Puntista txikiak, etxean handi
Bermeoko Udalari frontoian sarea jartzea eskatu, eta Zesta Punta eta Pala Eskola sortu zuten, Bermeon. Orain, puntistek herrian jokatu ahal izateko ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte.
Lehen erreferentzietatik itsasoagaz eta arrantzagaz estu-estu lotuta egon den udalerria da Bermeo. Itsasontziak, ontziolak, Portu Zaharra… dira sarri kostako herriaz pentsatzean gogora datozenak, baina errotutako beste hainbat ohitura ere baditu, tartean, zesta-punta.
Zesta-puntak “historia luzea” du Bermeon, profesional izatera iritsi diren puntista askoren jaioterria izan baita. Horietako batzuk Amerikako Estatu Batuetan aritu, eta azken urteetan etxera itzuli dira. Puntista bermeotar asko herritik kanpo arituta hazi dira kirolean, bertan ezin baitzuten jokatu, “batez ere sarea falta zelako”.
“Mutil eta neska berriei modalitate bi hauetan hasteko aukera eman nahi diegu”
Zesta-punta eta pala zaleak bat egin, eta Bermeoko Udalagaz harrematan jarri ziren, eta sarea jartzearen beharraz «konbentzitu» zituzten. Izan ere, sareak frontoian modu «seguru eta erosoan» aritzeko aukera emango zuela nabarmendu zuen Nadia Nemeh Bermeoko alkateak, ekainean egin zuten inaugurazio ekitaldian. Sareak udalerriko bi tradizio batzen dituela esan zuen: zesta-punta eta saregileen itsas tradizioa: “Gure herriko bi sektore garrantzitsuren batasuna ikusten dut”.
Orain, behin frontoia «euskal pilotako bi modalitate horiek» hartzeko prest dagoenez, zesta-punta eta pala zaleak “elkarte bat, eskola bat sortzera animatu” dira: Bermeoko Zesta Punta eta Pala Eskola.
“Elite mailara heldu ahal izateko eskola beharrezkoa da, bestela oso zaila da”
Bermeoko frontoia handia da, “elegantea”, baina zesta-puntan aritzeko prest ez zegoenez, herriko puntistek beste talde edo klub batzuetara joan behar izan dute: “Klub berria gara, eta gure jokalariak Bizkaiko beste klub batzuetan dabiltza, Gautegiz Arteagan edo Gernika-Lumon, esaterako, eta beste batzuk ez daude inon federatuta”. Horregatik, eskolarekin “apur bat sakabanatuta” dauden puntista gazteak biltzen hasi nahi dute, baita Bermeon jokatzeko aukera eskainita, “mutil eta neska berriei ere modalitate bi hauetan hasteko aukera eman ere”. Izan ere, udalerrian eskola bat falta zela antzeman zuten, lehiatu edo maila ona hartzeko «beharrezkoa» delako: “Elite mailara heldu ahal izateko, eskola beharrezkoa da, bestela oso zaila da”.
Interesa, badago.
Zesta-punta eta pala eskolako bultzatzaileek modalitate horiekiko “interesa badagoela” uste dute, “batez ere zesta-puntan”. Gainera, Jai Alai Winter Series bezalako txapelketak telebistan ikusi ahal izateak eragin positiboa izan duela nabarmendu dute: “Gero eta gehiago ikusten da”. Gainera, duela pare bat urte puntistak AEBtik itzultzeak profesionalak gertutik ikusteko aukera ekarri zuen, eta, ondorioz, “orain ikusgarriagoa” da zesta-punta.
Umeen edota gaztetxoen artean ere kirol horiek ezagutzeko gogoa nabaritu dute. Eskoletan batez ere zesta-puntan “bote arraroarekin” jokatzen dutela nabarmendu ohi dute, eta “joko arina delako” bereganatzen du ikasleen arreta: “Interesa egon, badago”.
Sarea kokatuta, 2024ko ekainaren 26an Bermeoko I. Zesta Punta topaketa egin zuten Artza frontoian. Beranduago, Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaien barruan zesta jaialdia antolatu zuten —Bizkaiko Opena 2024. I. Bermeoko Jaiak Irekia—, eta “egun eta ordu txarrak” izan arren, antolatzaileak pozik gelditu ziren jaialdiak emandakoarekin, “jende piloa” gerturatu zelako. Herrian zesta-puntarekiko dagoen interes eta ohitura agerian utzi zituen data izan zen.
Bermeoko Zesta eta Pala Eskolak bi partidu antolatu zituen udalaren laguntzagaz, eta, horrez gain, Bermeoko puntista ohiak ere omentzeko aprobetxatu zuten jardunaldia, Bermeon zesta-puntak «iragana, oraina eta etorkizuna» duela erakusteko helburuagaz. Francisco Javier Hormaetxea Francisco —1989tik 1991ra arte aurrelaririk onena izan zen AEBn binakakoetan— eta Juan Ramon Rementeria Remen —Munduko Txapelketak irabazi izan ditu— izan ziren omenduak. Horrez gain, Humberto Elordui ere gogoratu zuten.
Ate irekiak.
Zesta-puntarekiko interesa praktikara eramateko, eta “benetan adin ezberdinetako zenbat neska-mutil dauden ezagutzeko” asmoz, eskolatik ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte: “Jende askok esaten digu etorriko litzatekeela, edo seme-alabak apuntatuko lituzketela, eta honek hurbilketa bat egiteko balioko digu”. Hala, taldeak egin ahal dituzten ikusi eta denboraldia antolatzen hasi ahalko dira.
Jardunaldiak urriko eta azaroko zapatu guztietan egingo dituzte, 09:30etik 11:00etara bitartean, “pilota batzuk bota, eta kirol hau zer den erakusten”. Era berean, adin txikiko zein adin nagusikoei zuzenduta dagoela azaldu dute: “40 urteko jendea ere animatzen hasi da azkenaldian. Harrigarria da, baina adin horretako kuadrilla asko daude lehiaketa estraofizialetan”. Beraz, ate irekiak 8 urtetik gorakoei zuzenduta daude, “adin horrekin hasten delako eskola kirola“. Adin horretatik aurrera, “beste herri batzuetako umeekin” jokatzen hasi daitezke, eta topaketak antolatzen hasten dira. Bermeoko Zesta Punta eta Pala Eskolak izena eman du eskola kirolean, eta “jendea animatzen baldin bada”, topaketa horietan lehiatzera iristea dute helburu.
Eskola kirolera zuzenduta badaude ere, 8 urtetik beherako norbaitek parte hartu gura badu ere klubean hartuko dutela azaldu dute: “7 urteko umeak badatoz, eta hiruzpalau umez osaturiko taldea egiten badugu, ongietorriak izango dira”. Hori bai, talde horretako kideek klubean bakarrik entrenatu ahal izango dute, eta horretarako adina izan arte ezin izango dira eskola kirolean aritu.