Auzokoa, Isibengo eta Musutruk tabernak, txapeldun
Gernikako Merkatari eta Ostalarien eta Zerbitzu Enpresen Elkarteak hirugarrenez antolatutako Gilda txapelketak baditu irabazleak. Gilda tradizionalaren saria Auzokoa Tabernak irabazi duen bitartean, gilda berritzailearen saria Isibengo Tabernarentzat izan da. Herri bozkaketako saria berriz, Musutruk Tabernak jaso du.
Iraileko azken asteburuetan jorratu da Gilda txapelketaren hirugarren edizioa Gernika-Lumon. Udalerriko ostalaritzari bizia ematea helburu duen txapelketa, aurten berritasunez josita etorri da gainera. Bi kategoriatan lehiatu dira aurten txapelketan izena eman duten tabernak: gilda tradizionala eta gilda berritzailea. Horrez gain, herri bozkaketaren saria ere banatu dute joan den barikuan egindako sari banaketan.
Gernika-Lumoko Industria kalean egin zuten sari banaketa, barikuan (urriak 4), 20:00etan. Gernikako Merkatari era Ostalarien eta Zerbitzu Enpresen Elkarteak nabarmendu duenez, epaimahaikideak bi sukaldari eta Gernika-Lumoko udaleko zinegotzi bat izan ziren. Gilda tradizional onenaren saria Auzokoa Tabernak jaso zuen. Gilda berritzaile onenarena berriz, Isibengo Tabernarentzat izan zen. Herri bozkaketaren saria ordea, Musutruk Tabernak jaso zuen. Gilda tradizionalaren eta berritzailearen kasuan, 150 euroko opari txartel bana, txapel bana eta Onda Vasca irratiko kanpaina bana irabazi zuten. Herri bozkaketaren sarituaren kasuan, berriz, 50 euroko opari txartela eta txapela bat jaso zuen.
Antolatzaileek balorazio “oso ona” egin dute azken edizioarekiko. Aditzera eman dutenez, tabernaz taberna galdetu dute nola joan den, eta guztien erantzunak ikusirik, hurrengo urtera begirako aldaketa eta berritasunak prest dituzte jada: “Aurtengo arrakasta ikusita, bi asteburu irauten dituen txapelketa izatetik, hilabete oso bat irautera pasatuko da Gilda txapelketa datorren urtean”. Txapelketa “gero eta jende gehiagok” ezagutzen duelarik, gildak tabernetan urte guztian egoten direlarik eta tabernak “oso gustora” daudelarik, beraien helburua argi lortzen dabiltzala azpimarratu dute: “Gure helburua Gernika-Lumo bizirik egotea da, herrian mugimendua egotea, eta jendearen erantzuna ikusirik, hori lortzen gabiltza”.