Patxo Telleria: "Laboaren kantak inspirazio iturritzat dituzten kantu berriak sortu ditut"
Laboaren kantak gaur egungo gizabere baten begiradatik transmititzen ditu Patxo Telleria dramaturgo eta aktoreak 'Ai gure juaneteak' ikuskizun hibridoan. Zapatuan taularatuko dute obra Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian.
Hitzek eta musikak osatzen duten eta taula gainean aktore-musikari batek eta musikari-aktore bik interpretatzen duten obra da Patxo Telleriaren Ai gure juaneteak. Hitzaren eremua aktorearena da, esatariarena. Baina aktorea ere musikari bihurtzen da tarteka. Musikaren eremua, berriz, musikariena da. Baina musikariak ere ikuskizunaren partea dira, eta honenbestez, aktoreak. Testua, Laboaren zenbait kantek inspiratu dute: Izarren hautsa, Negu hurbila, Lili bat, Oi Pello Pello, Baga biga higa… Hamarkadak pasatu dira kanta horiek konposatu zirenetik, eta Tartean Teatroaren obra honetan jatorrizko bertsioen zati laburrak entzungo badira ere, kanta bakoitzaren ikuspuntu berriek beteko dute eszena, desegituratze eta desitxuratze erradikalagaz. Eszenaratzea minimalista izango da, betiere Zumetaren iruditeri estetikoa baliatuta, protagonistei, hitzari eta musikari garrantziarik handiena emateko asmoz.
Ikuskizun hibridoa da Ai gure juaneteak, ze, antzerkia, musika edota poesia uztartzen ditu.
Gaur egun arte eszenikoetan ematen den prozedura hori ez da bat ere ezohikoa. Generoak gero eta gehiago nahasten dira. Antzerkigintzan lehen oso estandarizatuta zeuden generoak guztiz lausotuta eta guztiz nahastuta edo hibridatuta ageri dira egun. Eta, dramaturgiatik kanpo ere, beste diziplina batzuetan ikus-entzunezkoak eta antzerkia nahasten dituzte gero eta gehiago. Musika, edo gorputz adierazpena ere nonahi lantzen dira. Obra honetan, nik esango nuke nahasten direla antzerkia, poesia eta musika asko.
Mikel Laboaren kanten letren berrinterpretazioa egin duzula esan daiteke?
Modu erradikal batean berrinterpretatu ditut; hau da, birsortu egin ditut. Niretzako Laboaren kanten letrak izan dira inspirazio iturri bat, nik beste poema, beste istorio edo beste ikuspuntu guztiz pertsonalak eta ezberdinak emateko. Ez dut esan nahi Laboaren kanten letrak moldatu edo eraberritu ditudala, ez. Kanta berriak dira, bakoitzak Laboaren kanta bat inspirazio iturri modura daukana. Obran entzungo diren letra batzuk asko aldentzen dira jatorrizko gaitik edo letratik, eta, beste batzuek ordea, lotura zuzenagoa eta estuagoa dute. Baina, denak ere, guztiz ikuspuntu eta bertsio pertsonalak eta desberdinak dira.
Beraz, zure ikuspuntua azaleratu gura izan duzu lan honetan?
Antzezlan hibrido edo agerpen musikal honetan musika, antzerkia eta poesia nahasten dira. Obra ez da poesia errezitaldi bat, inondik inora ere, gehiago hurbiltzen baita musika edo antzerki lan batera, baina poesiaren tonua ere badagoela esan behar dut. Izan ere, nik antzerkia idatzi izan dudanean, kanpoko arazoak edo gizarteko eta pertsonen arazoak kontatu izan ditut, barrutik idatzitakoak, baina oraingo honetan ni naiz antzezlanaren gaia. Hala ere, ‘ni’ hori aipatzerakoan edozein ‘ni’ izan daitekeela esan nahi dut. Antzezlana ez da Patxori buruzkoa, ez, baina bada norberari buruzko lan bat, eta kasu honetan ni naiz hori lantzen duena. Eta, kasu honetan, nire bizitzako une jakin batean, beharbada krisialdi une batean –adina, munduan daukazun kokapena… hainbat arrazoi– egositako istorioa da.
Horrez gain, hausnarketa ere bilatu gura izan duzu.
