Eten digitalaren aurkako prestakuntza saioak, Bermeon
Mugikorra erabiltzen ikasi nahi duten adineko pertsonei zuzendutako tailerrak urriaren 14 eta 16an egingo dituzte, Gizarte eta Kultura Etxean. Interesatuek izena eman eman beharko dute.
Arrakala digitalagaz amaitzeko tailerrak hartuko ditu Bermeok datorren astelehen [urriak 14] eta eguaztenean [urriak 16]. BBK-k Bermeoko Udalak eta Secot elkarteagaz antolatutako ekimena adineko pertsona edo smartphonea erabiltzen ikasi nahi dutenei zuzenduta dago, “kolektibo horren eten edo arrakala digitalaz amaitzeko” helburuagaz.
Urriaren 14 eta 16an egingo diren tailerrek bi orduko iraupena izango dute, 10:30etik 12:30era, eta Gizarte eta Kultura Etxeko Hitzaldi Aretoan eskaini dira. Interesa dutenek izena eman beharko dute, 010 zenbakira deituta edota Berhaz bulegora gerturatuta.
Antolatzaileek aurreratu dutenez prestakuntza “%100 praktikoa” izango da, eta telefono mugikorren oinarrizko erabileran oinarrituko da, “parte hartzaileek oinarrizko aplikazio interesgarri eta erabilgarri batzuk erabiltzen ikasteko”. Besteren artean SOS Deiak, WhatsApp, Osakidetza edo online banka aplikazioetan trebatuko dira. Zehaztu dutenez, gainera, bizpahiru parte hartzaileko prestatzaile bat egongo da, esperientzia “ahalik eta pertsonalizatuena” izateko.
Tailerrak BBK-k eta Bizkaiko udalek bultzatutako Herriz Herri programaren barruan kokatzen da, “gizarte-eragin edo inpaktu sozial positiboa duten ekintzak elkarrekin sustatzeko”. Eten digitalaren aurkako prestakuntza 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat dator, zehazki osasuna eta ongizatea sustatzea eta desberdintasunak murriztera bideratutakoekin, hurrenez hurren.