Tradizioa eta abangoardia uztartuta dator 10. Mareak jaialdia
Jaialdia urriaren 20tik 27ra bitartean egingo da, eta agertoki ezberdinak izango ditu. Ekitaldi kulturaletako sarrerak jardueraren lekuan erosi ahalko dira, baina aurrez erreserba egiteko aukera dagoela azaldu dute antolatzaileek.
Bermeok Mareak jaialdiaren hamargarren aldia hartuko du, urriaren 20tik 27ra bitartean. Aurtengoa abangoardia eta tradizioa uztartzen dituen jaialdiaren 10. aldia izango da, eta hamar ekitaldi kultural eginez ospatuko dute.
MB200 elkarteak eta eta Beleza Malandra Ateneo Kulturalak Bermeoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz antolatutako jaialdiak “agertoki ezberdinak” izango ditu, besteak beste, Frantziskotarren klaustroa. Bertan aurkeztu dute jaialdiaren egitaraua gaur goizean [urriak 10] Nadia Nemeh Bermeoko alkateak, Endika Etxebarria kultura zinegotziak, Maite Caruezo Garapen ekomonikorako eta gazteria zinegotziak eta Ane Ortubek, jaialdiko antolatzaileak.
“Ohorea”.
Aurtengoa “urte biribila” dela azpimarratu du Ortubek, jaialdiaren hamargarren aldia antolatzea lortu baitute. Zehaztu duenez, “esfortzuarekin eta ilusioarekin” heldu dira marka horretara”, eta ospatzeko “zortzi egunetan hamar jarduera” antolatu dituzte, hala nola, hitzaldiak, proiekzioak. musika emanaldiak, irteerak…
Endika Etxebarria: “Mareak jaialdiak hamarkada bat darama gurean, tradizioa eta abangoardia uztartzen”.
Etxeberriak, bestalde, “urte berezia” dela gogoratu du, Mareak jaialdiaren hamargarren aldiko aurkezpenean egon ahal izatea “ohorea” dela nabarmenduta: “Mareak jaialdiak hamarkada bat darama gurean, tradizioa eta abangoardia uztartzen”. Era berean, urteurrena “aurrera begiratzeko” une dela azaldu du, eta ez bakarrik lortutako guztia gogoratzeko momentua.
Kultura zinegotziak jaialdiaren antolakuntzan lanean aritu direnen lana ere eskertu du: “Eskerrak eman gura dizkiet bidai honetan parte hartu duten guztiei: antolatzaileei, artistei, babesleei, eta, baita ere, urtero zuen babesa eta gogoa erakutsi duzuen publikoari”. Azpimarratu duenez, publikoaren parte hartzeagatik ez balitz, Mareak ez litzateke “gaur egun dena” izango. Jaialdiak aurten ere “une ahaztezinak” utziko dituela adierazi du, ziur.
Domekatik domekara. Urriaren 20an [domeka] emango diote hasiera Mareaki, Australiatik iritsitako Long Hours taldearen kontzertuagaz. Eszenatoki berean “helduentzako ipuin kontalaria” izango dute aukeran, astelehenean: Apika konpainiak Artimañas saioa eskainiko du bertan, doan.
Doako jardueren artean Asier Romerok Arrantzaleen Museoan eskaini duen Tesoros, curiosidades, secretos y mitos hitzaldia, eta, Kautrock: The Rebith Of Germany dokumetalaren proiekzioa nabarmendu dituzte.
Eguenean [urriak 24] ekingo diote “estilo potenteari”. Jaialdiko karteletan beti agertzen den tradizioa eta abangoardia herri kulturan lelo eta antolatzaileen helburua erantzuten dion ekitaldia antolatu dute: Joseba Irazoki eta Xabier Badiola elkarrekin ariko dira oholtza gainean. “Lehenengoa nagusiagoa da eta abangoardia egiten du; Badiola berriz, gaztetxoa da eta tradizioa egiten du, urte guzti hauetan izan dugun gure helburu handia uztartuta”.
Irteerak ere prestatu dituzte, besteren artean Nabarnizko Arrolako Kastrora bisita gidatua, Juanjo Jose Cepedaren azalpenekin. Joan etorri egiteko autobusa jarriko dute.
Cult of Youth talde estatubatuarrak ere kontzertua eskainiko du urriaren 25ean [barikua],Beleza Malanda Ateneo Kulturalean. Ekitaldi berezia izango da, jaialdia lehenengoz egin zenean ere oholtzara igo baitziren. Dark folk, punk eta psych doinuak “hobekien uztartzen dituen taldeetako bat” dela eta “hamargarren urteurrena elkarrekin ospatzera” etorriko direla azaldu dute. Beraiekin batera egongo dira The Eliam talde donostiarra eta Silver Surfing Machine bilbotarrak. Hamargarren aldia My Imaginary Loves eta Docks taldeen post punk indie pop, slow core eta dream pop soinuekin agurtuko dute.
Sarrerak jarduera bakoitza egingo den tokian eskuratu ahal izango dira, egunean bertan. Hala ere, norbaitek aurretik bere sarrera erreserbatu nahiko balu, mareakjaialdia@gmail.com helbide elektronikora edo 699 26 22 53 telefono zenbakira “denboraz idatzita” egin ahalko duela azaldu dute antolatzaileek.
EGITARAUA
- Urriak 20, domeka
- 13:30. Long Hoursen musika emanaldia, Beleza Malandra Ateneo Kulturalean. Sarrera 5 euro.
- Urriak 21, astelehena
- 19:30. Apika konpainiaren Artimaña kontakizuna, helduentzat, Beleza Malandra Ateneo Kulturalean. Doan.
- Urriak 22, martitzena.
- 18:30. Tesoros, curiosidades, secretos y mitos de Bermeo hitzaldia, Arrantzaleen Museoan. Asier Romerok eskainiko du, doan.
- Urriak 23, eguaztena.
- 20:00. Kautrock: The Rebith Of Germany dokumetalaren proiekzioa, Nestor Basterretxea aretoan. Doan.
- Urriak 24, eguena.
- 20:30. Ioseba Irazoki eta Xabier Badiolaren emanaldia, Nestor Basterretea aretoan, zortzi eurotan.
- Urriak 25, barikua.
- 20:30. Cult of Youth, The Eliam eta Silver Surfing Machine taldeen kontzertuak, Beleza Malandra Ateneo Kulturalean. Sarrera 10 euro.
- Urriak 26, zapatua.
- 09:30. Bisita gidatua Arrolako Kastrora (Nabarniz). Irteeraren prezioa, 2 euro.
- 18:30. Cathi Unswroth idazle londrestarraren Temporada de brujas: El libro del rock gotico liburuaren solasaldia, doan.
- 21:00. Burgoseko Neonimus taldearen Despues de nuestra era kontzertua, Frantziskotarren klaustroan. Sarrera 8 euro.
- Urriak 27, domeka.
- 13:30. My imaginary loves eta Docks taldeen kontzertuak, Beleza Malandra Ateneo Kulturalean. Sarrera 5 euro.