'U-BAI Up!', Urdaibaiko ekintzaile eta enpresa komunitatearen topagune
Urdaibaiko Garapen Ekonomikoa bultzatzen duten eta U-BAI osatzen duten "eragileen arteko lankidetza sendotzeko eta indartzeko" helburuarekin elkartu dira gaur [urriak 11] eskualdeko ekintzaileak, BBK Klima zentroan.
Urdaibaiko Garapen Ekonomikoa bultzatzen duten eta U-BAI osatzen duten eragileen arteko “lankidetza sendotzeko eta indartzeko” helburuagaz elkartu dira gaur goizean [urriak 11], administrazio publikoa, eskualdeko enpresa traktoreak, ekintzaileak eta hezkuntza zentroak, Busturiko BBK Klima zentroan.
Sareak ehuntzen lelopean, Elena Gorroño U-BAIko antolakuntza arduradunak ekitaldiaren hirugarren aldiagaz bat egin dutenei eskerrak emanez hasi zuen ekitaldia: “U-BAI, garen pertsonak eta osatzen dugun sare barik, ez da ezer”. Azaldu duenez, 2022an sortutako ekimenaren helburua Urdaiko Garapen Ekonomikorako plana da, eta horren bitatez “tokian tokiko ekintzailetza eta garapen enpresariala sustatu, motibatu eta laguntzea” ditu xede.
Ainara Basurko, Sustapen Ekonomikoko diputatua: “Biosfera Erreserba izateak ezaugarri bereizgarriak izatea dakar”
Denborarik galdu gabe, Nora Sarasola BBK Fundazioko gizarte ekintzako zuzendariak hartu du hitza. Goizekoa bezalako jardunaldiak beraien egoitzan hartzea “plazera” dela esateaz gain, “bizkaitarren ongizatean eta aukera berdintasunean bidelagun” izaten jarraitzeko nahia azaldu du, “lurraldea eta talentua bultzatzeko, gogotsu ekiteko eta gu guztion etorkizuna lantzeko”.
Apostu sozioekonomikoa.
Ongietorriekin bukatzeko, Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko diputatua igo da oholtzara. Hasteko, gaur ikusitakoa “urte osoko lanaren emaitza” dela azaldu du, “aurretiko hausnarketa estrategiko batean” oinarritzen dena. Era berean Busturialdea-Urdaibai eskualdea berraktibatzeko Plan Estrategikoan “lehen urratsak” ematen hasiak direla gogoratu du: “Busturialdea-Urdaibai lehentasunezko jarduera gunetzat hartzearen ondorioa da; Biosfera Erreserba izateak ezaugarri bereizgarriak izatea dakar, eta ekintza espezifikoak behar dira”.
Jon Abaitua, U-BAI Faktoriako koordinatzailea: “Ez da apostu soziala bakarrik, zazpi enpresa fundatzaileak gure lanaren aldeko apustua ere egin dugu”
Ibon Mirando U-BAI Faktoriako lehendakariak bideo bidez parte hartu du jardunaldian, eta bere mintzaldian Urdaibain garatu nahi diren proiektuak “balioztatu eta laguntzeko” laguntzeko daudela azpimarratu du: “Talentu hori gure eskualde txikian garatu eta loratu dadin”. Jarraian, U-BAI Faktoria, eskualdean inbertsioa eta proiektu enpresarialen garapena sustatzen duen enpresa pribatuko elkarteak azken urtean lortutakoaren errepasoa egin du Jon Abaitua U-BAI Faktoriako koordinatzaleak, Eduardo Marquez (Ebaki) eta Mikel Irastorza (Artike Investments) bazkideekin batera. “Duela urte bete sortu genuen faktoria eta orain zerk funtzionatu duen eta zerk ez ikusten ari gara. Ez da apostu soziala bakarrik, zazpi enpresa fundatzaileak gure lanaren aldeko apustua ere egin dugu; apustu ekonomikoa eta soziala, daukagua zaintzeagaz batera onak garen aspektuak bultzatu nahi ditugu, maila gorenean jartzeko”, azaldu du Abaituak.
Gazte eta ekintzaileak.
Eskualdeko hezkuntza zentroek ere ordezkaritza izan dute jardunaldian. Urdaibaiko Ibilgailu Anfibioen Eskolarteko Duatloian, U-BAI Kids planaren aterkipean egindako lehenengo egitasmoan nagusitu ziren Bermeoko Sagrado Corazoneko ikasle ohiek beraien proiektua aurkeztu dute. “Ezer jakin gabe hasi ginen, eta ulertu dugu ez dela hasiera batean dena jakin behar, amaieran nahi duguna lortzeko”, adierazi dute.
