Johan eta Gorka Sorozabal anaiek 2-1 irabazi diete Ludovic Ladutxeri eta Julen Del Riori Jai Alai Ligaren Lauko Finalaren lehen finalaurrekoan. Eñaut Urreistik eta Jon Zabalak 2-1 irabazi diete Unai Lekerikari eta bere azken partidua jokatu duen Iñigo Gorostola 'Arrieta'-ri.
Abian da Jai Alai Liga erabakiko duen azken geltokia: Lauko Finala. Durangoko Ezkurdi pilotalekuak maila eta intentsitate handiko partiduk hartu zituen atzo [urriak 7]. Batetik, lehendabiziko finalaurrekoa jokatu zuten; bestetik, Iñigo Gorostola Arrieta-k profesional mailako azkenengo norgehiagoka jokatu zuen. Arrazoi bat edo beste tarteko, beraz, emozioa nabarmendu zen ikuslez gainezka beteriko frontoian.
Finalerdian, hil ala biziko jokoa nabarmendu zen: kale edo bale. Ludovic Ladutxe baionarrak eta Julen Del Rio gasteiztarrak Johan eta Gorka Sorozabal anaiak presiopean eduki zituzten, ia-ia garaituta, baina miarriztar gazteek ez zuten etsi eta, atzaparrak ondo erakutsi ondoren, finalaurrekoa iraultzea lortu zuten. Johan bikain agertu zen, batez ere, neurketaren hasieran. Kolore guztietako tantoak egin zituen lehenengo setean: 1 eta 0ekoa, txapa gainean eroso jokatuta; 2 eta 1ekoa, zabaletara eta indartsu; 3 eta 3koa barruan jokatuz; eta abar luze bat.
Atzetik joanda ere, Ladutxek eta Del Riok ere eraginkortasun sentsazioa bistaratu zuten. Atsedenaldian markagailuak 8 eta 6koa erakusten zuen, hau da, ate oro zabalik zegoen bikote bientzat. Gorkak, baina, goitik beherako pilotakadak baliatu zituen, urrats bat aurrera egiteko; anaiak, bere aldetik, errebeskadaz ederto asmatu zuen. Azkenean 15 eta 10ekoagaz nagusitu ziren lehen setean miarriztarrak.
Argazkia: Eraman Jai Alai.
Bigarren setaren hasieran, baina, dinamikak errotik aldatu ziren. Pilota biziagoagaz, Del Riok bere erakustaldi propioa abiatu zuen: eskumakadak probestuta, goitik zein behetik jokatuz, horma bitara eta, batez ere, intentsitate handiagaz. Arabarrak hankaz gora ipini zuen Sorozabaltarren jokoa; norgehiagokatik aterarazi zituen biak ala biak. Ladutxe, ostera, lehen setean aritu bezala ibili zen: erregulartasunez, fidagarritasun handiz, suziririk gabe. Pausoz pauso eta tantoz tanto, Baionakoak eta Gasteizkoak erraz ezarri zuten beren legea bigarren jokoaren amaieran: 4 eta 15.
Berdinketa hausteak asko eduki zuen borroka psikologikotik. Ladutxek eta Del Riok, bigarren setean bistaraturiko distiragaz, konfiantzaz blai ekin zioten hirugarren eta azkenari. Miarriztarrek azken arma bat zuten, baina, ezkutuan. Anaiek bizkor ezarri zuten 1 eta 0ekoa markagailuan. Bigarren tantoan, bikote horiak seinalatu zuen pilotak ezker horman gora egin zuela; epaileek, baina ez zuten halakorik adierazi. Haserrerako unea izan zen horientzat. Edozelan ere, 2 eta 1ekoa lortu zuten jarraian, eta 4 eta 3koa ostean. Erabateko emozioz erabaki zen partidua, Ladutxek errebote batean, lurretik, 4 eta 4koa ezartzeko tantoa egin baitzuen. Errebote batek, baina, aldendu zituen garaipenetik, hurrengo jokaldian: egundoko abiaduradun pilota ondo harrapatu eta errematatu zuen Johanek. Garaipena eta finalerako txartela, beraz, Miarritzera. Sorozabal anaiek hurrengo asteko finalaurrekoaren garaileen kontra jokatuko dute azken txanpan: Aritz Erkiagak eta Thibault Basquek Xabier Barandikaren eta Imanol Lopezen aurka neurtuko dituzte indarrak.
Argazkia: Eraman Jai Alai.
Gorostolaren agurra.
Gorostola beteranoak kantxa batean egingo zuen azken agerraldia gogoratzeko modukoa izango zela zin egin zion bere buruari. Halaxe izan zen. Gainera, pilotalekuan berragerpena egin zuen Unai Lekerika gernika-lumotarra eduki zuen bizkartzain; aurrez aurre, ostera, Eñaut Urreisti mutrikuarra eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarra. Markagailuak set batetik bestera dantza egin zuen: 9-15 amaitu zuten lehenengoa; 15-9, bigarrena. Hirugarren setean, Gorostolak bere azken partidua garaipenez amaitzeko aukera esku artean eduki zuen, baina Urreisti gazteak ondo irakurri zuen bere jokoa, eta durangarraren errematea ondo harrapatu zuen mutrikuarrak; harrapatu ez ezik, partidua borobildu ere bai. 4 eta 5eko markagailu estuagaz bukatu zuten.