Denboraldia hasteko prest daude basurdeak
Gernika RTk 2024-2025 denboraldirako taldeak aurkeztu zituen Astran. Lehen taldeagaz Elite mailan sartzea dute helburu, eta zuzendaritza berriak harrobia suspertu gura du.
Eraldaketaren denboraldia izan zen iazkoa Gernika Rugby Taldearentzat. Denetarik izan zuen: alde txarrak, bai, urteko helburua zen Elite Multzorik kanpo geratu zirelako basurdeak, baina izan zuen alde onik ere. Behetik gorako joera izan zuen lehen mailako taldeak, eta harrobiko jokalari gazteek euren aukera izan eta aprobetxatu zuten.
Orain, denboraldi berriari ekiteko prest daude, eta herriari talde berriak aurkezteko asmoz, Astran bildu ziren maila guztietako jokalariak. Talde teknikoko zein zuzendaritza taldeko ordezkariak ere bertan egon ziren. Musikaz eta jan-edanaz lagunduta, kategoria guztietako taldeak aurkeztu zituzten basurdeek, Ohorezko B mailako taldetik hasi eta maila txikienetako jokalariekin amaitu arte. Urtero legez, guraso eta zaleek ez zuten hutsik egin.
Aurten, 2023tik lehiatzen duten Ohorezko B mailan arituko dira berriro, baina helburu argia dute: Ohorezko A mailaren eta B mailaren artean sortuko duten Elite mailako kategoriara sailkatzea. Ez dute lan erraza izango horretarako, izan ere, ligako hiru onenen artean bukatu beharko dute denboraldia. Argi azaldu du Mikel Bilbao taldeko zuzendariak, baita Aitor Etxebarria entrenatzaileak ere.
“Elite multzoan sartzea da asmoa, horretarako entrenatzen dugu, horretarako sufritzen dugu entrenamenduetan”, esan zuen taldearen entrenatzaile berriak. Sei aste daramatza jokalariekin lanean, eta denbora tarte horretan asko hobetu dutela onartu zuen, taldea “bateratuago” dagoela eta joko hobea daukala esanez.
Iker Olaeta kapitainak, bere aldetik, aurtengo denboraldia garrantzitsua dela onartu zuen, eta zelai barrutik taldekideak elkar ondo ulertzen direla jakinarazi zuen: “Jende berria ondo egokitzen ari da, eta etxekoak ere bikain ari dira zeregin horretan lanean”. Gehitu zuen entrenatzaileen pentsatzeko moduagaz ere bat egiten duela taldeak, eta bide onetik ari direla lanean. “Gogotsu gaude neurketekin hasteko”.
Hala, hasierako bide hori ez da erraza izango, izan ere, derbi batekin abiatuko dute liga: Getxoren aurka lehiatuko dute zapatuan, 17:00etatik aurrera, Urbietan; Olinpiar Jokoetan diploma olinpiokoa lortu zuen Naia Laso skater bermeotarrak egingo du ohorezko sakea. “Ea lehenengoa garaipen batekin hasten dugun eta hortik gorantza goazen”, esan zuen Olaetak, eta zaleak gonbidatu zituen Urbietara.
Klubeko bigarren taldeari dagokionez, taldea sortzeko basurdeak falta zirela eta, Zornotzako taldeagaz eta Arratiko zekorrekin bat egin dute. “Guk ez daukagu jende nahikorik bigarren taldea ateratzeko, eta, elkarlanean, denon artean, bigarren eta hirugarren taldeak sortu ditugu. Hori da aurtengo berritasuna”, azaldu zuen Bilbaok.
Harrobia sendotzeko nahia.
Lehenengo taldeen helburuez harago, Gernika RTren zuzendaritza berriak harrobia are gehiago lantzea jarri du helburutzat. “Talde modura, gure helburunagusienetakoa da –nagusiena ez bada– harrobia lantzea eta zaintzea. Gernika-Lumon eta inguruetako herrietan kirol hau gero eta jende gehiagok ezagutzea gura dugu, jokatzera hurbil daitezen”, onartu zuen zuzendariak.
Eskola azken urteetan “kili-kolo” egon dela onartuta, horretara gerturatu gura dituzte herritarrak. Jendeak, eta batez ere gazteek, errugbia kirol arriskutsua denaren aurreiritzia kentzea bilatu gura dute, eta hori lantzen ari dira. Izan ere, inguruko ikastetxeetara joaten hasi dira, kirola ezagutarazteko helburuz. Eskoletan, hain zuzen ere, kirola erakusten diete gazteei, entrenamendu moduko batzuk egiten dituzte, kirolaren ezaugarriak azaltzen dizkiete, eta kirolarekiko existitzen diren beldurrak kentzen ahalegintzen dira.
“Harrobira jende gehiago hurbiltzea nahi dugu, gure klubaren oinarria gazteak direlako”, azpimarratu du. Izan ere, Gernika-Lumon 17.000 biztanle inguru bizi dira, baina kirol eskaintza ere oso handia da: atletismoa, igeriketa, saskibaloia, futbola… “Gauza eta aukera asko daude, eta gu saiatzen gara gero eta jende gehiago errugbira gerturatzen. Horretatako ari gara eskoletara joaten”.
Hain zuzen ere, ikastetxeak bisitatzeko ekimen horrek klubaren beste helburu garrantzitsu batean ere eragin dezake: emakumeen taldea sortzean. “Hurbildu da jendea, baina saiatu behar gara horiek bertan gera daitezen. Hori da gure borroka nagusienetako bat. Hor dabiltza neskak jo eta su lanean, ze taldea atera gura dute. Astean zehar gero eta jende gehiago ari da entrenatzen etortzen”, gehitu zuen Bilbaok.
Horiek dira euren helburu nagusiak, eta txikiagoak ere badituzten arren, horietan ari dira beharrean.