Era berean, “edozein proiektu baino mila aldiz garrantzitsuagoa” den zerbait ikasi dutela nabarmendu nahi izan dute: beraien buruarekiko konfiantza. Bukatzeko, aurreko ikasturtean zehar osatu zuten taldea balioan jarri nahi izan dute: “Badakigu zaila dela helmugara bakarrik heltzea, baina ez dago talde honek egin ezin duenik; ikaskuntza prozesu honetan ikasi dugun gauzarik garrantzitsuena zera da, bakoitzak trebetasun eta gaitasun bereziak dituela, eta modu zuzenean konbinatuta gure helburu guztiak bete ditzakegula”.
Xiomara Gezuraga, Barrutialde Institutuko zuzendaria: “Ez zuten lehiaketa irabazi, baina ikasteko modu bat irabazi zuten”
Xiomara Gezuraga Barrutialde Institutiko zuzendariak eta Haizea Garmendia Bermeoko batxilergoko irakasleak ikasleek iaz egindakoak, eta aurten egingo dituztenak azaldu dituzte. “Ikasle asko daude Gernikan, ikasle asko daude horrelako gauzetan interesatuak eta ekintzaile jardunean aritzeko prest”, azaldu du Gezuragak. Erronka aurrera eramateko jarraitutako “metodologia propioa” ere azaldu du: “Lehenengo, inguruan duguna ezagutu; zer baliabide eta erronka ditugun ezagutu eta ondoren, hausnarketa eginda, zer lortu nahi dugun pentsatu, asko praktikatu, eta gero, sortu”. Zehaztu duenez, ibilgailu anfibioak sortzeko prozesuan parte hartu zutenak “akademikoki ez oso ondo” zebiltzanak izan ziren, baina lan horretarako “zoragarriak” izan ziren: “Ahalegina jarri zuten, ideiak, ilusioa, ordu asko… ez zuten lehiaketa irabazi baina ikasteko modu bat irabazi zuten”.
Ikasle eta zentro gehiago.
Garmendiak, berriz, ikasturte berrian martxan jarriko dituzten ekimenak azaldu ditu; hala nola, Urdaibaiko Ibilgailu Anfibioen Eskolarteko Duatloia, 24 ordutako erronka, ekintzailetza formakuntzak eta azkenik, enpresetara bisitak. Adierazi duenez, aurten “ikasle eta zentro gehiagok” parte hartuko dute horietan guztietan, hala nola, Seber Altube Ikastolak, Barrutialde Institutoak, San Fidel Ikastolak, Bermeoko Sagrado Corazon Ikastetxeak, Mertzede Ikastetxeak, Bermeo BHIk, Eleizalde Ikastolak eta Gernika BHIk. “Segi dezagun gure gazteen etorkizuna denon artean diseinatzen”, gehitu du.
Hamaiketakorako atsedenaldia egin eta gero, jardunaldira gonbidatutako ekintzaileek beraien esperientziak partekatu dituzte mahai-inguru batean; modu berean, Urdaibain ezarri daitezkeen proiektuen inguruko ideiak aztertzeko aprobetxatu dute. Jarraian, antolatzaileek mikrofono irekia zabaldu dute, ekintzaileek Busturira bertaratudirenei beraien proiektuak aurkeztu ahal izateko. Mikro irekiak parte hartze zabala izan du, eta hamaika proiektu aurkeztu dira; besteren artean, Urdaibai gamifikazioaren bitartez ezagutzeko garatzen ari den ideia azaldu zuen Iñaki Mendialduak.
Eskualdearen aberastasuna.
Ekitaldia bukatzeko, U-BAI Ondarea Saria, “eskualdean aberastasuna sortu duen pertsona eta enpresa txalotzeko errekonozimendua”, banatu zuten. Aurten 1890etik martxan dagoen Bermeoko Conservas Serrats enpresa saritu dute, “tokiko ekonomiari egindako ekarpen historikoa” aitortuz. Nadia Nemeh Bermeoko alkatearen eskuetatik jaso du saria Ignacio Serrats, fundatzailearen hereniloba eta egungo presidenteak: “Eskerrak eman nahi dizkizuet sari honengatik. Ilusio handia egin zigun, ez baita batere normala gurea bezala enpresa batek sariak jasotzea, beraz, eskerrik beroena”.