DA! PRO topaketarako izena emateko epea zabaldu dute
Kulturgile eta programatzaileen artean sinergiak sortzeko helburuz jaio zen DA! Pro topaketa. Aurtengo seigarren aldia azaroaren 26an eta 27an garatuko dute, eta, bertan parte hartu gura dutenek izena eman behar dute, urriaren 18a (barikua) aurretik.
Kulturgile eta programatzaileen artean sinergiak sortzeko helburuz jaio zen DA! Pro topaketa. Izan ere, Durangoko Azokaren eragina aprobetxatuta, euskal kultura bultzatzeko beste tresna bat izateko asmoz jaio zen, eta, aurtengo seigarren aldia azaroaren 26an eta 27an garatuko dute. Hala, bertan parte hartu gura dutenek izena eman behar dute, urriaren 18a (barikua) aurretik; eta, hori, durangokoazoka.eus webgunean egin beharko dute.
Sortzaileek programatzaileen aurrean aurkeztuko dituzte euren lanak azaroaren amaierako egun bi horietan. Sortzaile bakoitzak tarte bat izango du, azalpenak emateko edota proiektuaren lagin bat zuzenean erakusteko. Azaroaren 26an, familia ikuskizunak plazaratuko dituzte Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan; eta, biharamunean, musika proposamenen txanda izango da Plateruena kultur aterpean.
Musikarien kasuan, hautaketa prozesu zuzen baterako ere balioko du topaketak, izan ere, Zornotzako Udalak DA! PRO ekimeneko partaideen artean aukeratuko ditu 2025eko urtarrilaren 25erako MusikaGaz Fest jaialdirako musika taldeak.
Nabarmendu dute topaketan izena emango duten sortzaileen proposamenak katalogo banatan –musika eta familia ikuskizunak– gordeko direla, eta katalogo horiek teknikarien eta programatzaileen eskura jarriko dituztela, kontratazioak egiteko erabilgarri izan daitezen.
Jakinarazi dute topaketa antolatzeko hainbat laguntzaile batuko direla egitasmora; lehen jardunaldian Berbaro euskara elkartea eta biblioteka izango dira bidelagun, eta, bigarrenean, Musika Bulegoa. “Durangoko Azokak babesle eta laguntzaileekin batera antolatzen duen topaketa mamitsua eta aberatsa izan ohi da”, azaldu dute antolatzaileek. Ze, gogoratu dute iazko jardunaldi bakoitzean hamabi proposamen aurkeztu zituztela, eta aurten ere aberatsa izatea espero dutela gehitu dute.
Topaketa hauen bidez, asmo bi hauspotu gura dituzte antolatzaileek: Euskal Herrian kulturgileen lana hedatzea eta kultur, areto zein jaialdien programazioa euskarazko ekitaldiekin elikatzea.