Azkenean urriaren 11n egingo dute Gernikako moda desfilea
Irailaren 27rako aurreikusita zuen Gernikako Merkatari Elkartuak, baina euriagatik atzeratu behar izan zuten.
Oraingoan bai. Barikuan [urriak 11] egingo du Gernikako Merkatari Elkartuak aire zabaleko bigarren desfilea. Hasiera batean, irailaren 27rako zegoen aurreikusita, baina euriagatik atzeratu behar izan zuten. Desfileak Gernika-Lumoko merkataritza, zerbitzu eta ostalaritza eskaintza zabala erakutsiko du.
Hain zuzen ere, ezin zuten egin barik hutsi, eta barikurako aurreikuspenak onak direnez, Picasso kalea hartuko dute 19:00etatik aurrera. “Badakigu desfile honen atzean dagoen ahalegin eta ilusio guztia. Horregaitik, ez genuen arriskatu gura eta atzeratzea erabaki genuen”, azaldu dute GMEtik. Are gehiago iazko lehen desfileko arrakastaren ostean. Noelia Serna GMEko presidenteak adierazi duenez, iazko arrakastak “errepikatzeko kemena” eman die.
Aurten herriko 30 denda baino gehiagok parte hartuko dute, eta desfilera bertaratzen direnek askotariko produktuak ikusteko aukera izango dute. Desfilearen aurretik, 18:00etan, Segundo Olaeta Musika Eskolako txirula, biolin, piano, txistulari eta trikitilariek gunea girotuko dute. Gero, DJ Bonsik girotuko du desfilea. Aurretik, ile-apaindegiak eta makilatzaileak izango dira pasabide gainean, modeloei azken ukituak emanez.
Horrez gain, Ross Dantza Taldeak protagonismo berezia izango du, dantza emanaldiagaz hasiko baitute desfilea. Aurkezpen eta pase guztiak muntantatzeaz ere arduratuko dira, “muntaia eta formazio originalekin”. Gainera, pasabidera igoko diren “120-150 modeloak” ere dantza eskolaren eskutik etorriko dira.