Olatz Arrizabalaga ez da 3 Hiruburuak torneoaren finalean egongo
Olatz Arrizabalagak eta Irati Zabalak 17 eta 22 galdu dute Goiuri Zabaletaren eta Nora Mendizabalen kontra, 3 Hiriburuak txapelketaren finalaurrekoan. Gernika-lumotarraren hurrengo helburu handia Lau eta Erdiko Txapelketa izango da.
3 Hiriburuak txapelketa, urte amaierara bidean, geltoki esnaguratsua zen Olatz Arrizabalaga pilotari gernika-lumotarrarentzat. Maila handiko parte hartzeagaz eta denetariko pilotalekuetan, ondo egokitzen zaion torneoa da; ez da kasualitatea bertan irabazi izana. Aurten, baina, aurrelaria ez da lehiaketaren finalean egongo. Izan ere, finalerdian kanporatuta geratu da iragan asteburuan.
Bilboko Esperantza frontoia maila handiko finalaurrekoen testigu izan zen, joan den domekan [urriak 6]. Udako Txapelketan garaipenaren atarian geratu ostean, finalerako toki bat lortu asmoz iritsi zen gernika-lumotarra, Irati Zabalagaz bikotea osatuta. Aurrez aurre izan zituzten arerioak, baina, ez ziren makalak: Goiuri Zabaleta, batetik; Nora Mendizabal, bestetik. Partidu gogorra zegoen aurreikusita, eta ez zen gutxiagorako izan. Bikoteetako batek ere ez zuen lortu markagailuan alde handirik egiterik. Zabaletak aurrealdean jokatzeko saiakera egin zuen, baina berehala kargutu zen hura, zerbait izatekotan, Arrizabalagaren joko eremua zela; beste horrenbeste pasatu zitzaion sake-erremate jokaldietan. Hala, Zabaletak eta Mendizabalek estrategia aldaketa egin zuten, eta jokoa kantxaren atzealdeko koadroetara kargatu.
17 eta 17ko markagailuaren ostean urrats bat aurrera eginda lortu dute 17 eta 22ko garaipena Zabaletak eta Mendizabalek
Zabalak, partidu aparta eginda ere, lanak eduki zituen aurkarien pilotakadak eroateko. Arrizabalaga, bere aldetik, ezin izan zen gura beste sartu jokoan, arerioek pilotak bere gainetik jaurtitzen baitzituzten. Urduritasunez beteriko norgehiagoka izan zen: bai kantxan agerikoa zen berdintasunagatik, bai finalera sailkatzeak sorrarazitako presioagatik. 17 eta 17ra arte, bi bikoteetako batek ere ez zuen aginte makila eskuetan eduki; biek egin zituzten jokaldi apartak, baita akatsak ere. Markagailu hartatik aurrera, baina, Zabaletak eta Mendizabalek azeleragailua puntutxo bat gehiago zapaldu zuten. Aurkarien huts batzuk probestuta, 17 eta 22koa eskuratu zuten: finalera sailkapena.
Olatz Arrizabalaga: “Galduta ere, badaude motiboak asebeteta egoteko”
Arrizabalaga, finaletik kanpo geratuta ere, “asebeteta” geratu da neurketagaz: “Hala esku, nola sasoi aldetik ondo ikusi dut neure burua, eta horrek konfiantza ematen dit etortzeko dauden txapelketetarako. Zabaletak eta Mendizabalek ondo asmatu dute ni jokotik ateratzen eta higadura guztia Zabalaren lepoan ipintzen. Partidu txukuna egin dugu, une batean ere ez da faborito argirik egon; beraz, galduta ere, badaude motiboak asebeteta egoteko”.
Finalari begira.
Gasteizek hartuko du 3 Hirirubuak txapelketaren finala, domekan [urriak 13]. Zabaletak eta Mendizabalek maila handiko aurkarien kontra neurtu beharko dituzte indarrak: Mirian Arraiza eta Enara Gaminde. Bikote horrek beste finalaurrekoan Madalen Etxegarai eta Uxue Oses 22 eta 12 menperatu ondoren lortu du finalerako txartela. Sasoiko eta indartsu ailegatuko dira, konfiantzaz gainezka. Arrizabalagaren ustez, Zabaletak eta Mendizabalek osatutakoa bikote “solidoagoa” da, baina, era berean, Gaminde moduko pilotari batek finala “hankaz gora jartzeko ahalmena” du.
“Lau eta Erdiko Txapelketa urte amaierako helburu nagusia da, eta eksu aldetik bikain iritsi gura dut bertara”
Aurrerantzean, gehienbat, Lau eta Erdiko Txapelketa ipiniko du fokua aurrelariak: “Urte amaierako helburu nagusia da, eta esku aldetik bikain iritsi gura dut bertara. Jokatzen ari naizen lehiaketa hauek denak prestakuntza aparta izaten ari dira; alde horretatik, sasoi puntu egokia hartzea espero dut, eta Lau eta Erdiko lehiara bete-betean iritsi ahal izatea”.