Ni erdibidean nago: analogiaren kutsu ukiezin hori gustuko dut, baina baditut edizioagaz erlazionatutako hainbat kezka eta interesgune ere. Sarri, argazkiak berak zehazten du ediziorik behar duen. Dena dela, berriro azpimarratu gura nuke, argazkia txarra bada, ezer gutxirako balio duela edizioak.
Argazkilaritza sariketen jarraitzailea al zara?
Lehen gehiago deitzen zidaten arreta; orain, ez hainbeste. Gernika-Lumon Photoka Elkartekoak daude, eta argazkigintzaren alde behar handia egiten dute, tartean, beren sariketagaz. Hori bai, zentzu batzuetan elkartea apur bat zaharkitua geratu delakoan nago; belaunaldi kontua izan daiteke. Hala niri, nola neure lankide Julia Alvarezi, sarri esan digute geure gaztetasunak elkarteari freskotasuna ematen diola. Beste alde batetik, herriko tabernetan eta parekoetan elkartekideen argazkiak erakusten dituzte, argazkilaritzaren militanteak dira, eta hori ere baloratu egin behar da.