Bai, hausnarketa egiten eta bilatzen dut. Ikuskizunean badaude kanta edo kapitulu edo gai batzuk oso-oso pertsonalak direnak, oso-oso intimoak. Hala ere, badaude beste batzuk pixka bat ideologikoagoak direnak. Hausnarketa egiten dut arlo askotan, bai arlo emozional eta psikologikoan, bai ideologikoan. Izan ere, Laboa aukeratu nuen 40 urte hauetan egon diren aldaketa erakusteko. Hasteko, urte hauetan aldaketa pertsonala bizi izan dut. Ze txikitan, Laboaren kantak kantatzen nituen, eta oraindik ere Laboaren kantak kantatu nahi ditut, baina orain, kanta horiek arrotz suertatzen zaizkit, ulergaitz. Esan nahi dut, 50 urte pasatu dira ordutik, eta orduan beste adin eta beste egoera soziologiko eta psoziopolitiko batean nengoen, eta gaur egun abesti horiek modu desberdin batean entzuten ditut. Eta aldaketa hori pertsonala eta emozionala izan da, baina baita ideologiko eta politikoa ere. Hala, kantak nik orain ulertzen ditudan eta orain interpretatzen ditudan moduan kantatzen ditut Ai gure juaneteak lanean.
Esaterako, Ai gure juaneteak kantuan lantzen duzu perspektiba aldaketa hori, ezta?
Ai gure juaneteak abestia plural bihurtu dut. Jende askok esaten dit Nere juaneteak dela kantua, eta badakit, baina aldatu nahi izan dut, ze kanta horretan, ideologia aldaketa hori nola ikusten dudan azaltzen dut. Nere juaneteak Franco garaian idatzi zen kantua da, eta orduan aurkaria oso garbia zen: arerioa zen Franco, frankismoa… arerioak ziren enpresarioak; horiek dirudun gizon modura identifikatzen genituen, puruagaz, lodiak… Eta mundua gaizki zegoen jende hori zegoelako, etsai horiek zeudelako, Franco zegoelako, polizia zegoelako, aberats zeken horiek zeudelako. Horregatik zihoan mundua txarto, horiek ziren karitatea modurik hipokritenean praktikatzen zutenak. Baina, nire bertsioan, etsai eta enpresario zeken horiek oraindik existitzen direla jakin dakidan arren, mundua horren gaizki joatearen gai horren baitan, neure burua ere sartzen dut. Eta ikusleei gonbidatzen diet hausnarketara. Izan ere, gu ere errudunak gara, gu ere hipokritak gara, eta gure pasibotasuna ere erruduna da. Gure geldotasunari buruz hausnartzen dut, ze, ahotik asko botatzen dugu, baina ekintzetatik, ez. Horregatik diot Ai gure juaneteak, guztion juaneteak direlako.
Horiek denak esateko oholtzan agertzeko moduari Esaniko hitza deritzozu. Zergatik?
Ingelesez Spoken words esaten da, eta eszenatokian testuak botatzeko estiloa da. Ez da berria, beste estilo batzuetatik eratorria delako. Eszenatokian agertzeko modu horrek raparen estilo literarioa hartzen du; hau da, rapean, bertsolaritzan eta poesia klasikoan ez bezala, errima dago, baina ez dago metrikarik. Spoken words-ek horri jarraitzen dio, baina errima hori araurik barik sar daiteke, nahi dudanean sartzen dut edo ez dut sartzen. Eta, zentzu horretan, estilo oso askea da, estetikoki oso eraginkorra, errimak beti dutelako indarra. Eta, estilo honek ahalbidetzen du esatea, kantatzea, eta horiek nahastea. Horregatik nik batzuetan kantatzen eta beste batzuetan esaten dut, beti musika lagun dudala.
Bai, ze beste bi musikari-aktorerekin taularatzen zara, eszenografia minimalista bat eraikiz.
Formatu sinplea du obrak, bai. Guk toki anitzetara ailegatu gura dugu ikuskizun honekin, bai antzokietara, bai musika areto txikiagoetara. Eszenografia minimalista da, eta Zumetaren iruditeria islatu nahi izan dugu; hala, gaia, koloreak eta estiloa oso zumetarrak dira. Guzti honetarako Laboaren familiaren eta Zumetaren familiaren onarpena eta borondate ona jaso dugu, eta eskerrak eman gura dizkiet denei.
Eta, musikari eta aktore lanetan jarduteko, zelako lanketa egin duzue?
Entseguak musikalak izan dira. Batetik, nik letra horiek guztiak barneratu eta buruz ikasi behar nituen, eta hori nire kontu landu dut. Gero, elkarrekin biltzen hasi ginen, musika sortzeko. Musika Adrian Garcia de los Ojosek sortu du, eta leitmotiva edo sortzeko prozedura nik letrekin izan dudan berdin-berdina izan da. Kanten letrekin egin modura, Adrianek Laboaren musika hartu inspirazio iturritzat, eta gero hegan egin du. Batzuetan, sortu duen pieza musikala Laboaren familiakoa dela iruditzen zaizu: kanta bera izan ez arren jatorrizkoa ere entzuten ari zarela, alegia. Beste batzuetan, baina, musika keinu batzuetatik abiatu eta oso urrun bidaiatzen du. Beraz, ordubete eta hamar minutu bizi, hunkigarri eta original bizitzeko aukera da antzezlana; bertaratzen direnak ez dira inolaz ere damutuko.