Bederatzi mintzatalde espero ditu aurten Berbalagunek
Euskara kaleetara zabaltzeko eta euskaldunberri zein euskaldunzaharrak euskaraz hitz egitera bultzatzeko, beste behin Berbalagun egitasmoa abian da Gernika-Lumon, igaz baino Mintzatalde gehiagorekin.
Euskaldun zaharrak, berriak eta euskara ikasteko eta erabiltzeko gogotsu dagoen oro batzeko eta beraien artean euskararen erabilera sustatzeko helburupean bultzatu zuten Berbalagun egitasmoa 2003an lehenengoz; AEK-k, udal euskaltegiak eta Gernika-Lumoko Udalak jarri zuten martxan, eta, ordutik, euskara bultzatzeko lanean ari dira. Mintzataldeetan antolatzen dira: euskaraz sozializatzeko eta euskararen erabilera bultzatzeko talde zabalak dira horiek. Ibai Urrutia Arandia Berbalaguneko koordinatzaileak ikasturte hau abiatu dutela adieraztearekin batera, aurtengo Mintzataldeak prestatzen hasi direla esan du: “Oso pozik gaude, igazko taldeak mantentzeaz gain, beste bat sortzea ere lortu dugulako”.
Igazko “balantze positiboaren” ostean, 9 dira urte honetarako aurreikusten dituzten Mintzataldeak. Joan den urtean baino bat gehiago. Hala ere, antolatzaileen asmoa “ahalik eta jende gehien” animatzea da. Euskaldun berrientzako zein zaharrentzako egitasmoa dela nabarmendu dute etengabe, “denak ongietorriak” izango direla argituz.
Askoren zalantzen aurrean, Mintzataldeak goizez zein arratsaldez elkartuko direla eman dute aditzera antolakuntzatik. Beregain, tabernetan elkartzeaz gain, “beste mota bateko” uneak ere partekatuko dituztela gehitu dute: “Igaz egin genuen bezala, aurten ere jada horrekiko interesa helarazi diguten pertsonak egon direnez, oinezko taldeak ere sortuko ditugu. Euskaraz mintzatu bitartean jarduera fisikoa ere egiteko eta hainbat motatan euskara zabaltzen jarraitzeko”.
Hainbat dira Berbalagunek ikasturtean antolatzen dituen ekintzak, alegia: Ezetz Jakin lehiaketa, mendi irteerak, hitzaldiak eta Euskararen Eguneko 11 orduko irakurtaldia, besteak beste. Udalerrian ezaguna den Ezetz Jakin lehiaketagaz, esaterako, azaroan hasiko direla aurreratu dute ordezkariek, eta aurrerago gainontzeko ekintzen informazioa zabalduko dutela adierazi dute. Hilabete amaierako zapatuetan, gainera, mendi irteeretan batzen jarraituko dutela berretsi dute.
“Antolatzen ditugun mintzataldeak astean ordu baterako elkartzen dira, eta dohainik da”, argitu dute, eta horrekin batera, animatzeko deia zabaldu dute: “Hemendik animatzeko deia zabaldu nahi dugu, zuen euskera hobetzeko gogoa edo modu lasai baten euskaraz komunikatzeko kutsua nahi baduzue, zein beste batzueri bide horretan laguntzeko prest baldin bazaudete, animatu”. Izan ere, beste batzueri erakusteko edo laguntzeko prest dagoen jendearen beharrizana ere azpimarratu dute.
Dena den, herrian zehar kartelak jartzen dabiltzala esan dute, eta kartel horietan QR kode bat eta telefono zenbaki bat ahalbidetu dutela: “Beldur barik idatzi edo deitu, eta animatu. Gure aurtengo lemak dioen bezala, euskara zu zara!“.